Mende bete borroka

Garaian garaiko egoera sozial eta politikoa jaso duten kantuen moldaketak bildu ditu The Specials taldeak 'Protest Songs 1924-2012' diskoan. Erradiografia bat hamabi piezatan.

Terry Hale, Lynval Golding eta Horace Panter, The Specials taldeko kideak. BERRIA.
mikel lizarralde
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Erraietan eta zainetan eraman izan du The Specials taldeak inguruari begiratzeko nahia. Coventryn (Ingalaterra) sortu zen taldea, 1977an, ska revival mugimenduari lotuta; hasieratik erakutsi zuen arrazakeriaren aurkako jarrera argia, eta hastapenetako doinu alai eta biziak A Message to You Rudy-ren moldaketa, (Dawning of A) New Era...— atzean utzi zituenean ere, ez zion utzi kantua eraldaketarako eta borroka tresna gisa erabiltzeari, denborarekin ikur bihurtutako Ghost Town kantuak (1981) erakutsi zuen moduan.

Berrogei urte igaro dira ordudanik, eta The Specials ez da jada banda hura bera. Aspaldi joan ziren kide batzuk; itzuli ziren beste batzuk, eta hasierako hiru kidek gidatzen dute egun taldea: Terry Hall abeslariak, Lynval Golding gitarristak eta Horace Panter baxu joleak, nahiz eta beste bederatzi lagunek osatu taldea. Ez da aldatu, ordea, taldearen begirada, Protest Songs 1924-2012 disko kaleratu berriak erakusten duenez.

Izenburuak berak dioen bezala, ia mende bateko epean idatzitako hamabi kanturen moldaketak bildu ditu taldeak. Aldez edo moldez, egoera politiko eta soziala erretratatu edo jomugan jarri duten piezak guztiak ere. «2020a itxaropenez hasi genuen, baina erabat galduta bukatu genuen. Eta gero etorri ziren paranoia eta protesta handiak, batez ere George Floyden hilketaren ondoren...», azaldu dute taldekideek proiektuaren sorburua azaltzeko. «Ikusita ezin genuela lan egin ohiko moduan, iruditu zitzaigun egin genezakeela azken ehun urteetako protesta kantuen zerrenda bat».

Azkenean, hamabi bertsio bildu dituzte diskoan; horien artean Bob Marleyk eta Peter Toshek The Wailersentzat idatzitako Get Up, Stand Up ereserkiaren moldaketa folk bat, Staple Singersek 1965ean kaleratutako Freedom Highway —afro-amerikarren eskubideen aldekoa— eta Big Bill Broonzyk 1947an grabatutako Black, Brown and White —hori ere arraza diskriminazioaren aurkako ereserki bilakatutakoa—.

Protest Songs 1924-2012-n jasotako kanturik zaharrena Ain't Gonna Let Nobody Turn Us Around da, Dixie Jubilee Singersek 1924an grabatutako kantu espiritual zahar bat, eta berriena, aldiz, Fuck All The Perfect People; Chip Taylorrek 2012an argitaratu zuen, eta The Specialsek errespetu erabatekoz moldatu du.

Sorpresak ere baditu diskoak, Talking Headsen Listening Wind eta Leonard Cohenen Everybody Knows, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.