Olaia Urtiaga. Euskadi Irratiko kazetaria

«Hiru orduko magazin berritzaile bat egiteko eskatu digute»

Urtiagak 'Baipasa' magazin berria gidatuko du asteartetik aurrera, 16:00etatik 19:00etara. Lehen orduetan entretenimendua gailenduko da, eta azken orduan albistegirantz joango dela iragarri du esatariak.

EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
EITBn hasi aurretik, Tele Donostin lau urte egin zituen Olaia Urtiagak (Donostia, 1983). ETBko hainbat informazio saio aurkeztu zituen zortzi urtez. EITBko irratietako lan deialdi publikoan postua atera zuen duela lau urte eta erdi, eta orduz geroztik Euskadi Irratian ari da.

Nola hartu duzu Hiri Gorrian eta Mezularia saioei lekukoa hartzeko erronka?

Gogotsu, bertigoz, egunaren arabera eta orduaren arabera. Erronka handia da, hiru orduko magazina delako, baina oso lantalde ona daukat, eta horrek lasaitasuna ematen dit.

Zergatik Baipasa izena?

Buelta asko eman dizkiogu izenari. Euskaltzaindiak onartu dituen azkeneko hitzei begira aritu ginen. Bypass hitza zegoela ikusi genuen. Guk nahi genuen gure hitzak zubi lana adieraztea, bideak ere bai. Bypass hitzak adiera asko ditu, eta zerbait errazten du. Euskaraz idaztea pentsatu genuen, nolabait, «bai, pasa gure saiora» esateko.

Nolakoa izango da magazina?

Hiru ordukoa denez, denetarik izango du. Lehen orduetan entretenimendutik egindako saioa izaten saiatuko gara, eta azkeneko orduan albistegirantz joango gara. 19:00etan albistegia hasten da, eta horri ere bide emango diogu.

Lantaldean Maider Segurola, Tere Beloki, Juanjo Sanmigel, Xiker Esnal eta Unai Iradi arituko dira. Bakoitzak emango du beretik, ezta?

Bai. Bakoitzaren esparruak lagunduko digu saioa osatzen. Juanjo Sanmigel, adibidez, erreferente bat da nazioarteko informazioan, eta, hari esker, nazioarteari begira jarriko gara. 30 urtez aritu da albistegietan, eta baiezkoa eman dio magazin batean aritzeari. Segurola magazinetako gure ahotsetako bat da; Belokik eskarmentua du; Iradiren gaztetasuna beharko dugu; eta Esnal Madrilen aritu izan da berriemaile. Dena kokteleran sartuta, interesgarria izango da aterako den zukua.

Hiri gorrian saioan entzuten ziren kolaboratzaileak ere agertuko al dira Baipasa-n?

Bai, Hiri gorrian-eko agur saioan, kimikari batek esan zuen gauzak ez direla desagertzen, baizik eta atomoak beste zerbait bilakatzen direla. Metafora hori polita iruditzen zait. Hiri gorrian marka bat izan da, eta pena litzateke bertako kolaboratzaileak galtzea.

Entzuleekin ere komunikazioan arituko zarete?

Bai, gaur egun ezin zaio entzuleek nahi dutenari bizkarra eman. Sare sozialak begiratuko ditugu, eta entzuleek bidaltzen dituzten mezuei eta kexei ahotsa emango diegu. Eta kalean ere egongo gara.

Ipar Euskal Herrian ere bai?

Bai, noski. Eduki bat ixten ari gara datorren astean Ipar Euskal Herritik egiteko. Saiakera bat egin behar dugu Euskal Herriaren aniztasuna adierazteko.

Saioaren egitura itxia da, ala asteek aurrera egin ahala joango zarete aldaketak sartuz?

Polita litzateke gehiegi ez aldatzea, horrek esan nahiko bailuke apustuarekin asmatu dugula. Baina probalekua ere izan behar dugu. Urtarrilean zer garen gauza bat da, martxoan beste zerbait bilakatzen hasiko gara, eta ziurrenik ekainean gure nortasuna finkatuago egongo da.

EITBko irratietako zuzendaritzatik zer agindu edo gomendio jaso duzu saioari begira?

Proposamena izan da, eta hiru orduko magazin berritzaile bat izatea eskatu digute. Saiatuko gara horretan, nahiz eta gauza berritzaileak asmatzea oso-oso zaila den. Saio bakoitzean egongo da zerbait berritzailea edo kontatzeko era desberdina duena. Saio entretenigarri bat egitea da asmoa, betiere informatuz.

Euskadi Irratiak 100.000 entzuleren bueltan ditu. Gazteengana iristeko ahaleginetan ari zarete?

Bai. Oso entzule fidelak ditugu, soslai oso fidelekoak, eta jende gaztea harrapatzea kostatu egiten da. Irrati guztien erronketako bat da hori. Dena den, gure entzule fidelak zaintzen jarraitu behar dugu. Goazen dakigun hori egitera eta berritzen saiatzera; ez dakit entzuleek zerbait oso erradikala nahi duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.