Maite Bidarte. Naiz irratiko 'Bideokluba' saioko esataria

«Ez nago ados zinema krisian dagoela esaten dutenekin»

Naiz irratiak ostegunero ematen die lekua zinemari eta telesailei 'Bideokluba' saioan. Irratiko webgunean ere entzun daitezke atal guztiak. Zinemaz asko dakien jendeaz inguratu da Bidarte gidaria.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Info7n aritu zen aurretik, eta Naiz irratia sortu zenetik bertan ari da lanean Maite Bidarte (Lesaka, Nafarroa, 1985). Irratiaren kanpo ekoizpeneko arduraduna da.

Euskal Herriko ia bideoklub guztiak itxi dituzte jada. Zerbait vintage al da irratsaioa?

Ez, ez da zerbait vintage. Baina bideoklubei buruz jendeari galdetu diodanean oroitzapen onak etortzen zaizkio. Abentura txiki bat zen bideoklubera joatea.

Euskarazko irrati uhinetan ez dago emankizun asko ikus-entzunezkoen eta zinemaren inguruan. Zer estilorekin egin nahi duzu lanketa hori?

Hasieratik zinema zaleentzat eta ikus-entzunezkoak kontsumitzen dituztenentzat saio bat egitea izan da asmoa, baina ez da oso-oso adituentzat. Badakigu zinema saio batek ezin diola bakarrik begiratu zinema aretoetan dagoenari, paradigma asko aldatu delako. Asteko estreinaldiak komentatzen ditugu, bai aretoetakoak, bai plataformetakoak.

Aimar Erkiaga fitxatu duzue estreinaldi horiek komentatzeko.

Bai, gustatzen zaigu Erkiaga ausartzen delako esatera: «Hau gustatu zait, eta hau ez zait gustatu».Hego Koreako zinemari buruzko doktore tesia egiten ari da, eta estreinaldien ardura harena da.

Ez dituzue estreinaldi guztiak aipatzen, ezta?

Ez, hainbesteko eskaintza dago, Erkiagak bere azukre koxkorrak hartzen ditu. Entzulearentzat hobea da hori. Halako tsunamiaren aurrean aukeratu egin behar baita.

Galdakaoko (Bizkaia) Mozoilo irratian ere aritzen da Erkiaga. Irrati txikietako ahotsak erakartzea aukera ona al da Naiz irratiarentzat?

Bai, aukera ona da jendea arrantzatzeko. Irratirako bi zaletasun behar dira: bata irratia, eta bestea landuko duzun edukia.

Bideokluba irratsaioan badituzue kolaboratzaile gehiago. Zein da haien ekarpena?

Ni ez naiz zinema aditua; zinemazalea, bai. Eta argi nuen zinemaz zekien lantaldea behar nuela. Ardurak banatu ditugu: Zigor Etxebestek hilean behin film klasiko bat ekartzen du; Pello Gutierrez zinemagileak pelikuletako eszenak disekzionatzen ditu, auzi mediku baten moduan; Itziar Lamarkak gidoigintzaz hitz egiten du; eta telesailei buruzko solasaldi bat egiten dute Lamarkak berak eta Nekane Madariagak. Telesail ugari ikusten dituzte bi lagun horiek.

Zinema jaialdiak iristen direnean, nolako eskaintza egingo du Bideokluba-k?

Ez dugu oraindik erabaki. Zinebi jaialdiaren berri eman zuten Erkiagak eta Amaia Ereñagak. Ziur naiz saiatuko garela datozen jaialdien jarraipena egiten.

Bideokluba entzun daiteke irratian, FMn. Baina irratiko webgunean sartu, eta bertan aurki daitezke audioak, testuak eta bideoak. Mundu digitalak halakoak ekartzen ditu gaur egun, ezta?

Ekoizpenek bi bizitza dituzte, gutxienez: bat zuzenekoa, eta beste bat da Interneten izan dezakeena. Albiste forma hartzen du atal bakoitzak. Aintzat hartzekoa da Gara-Naiz-eko Koldo Landaluzeren eta Mikel Insaustiren testuak iturritzat hartzen ditugula.

Bideoklubean VHS zintak 24 edo 48 ordurako alokatzen zirenetik asko aldatu da ikus-entzunezko mundua. Nola ikusten duzu egungo garaia?

Asko aldatu da, eta ez dakit oso argi daukagun nora goazen. Ez nago ados zinema krisian dagoela esaten dutenekin. Azken katebegia dago kinkan, hau da zinema aretoak, baina asmatuko dute buelta ematen. Zinema arte gisa ez dago krisian, ordea.

Naiz irratiko beste zinema saio batean ere aritzen zara: Bylinch. Zer moduz doa?

Bylinch-en esperientzia oso ona izaten ari da. Atal bakoitza pelikula baten ingurukoa da, eta bertan ari garenok gure burutazioak botatzen ditugu. Beñat Iturrioz izan zen denon zubi [Mikel Zumeta eta Oskarbi Sein dira beste bi esatariak], eta lagunarteko zita bat bilakatu da azkenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.