PROPOSAMENAK

Askotariko ondarea

Getxon gune naturalak eta monumentalak ikus daitezke. Itsaslabarren ibilbidea egin daiteke, eta Galean txori mota asko ikusteko aukera dago

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Itsasadarraren parean dago, eta itsaslabarrez jositako kostalde batek inguratzen du Getxo (Bizkaia). Ondare natural oparoa du horrenbestez, eta gune horiekin egiten dute bat baita zenbait egitura arkitektonikok ere. Algortako Portu Zaharra da toki horietako bat: hango harrizko egiturak eta eraikin zaharrak atzean utzi, eta itsasoaren pareko ibilbide berrira heltzen da ibiltaria; urari jarraituta, inoizko lehen zubi transbordadorea ikusteko aukera izango du, XIX. mende bukaeran sortutako Bizkaiko Zubia, hain zuzen.

Getxoko eta inguruko interesguneetako batzuk ibilbide berean bisitatu daitezke, norberaren kabuz, edo itzuli turistiko bat kontratatuz. Getxoko Turismo Sailaren webguneak horietako hainbat proposatzen ditu. Esaterako, Free Spirit Bilbao enpresak Bizi Tour ibilbidea eskaintzen du. 50 euroko kostua du, eta bizikletaz igarotzen da herriko monumentuetatik, txoko historikoetatik eta kostaldetik. Tokien inguruko informazioa ere ematen die parte hartzaileei gida batek.

Hain justu, Bizkaiko Zubia da ibilbideko lehen geralekuetako bat. Haren historia xehatu, eta Unescok Gizateriaren Ondare izendatzeko arrazoiak aletzen dituzte. Ondoren, itsasadarrari jarraikiz, jauregi arkitekturako eraikin adierazgarrienak eta kostaldeko ohiko jarduerak erakusten dira. Portu Zaharrera heltzen da ondoren, eta geldialdi bat egiten du, inguruko tabernetako pintxoak dastatzeko.

Kostaldeko bideari heltzen dio hurrena. Getxoko punturik garaiena den Galeatik hasten da itsaslabarren ibilbidea; handik Bizkaiko Badiaren panoramikaz gozatu daiteke. Horrez gain, zenbait monumentu ikusteko aukera ere badago: Aixerrotako errota eta Galeako gotorlekua.

Animalien atsedenlekua

Ibilbideko tokiak aparte bisitatu daitezke, itzulirik kontratatu beharrik gabe. Esaterako, Galean hegaztiak begiratzeko aukera ere badago. Hala nola ihi txoriak, pitxartxar burubeltzak eta txinbo burubeltzak bistaratu daitezke, baita migrazioan atseden hartzen dutenak ere.

Hegaztiak daude, orobat, Bolueko hezegunean. Hamabi hektarea ditu, eta Gobela ibaiaren eta Berangoren artean dago. Europako uroilanda handia eta uroilanda pikarta ikus daitezke han, eta, hegaztiak nagusi diren arren, bestelako animaliak ere egoten dira: arrain hiruarantza, apo arrunta eta uhandre palmatua, besteak beste. Florari dagokionez, lezka gailentzen da, baina sahatsak, haltzak, lizarrak eta intsusak ere hazten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.