Orbainak ixteko ahalegin amaigabea

Julien Baker, bi diskorekin, indie-folkaren ordezkari laudatuenetako bat bilakatu zen, eta, 'Little Oblivions'-ekin, popari eta instrumentazio oparoago bati ireki dizkie ateak. Barne zauriak behingoz itxi nahian.

Eten bat egin zuen Bakerrek disko berria grabatu aurretik. ALYSSE GAFKJEN.
mikel lizarralde
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
«Nekatuta nago orbainak biltzeaz». Little Oblivions bere hirugarren diskoko azken kantuko (Ziptie) esaldi horrek laburbil lezake, gutxi-asko, Julien Baker musikari estatubatuarraren azken lanaren barne izpiritua. Orbainak pilatuz joan da Baker azken urteetan, eta horien lagin zabala aurkituko du Little Oblivions-en erraietan sartzen denak: «Neure burua kolpatzen dut odoletan jarri arte/ eta lehen lerroko eserleku bat ematen dizut» (Ringside), «Zer eskubide zenuen ni hiltzen ez uzteko?» (Favor) «Barkamena eskatzen hasiko naiz/ suntsituko ditudan etorkizuneko gauza guztiengatik» (Hardline)... Orbainak asko, baina baita haiek ixteko asmo irmo bat ere, nahiz eta jakin ez dela erraza izango: «Borrokatzeko arrazoi bat bilatzen segitzen dut» (Ziptie).

[youtube]https://youtu.be/6pGBIAiJPF4[/youtube]

Julien Rose Bakerrek (Germantown, AEB, 1995) Sprained Ankle (2015) bere estreinako diskoarekin erakarri zuen kritikaren arreta, folkaren eta indie-poparen artean mugitzen zen proposamen soil baina, era berean, intentsitate handikoarekin. Ez alferrik, gitarra eta piano hutsez lagunduta gehienetan, Bakerrek lehen disko hartatik erakutsi zuen bere sentimendu eta min guztiak —apurketa emozionalak, min psikiko eta fisikoak, bakardadea— azaleratzeko gogo sendo bat.

Oso modu xumean argitaratu arren —lehenengo bandcampen bakarrik—, disko hura urte amaierako zerrenda askotan sartu zen, eta Turn Out the Lights (2017) bigarrena grabatzeko baliabide gehiago izan zituen, nahiz eta oinarrian, konponketa dotoreagoak izan arren, kantu berriak ez ziren aldentzen estreinakoaren ildo barnerakoitik.

2018an Bakerrek Boygenius taldea sortu zuen Phoebe Bridgers and Lucy Dacusekin, eta haiekin grabatu eta bira bat egin ostean, krisi larri bat izan zuen. Une batez albo batera egiteko beharra ikusi zuen, eta unibertsitatera itzuli zen. «Uste dut beharrezkoa nuela. Ezingo nuen kantugile ona izan, edo beste disko on bat egin une batez gelditu gabe», aitortu du kantariak. Garai horretan, ordura arte bere bizitzari lotuta egon ziren drogei bizkarra eman zien, baita txikitatik oso gertu izan zituen erlijio sinesmenei ere, eta «azalberrituta» ekin zion Little Oblivions disko berriaren grabazioari.

Azken disko horrek erakusten du Baker bide berriak zapaltzeko gogoz dagoela. Jarraitzen du barrura begiratzen, baina musikalki ireki egin du begirada, bere musikan beste tresna eta sonoritateei lekua egin dien modu berean. Hardline sintetizadoreekin eta erritmoa markatzen duen bateriarekin hasten den unean bertan antzematen da Little Oblivions Bakerren pop diskoa dela. Heatwave-k badu dream-pop ukitu bat, Repeat-en oinarri elektroniko baten gainean abesten du kantariak, eta Ringside inoiz konposatu duen melodiarik epikoena izan liteke. Guztiek erakusten dituzte musikariaren aurreko diskoetan ageri ez ziren ildoak, baita piano huts batekin kantatzen duenean ere (Song in E).

[youtube]https://youtu.be/A-wkOknGl1c[/youtube]

Orbainak ixten segitzen du Bakerrek, baina inoiz baino tresna gehiago ditu horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.