Derbia, Bera Berarentzat

Donostiako taldeak lidergoa sendotu du, Zuazori irabazita: 30-27. Partida parekatua izan da

Bera Beraren eta Zuazoren arteko partidako irudi bat. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Derbiak beti dira partida bereziak, eta lehia irekiak eta estuak izateko osagai guztiak izaten dituzte. Hala izan zen atzo ere. Zuazok estu hartu zuen Bera Bera, Espainiako Ligako zortzigarren jardunaldian, eta buruhauste galantak eman zizkion. Azkenean, Donostiako taldea nagusitu zen, behetik gora eginda: 30-27. Modu horretara, lider sendo jarraitzen dute, orain arteko neurketa guztiak irabazita.

Zuazok ezustekoa eman nahi zuen atzo Bera Beraren etxean, eta asmo hori berretsi zuen lehen minututik. Teorian faborito zen Donostiako taldea, baina kantxan edozer gerta litekeela erakustera atera ziren bizkaitarrak, joan den astean lortutako garaipenak hauspotuta; azken uneraino ahalegindu ziren, baina azkenean ezin izan zuten punturik arrantzatu.

Ondo planteatu zuen neurketa Joseba Rodriguezen taldeak. Intentsitatea jarri zioten partidari, eta eroso sumatzen zen defentsan eta erasoan. Barrutik ondo bilatzen ari zen pibotea, eta hegaletatik ere min egiten ari zen. Magdalena Fernandez-Agusti eta Izei Permach nabarmendu ziren: bakoitzak zazpina gol sartu zituen atzo Zuazorentzat. Bera Bera, berriz, nahi eta ezinean zebilen. Defentsan ahul xamar, eta erasoan jokoa ondo josi ezinda. Horren ordez, banakako jokaldiak baliatu zituzten aurkariaren defentsa zulatzeko. Defentsarako trantsizioa ondo egiten ari den Bizkaiko taldea, eta kontraerasoan ere ez zuen asmatzen Bera Berak. Horiek horrela, Zuazo markagailuan aurretik joan zen lehen zati osoan, nahiz eta aldea inoiz ez izan hiru goletik gorakoa. 15-17 iritsi ziren atsedenaldira.

Halako neurketak dira, ordea, talde handiak aurrera ateratzeko gai direnak. Eta Bera Berak erakutsi zuen zerbaitegatik dela lider. Ez zen urduri jarri, eta partidari buelta eman zion bigarren zatian. 0-4ko partzialarekin markagailuan aurretik jarri zen, eta defentsako lana indartu zuen. Horren erakusle da golik sartu gabe egon zela Zuazo lehen zortzi minutuetan. Suspertu egin zen Donostiako taldea, eta beste arrisku zantzu batekin iristen hasi zen; Mariane Fernandesen eta Cristina Polonioren golek bestelako itxura bat eman zioten neurketari.

Ez zuen amore eman Zuazok, eta lanean jarraitu zuen. Partidan sartuta jarraitzen zuten jokalariek, eta ez zioten ihes egiten utzi Bera Berari. Hala, neurketa irekita iritsi ziren azken txanpara. Lau minuturen faltan, gol baten aldea zuen soilik etxeko taldeak. Bera Berak, baina, ondo kudeatu zituen azken minutuak, eta ez zuen askorik sufritu lehia irabazteko. Beraz, etxean geratu ziren puntuak.

Hurrengoa, asteazkenean

Datorren asteazkenean jokatuko dute bi taldeek ligako bederatzigarren jardunaldia. Bera Berak Atletico Guardes bisitatuko du (20:45). Zuazok, berriz, etxean jokatuko du, Rocasaren aurka (20:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.