Zapato Azule Ondarroan

Itsasoaren urdina kaleetara igoko da

Euskal Herriko Kamiseten azoka eta Dinamartxa izango dira bihar Zapato Azuleko protagonistak. Euskal Herriko eta Ondarroako kamisetarik onenek sari bereziak jasoko dituzte

Jende ugari biltzen da urtero urdinez jantzita Ondarroako alde zaharrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ondarroa
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Bizkaiko kostaldeko herri txiki batean, urtean behin, larunbata urdinez janzten da. Tira, ez urdinez, azulez baizik. Azulak dira marinelen mahonezko jantzien koloreak. Eta herri horretan larunbata ere ez da, zapatua baizik. Hortik dator Zapato Azule.

Bihar ospatuko dute ondarroarrek XXI. Zapato Azule. Milaka pertsonak azulez tindatuko dituzte Ondarroako (Bizkaia) kaleak beste urte batez.

Antolatzaileek hainbat ekitaldi prestatu dituzte festaradoazenentzat: musika, haurrentzako jokoak, janaria eta giro ezin hobea. Baina, jaiaren ardatzean, ohiko moduan, Dinamartxa eta Euskal Herriko Kamiseta azoka egongo dira.

Festaren epizentroa Ondarroako alde zaharrean egongo da, Alai tabernaren inguruan. Bertara iritsiko dira Dinamartxako partaideak eguerdi aldean. Ondarroarren txalo zaparraden babesa jasoko dute kilometro askotako ibilbidea egin ostean.

Zubi zaharraren beste aldean egongo da, Latxanbre plazan, Euskal Herriko Kamiseta azoka. Giro lasaiagoa izango dute bertara biltzen direnek: postuetako kamisetak ikusi, probatu eta erosteko aukera izango dute. Ondarroako eta Euskal Herriko hogei taldek parte hartuko dute aurten. Irabazleek sari bereziak jasoko dituzte.

Parranda baino gehiago

Zapato Azulek istorio asko ditu, baita festako bi ekitaldi nagusiek ere.

Batetik, Dina Bilbao ondarroarraren omenez egiten dute Dinamartxa. Kirolzale amorratua zen Bilbao: bizikletan, mendian, arraunean... Denetan zen trebea.Ondarroan Dina Bilbao da kirolzaletasunaren ikurra. Duela 21 urte desagertu zen, itsasoan nabigatzen zebilela. Orduz geroztik, Dinamartxan omendu dute lagunek eta herritarrek. Bilbao Tolosan bizi izan zen urte askoan, eta martxak bi herriak lotzen ditu.

Gaur gauerdian irtengo da oinezkoen autobusa Ondarroatik Tolosara. Txangoa 01:00 aldera hasiko dute. Txirrindulariak 09:00etan abiatuko dira helmugara. Leire Egiguren Dinamartxaren antolatzaileak esan duenez, «mareak direla eta, aurten ez da igerilari talde ofizialik aterako Dinamartxan. Baina, beti bezala, giro aparta izango da». Bi taldeak bihar eguerdian iritsiko dira Ondarroako alde zaharrera. Herritarrek festa giroan egingo diete ongietorria Dinamartxetako parte hartzaileei.

Bestetik, alde zaharraren parean egongo da Euskal Herriko Kamiseta azoka, zubia pasatu eta berehala. Hogei taldek parte hartuko dute lehiaketan; beste talde batzuk ere izango dira azokan, baina lehiaketatik kanpo. Epaimahaiak bi irabazle aukeratuko ditu: Euskal Herriko kamisetarik onena eta Ondarroako kamisetarik onena. Bertaratzen direnek arropa markak, talde sozialak, kirol taldeak eta artisten markak aurkituko dituzte azokan, besteak beste. Radixu Irratiak ere parte hartuko du, Zapato Azuleren antolatzaileak. Herriko beste bost talde izango dira bertan: Yaahalah Elkartea, Epidemik, Danak Etxea, Ondarroa Arraun Elkartea eta Al-Khimiya. Kanpotik hamalau talde joango dira azokara. Horietatik lauk aurten lehenengo aldiz hartuko dute parte lehiaketan: Wannalua, Ez Kexa, Ibilaldia 2019 eta Puntutan Bertso denda. Azokak aukera ematen die taldeei euren proiektuak erakutsi eta diru pixka bat lortzeko.

Bihar eguerdian egingo du epaimahaiak sari banaketa. Irabazleek diploma bana eta marmolezko bola bana eskuratuko dituzte. Ondarroako erakusleihoen artean ere lehiaketa egingo dute: onenak halako bola bat jasoko du. Herriko marmolari batek egiten ditu garaikurrak urtero.

Txomin L. Aramaio festaren koordinatzaileak adierazi duenez, «Zapato Azule parrandagatik ezaguna den arren, ondarroar askorentzat hori baino gehiago da: urteko eguna».

Bolo-bolo aldizkariak antolatu zuen lehenengo Zapato Azule. Orain dela urte batzuk, herri aldizkariak lekukoa pasatu zion Radixu Irratiari. Festa, funtsean, aldizkaria finantzatzeko sortu zuten. Radixu Irratiak ere Zapato Azuletik lortzen ditu urteko diru-iturri nagusiak; Radixu irrati librea da, autogestioan oinarritua, eta Zapato Azule ere festa autogestionatua da.

Antolakuntza taldeko Aitor Alegriak esan du finantzaketa modu asko bilatzen saiatzen direla. Herriko elkarteen borondatea baliagarria da, tabernena, esaterako, baina diru laguntza ofizialik ez dute jasotzen. Festara gero eta jende gehiago joaten den arren, Zapato Azulek tinko mantendu du filosofia urte hauetan guztietan. 21 urte pasatu dira lehenengo Zapato Azuletik, eta aldaketa gutxi izan ditu festaren dinamikak.

Radixu Irratia zuzeneko emisioan egongo da bihar, Alai tabernaren gaineko balkoian. Urtero bezala, alde zaharreko festa girotuko dute; jende mordoa bilduko da bihar Ondarroan.

Baina, hogei Zapato Azule pasatu ostean, ondarroarrek argi dute: biharkoa ez da festa hutsa. Azula eta urdina bezala, desberdinak dira parranda eta urteko egunik garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.