Luis Martorell. Marrazkilaria eta ilustratzailea

«Oraingo bideojokoak eta telesailak dira garai bateko komikiak»

Komikiaren «urrezko aroan» fanzineak sortu zituen, baina publizitatea izan du ogibide nagusi. Teknologia berrien alde egin du marraztean: «Komeni zaidan guzia erabiltzen dut».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Arkatza eta papera bidelagun izan ditu bizitza osoan, baina beti heldu die marrazketa prozesua erraztu edo hobetu zezaketen aurrerapen teknologikoei. Publizitatean ilustratzaile lanetan aritu da Luis Martorell (Bera, Nafarroa, 1952), baina komiki marrazkilari ere izan da, batez ere lanorduetatik kanpo. Garaietara egokitu da: 1970-1980ko urteetako fanzineak eta protesta kartelak lehenik; 3D eta adimen artifiziala azkenik. Ibilbide hori atzera begirako erakusketa batean bildu du, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Ziudadelan bizi izan zinen txikitan. Bitxia da hori, ezta?

Nire aita militarra zen. Militarra izanagatik ere, gobernuaren kontrakoa zen, protesta egiten zuten karlista horietakoa. Ekonomatuan ibiltzen zen, baratzeak zituen Ziudadelan... baina gero nekatu zen, eta alde egin zuen. Azkenean, Donibane auzora etorri ginen, eta denda ireki genuen. Ziudadelan hamar urte inguru egon ginen.

Nolakoa zen Ziudadelako bizimodua?

Artilleria, infanteria eta ingeniariak zeuden, eta, gainerakoan, militarren etxebizitzak. Baziren behiak, zaldiak, ogia egiten zen... Herri bat zen Iruñe barnean. Harresietako baso txikietan jostatzen ginen. Zinema ere bazegoen, hipika, igerilekua...

Txikitan marrazten zenuen?

Edozein haurri arkatz bat ematen badiozu, badu jostailua. OHOko eskoletan beti marrazten nuen koaderno izkinetan. Marrazketa linealean, 10 urterekin, Lozano de Sotes nuen irakasle, kartel egile ezaguna. Koadernoetako marrazkiei ere nota jartzen zien. Lanbide eta Arte Eskolara joan nintzen gero, eta handik Bartzelonara, Arte Ederren Eskolara.

Aldaketa handia izan zen Iruñetik Bartzelonara joatea?

Bai, hemen akuarela pintzelak agindu behar nituen dendan, eta Bartzelonatik ekartzen zituzten. Hilabete behar izaten zen. Tinta txinatarra, Pelikan eta papera ere handik ekartzen zizkidaten. Bartzelonan denetarik zegoen, eta hiri irekiagoa zen. Kultura bizi-bizi zegoen, antzoki eta talde asko zeuden, Serrat...eta LGTBI komunitatea ikusten zen kalean.

Noiz itzuli zinen Iruñera?

Soldaduska tokatu zitzaidanean. Orduan publizitate agentzia batean hasi nintzen lanean.

Nondik heldu zaizu marrazketarekiko zaletasuna?

Betidanik. Kioskoan astero erosten genituen komikiak eta kromo bildumak. Ikasketetan ez nintzen oso ona, gainera. Argi nuen komikiak egin nahi nituela. Edozer antolatzen zela, marrazten zekienari eskatzen zioten, eta hori gertatu zitzaidan hemen auzo elkartearekin, eta Bartzelonan kartel aldarrikatzaile bat egin behar zenean.

Gisa horretako kartel asko egiten ziren orduan?

Politikari loturik baldin bazegoen, ezkutuan egin behar ziren. Bartzelonan komiki bat egin nuen emakumeei buruz. Simplemente Maria deitutako irratsaio bat bazen, aholku emateko emakumeei. Auzokide taldearekin Simplemente mujer komikia atera genuen irratsaioa parodiatuz. Kontrazepzio metodoak aldarrikatzen genituen, debekaturik baitzeuden, baita lege kontuak ere: emakumeen botoa eta abar.

Garai hartan, Muthiko Alaiak peñarentzat ere kartel bat egin zenuen. Zentsuratu zuten?

Muthiko Alaiak peñak hitzaldiak antolatzen zituen hilero. Emakumeei buruzkoa zen horietako bat; Diario 16 aldizkariko Alicia Rivasek eman behar zuen, baina debekatu zuten. Kartelean zentsuratuta jarri genuen. Kartel bakarra egiten zen, iragarki taularako. Karrikan ezin zen paratu, baina hura Diario 16-en agertu zen.

Zerk bultzatu zintuen gai sozialak lantzera?

Hori familiatik heldu zait. Aita beti borrokalaria izan zen, eta gu ere bai. Auzo elkartean aritu nintzen denbora luzez Vaguada eskatzen, Sanduzelaiko pasabidean autoak behetik joateko eskatzen, Azuelo plazan zinema ematen...

Herri mugimenduentzako kartelak dohainik egiten zenituen?

Bai, noski. Publizitate agentziakoaz eta nire kabuz egindakoaz aparte, gainerakoa dohainik egin dut. Publizitate agentzian ari nintzela hasi nintzen El otro lado de la ventana-rekin, komiki-marrazkilari lana bilatzeko. Pamielarekin eraman genuen Bartzelonara. Fotolitoak eta fotomekanikoak nola zebiltzan banekien, etagogoa nuen, horregatik erori nintzen hainbeste lekutan. Hamelin fanzinea egin genuen Pedro Oses, Joaquin Resano eta hirurok.

Zerk erakartzen zintuen fanzineetatik eta komikietatik?

Frikiak ginen, komiki bilduma egiten genuen, eta konferentzietara joaten ginen.

Komikiak prestigioa zuen garai hartan?

Komikia gailurrean zegoen: urrezko aroa izan zen 1980ko hamarkada. Garai horretakoak ziren El Víbora, Metal Hurlant... eta, batez ere, inportazio handia egin zen Frantziatik, oso abangoardista baitzen: Glenat, Asterix... amerikarren Marvel, italiarrak ere bai... Orain manga dago, baina hemen komiki askorik ez dago.

Zergatik gertatu da hori?

Garaiak aldatu direlako. Oraingo bideojokoak eta telesailak dira garai bateko komikiak. Are, komiki marrazkilari asko bideojoko ilustratzaile dira orain.

Nolakoa izan zen fanzineen garai hura?

Bartzelonatik etorri nintzen, eta handik bi urtera Hamelin muntatu genuen. Bi urtez iraun zuen, eta hilero ateratzen genuen. Lehenbiziko TMEO aldizkaria Pamielaren bulegoan muntatu genuen; ni han nintzen, eta retromasterra nuen; argi mahaia genuen fotolitoak muntatzeko. Koloretan ateratzen genuen, baina banaketa eskuz egiten genuen, fotomekanikarekin. TMEO-k dezente eboluzionatu zuen; hor konplot moduko bat egon zen, eta Gasteizera pasatu zen. Hasieran geundenok utzi egin genuen, ez ziolako jarraitu guk nahi genuen ildoari.

TMEO-eta zertarako sortu zenituzten?

Komikia sustatu nahi genuen, eta auzoa biziberritu. Zenbaki berri bakoitza aurkezteko, besta bat egiten genuen. Hasieran, diru pixka bat aurreratu genuen, baina gero, errentagarria izateko, zera egiten genuen: taberna edo denda baten iragarkia sartzen genuen, eta inbertitutakoa berreskuratzeko adina ale ematen genizkion. Sistema horrekin, 7.000 ale ere kaleratu izan genituen. Zain egoteko leku guzietan zegoen TMEO.

Nola aldatu zen TMEO-ren filosofia? Zein izan zen arazoa?

Talde batek komertzial egin nahi zuen, eta hortik bizi; guk bide beretik jarraitu nahi genuen: inon publikatzen ez zutenen lana argitaratu, eta, zerbait ateratzen zenean, dirua hobekuntzetan edo aurkezpen jaialdiren batean gastatu. Ez dago gaizki hortik dirua ateratzea, baina ez zen gure eredua.

Erakusleiho bat zen, beraz?

Bai, noski; komikiarekin badirudi irabazten dela, baina marrazkilari asko daude oso argitalpen gutxirako. Gauza askoren truke ez duzu sosik irabazten. Ikusten zaituzte, eta hori ere ongi dago.

Bizi izan zara komikitik?

Komikiak argitaratu ditut, baina ez naiz inoiz bizi izan komikitik; publizitatetik bai.

Publizitate lanak gogobetetzen zintuen?

Bai, hor ikasi nuen gehien. Hamar urte egin nituen publizitate agentzian, eta guk eramaten genituen Nafarroako Aurrezki Kutxa, Sadar, udalaren iragarkiak...

Nolakoa zen lan hori?

Ilustratzailea nintzen; beraz, mandatuen mutila nintzen. Publizitate liburuekin erakusten zidaten estiloa, eta haiek nahi zutena egiten nuen. Nik inoiz ez dut neure burua artistatzat eduki; ni profesional bat izan naiz. Beste pertsona batek nahi zuena egiten nuen.

Bazenuen aukerarik sortzeko?

Batez ere Nafarroako Aurrezki Kutxan. Hor, gai bat eman, zirriborroa egin, eta libre antzean aritzen nintzen. Gainerakoetan, ez; normalena zen etengabe zuzentzen ibili behar izatea.

Teknologia berriak agertu ahala beldurrik gabe heldu diezu?

Agentzian nintzela, Spectrum bat eskuratu nuen anaia batekin, lehenbiziko ordenagailu pertsonala-edo. Pantaila telebistaren monitorea zen. Gero, ETBn egon ginen beste ordenagailu batzuekin:Comodore Amigas.

Kostatu zaizu etengabe eguneratzen ibili behar izatea?

Ni saltsero bat naiz. Ekarpena egiten duen zerbait berria ateratzen denean, gustatzen zait probatzea. Edozein alorretan egiten den bezala, ezta? Kontua da hemen aurrerapausoak oso bortitzak direla. Ez duzu eskua baztertzen, baina ordenagailuak lana errazten du. Zer argazkilarik lan eginen luke orain negatibo kimikoarekin? Hori nostalgia kontu batengatik izan daiteke. Ados, badu zerbait, bai, baina erromantikoagoa da praktikoa baino.

Abantailak ikusten dizkiozu teknologiari?

Bai, baina alde txarrak ere baditu.

Zeintzuk dira alde txarrak?

Adimen artifizialak sare osoa erabiltzen du: jendearen ekarpen guziak xurgatzen ditu. Baina ez gaitezen engaina; guk ere xurgatzen dugu gainerakoena. Eskolara zertara zoaz? Besteen jakintzak xurgatzera. Kontua da zuk gauzak egin dituzula saltzeko eta horretaz bizi zara, eta, gero, Google, Amazon edo halako beste enpresek software bat sortzen dute zure ekarpen guziaz baliatzen dena, eta haiek aberasten dira.

Eta alde ona zein da?

Lana errazten du. Marrazten ikastea asko kostatzen da: bizitza oso bat behar duzu. Gerta daiteke gauza bat: marrazki bat nahi baduzu, marrazkilariak nahi duzun marrazkia egiten dizu. Orain, software batek egin diezazuke.

Ordezkapen hori gerta liteke?

Aukera berriak ere sortuko dira. Ez dut uste batak bestearen lekua hartuko duenik. Kalkulagailuak ez ditu matematikariak desagerrarazi; kontrakoa, gehiago daude, lan zamatsuena kendu dutelako. Hori bai, lanbide horretako jende asko eroriko da bidean.

Zuk zertarako erabiltzen duzu adimen artifiziala?

Nik komeni zaidan guztia erabiltzen dut: errazen egiten zaidana eta emaitzarik onena ematen duena.

Adimen artifizialak zer ekarpen egin diezaioke marrazkiari?

Lan gogorrena kentzen dizu. Orain, zirriborro liburu batekin ari naiz. Zirriborroa polita da, originala, baina gero adimen artifizialak ematen dion maila profesionala eta bestelako ehundurak eta gauzak ez ditut lortzen eskuz. Bestela astebete kostako litzaidakeena goiz batean egin dezaket.

Arkatza bazter utzi izan duzu?

Inoiz ez. Aerografoa utzi nuen, gogaikarria baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.