Musika

Lamarren zor kitatzea

Bost urteren ostean, Kendrick Lamar hip-hop izarrak disko bikoitza kaleratu du: 'Mr. Morale & The Big Steppers'. Indarkeria ahoskatu, eta bere buruarekin bakeak egin nahi izan ditu.

Kendrick Lamar rap abeslaria, 2019. urtean, Santiagon emandako kontzertu batean, Txilen. ALBERTO VALDES / FOKU.
itziar ugarte irizar
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Begirada sarkorrago batekin itzuli da, biluziago duela kantua. Bost urte dira DAMN lanak Kendrick Lamarren izena hip-hoparen eremuan are indar handiagoz finkatu zela, eta zazpi urte haren aurrekari ez hutsal izan zen To Pimp a Butterfly diskotik. Ikusmina zegoen, beraz, zer berri ekarriko zuen estatubatuarrak, eta, publikatu eta berehala, asteko diskoen zerrenda ugaritan sartu da aise lan berria: Mr. Morale & The Big Steppers disko bikoitza, zeina inguratzen duten askotariko deabruei aurrez aurre begiratzeko modu bat izan den, egilearen arabera.

XXI. mendeko hip-hoparen figura da askorentzat Lamarrena. Maxima tonu horren oihartzunak bilduta zabaldu da haren izena azken urteetan, ez soilik musikaren arloan. Erreferentetzat dute AEBetako zenbait girotan, eta, gaur-gaurkoz, bera da Pulitzer sari bat jaso duen rap kantari bakarra.

1987an jaio zen, Comptonen, Kalifornian, eta garrantzia du datuak, hura baita hip-hoparen historiako eremu gorietako bat, eta artistaren eraginak —soula, jazza, hip-hop tradizionala— ulertzeko gakoetako bat. Arrazakeriak eta bestelako indarkeriek markatutako auzune batean hazi zen, eta betitik kantatu dio errealitate horri —mugarri da horretan 2012ko Good Kid, M.A.A.D. City diskoan egindako errepaso historikoa—.

«Nire egunen zatirik handiena pentsamendu iheskorrekin igarotzen dut. Maitasunak, galerak eta oinazeak nire erosotasun eremua astindu dute, baina jainkoaren bristadek nire musikaren eta nire familiaren bitartez hitz egiten dute». Disko berrian lanean ari zela iragartzearekin bat zabaldu zuen mezu hori Lamarrek, eta The Heart Part 5 pieza sareratu zuen aurrerapen gisa, Marvin Gayen sample batean oinarrituta eta bere bizitzaren gaineko autokritika kutsuduna. Hori baita, hain justu, Mr.Morale eta The Big Steppers-en ardatz iraunkorrenetako bat: azken bost urteetan gertatu zaizkion eta pentsatu dituen guztiekiko kargu hartze bat egin duela. Hots: ospea, terapia, sortzeko ezintasuna, aitatasuna, bikotekidearekiko leialtasun eza, sexuarekiko grina, komunitate afro-amerikarrarekiko indarkeria, bortizkeria matxista, mea culpa-k, kapitalismoaren atzaparrak, kantzelazioaren kulturarekiko arbuioa, eta beste. Sortu du polemikarik lanak —«hainbeste puta hartu nituen objektutzat, haien konfiantza hiltzera arte» bezalako esanengatik—, baina, oro har, zintzotasuna txalotu dio kritikak.

Aparraren azpiak

Esanguratsuak dira lana irekitzen duten hitzak, arrakastaren aparraz eta azpiez ari den United in Grief kantukoak: «Espero dut topatuko duzula buru-bakea bizitza honetan». Piano pasarte soilen, erritmo bizien eta funk zein jazz ukituen artean dabil, eta halaxe datoz Big Steppers lehen diskoko beste zenbait ale ere. Horien artean, bikote baten eztabaida gordina du oinarri, esaterako, We Cry Together kantuak; zeinetan Taylour Paige aktoreak «zu [zara] Harvey Weinsteinek bere ondorioa ikusi behar izanaren arrazoia» bezalako esaldiak oihukatzen dizkion Lamarri. Kolaboratzaileen artean daude, halaber, Sampha, Blxst, Amanda Reifer, Kodak Black eta Tanna Leone.

Erritmo eten, giro hertsi eta aitortza gordinak dakartza Mr. Morale bigarren diskoak. Kontrastea eragiten du azken aldera Mother I Sober-ek; piano eta oinarri hauskor baten gainean, bere ingurukoek jasandako indarkeria sexuala aletu baitu bertan Lamarrek, Beth Gibbonsekin elkarrizketan (Portishead). Eta kontrastea dakar lana ixten duen Mirror-ek ere, entzunaldi osoaren gorputzaldi mikatza egurats tropikalez arindu nahiko balu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.