Sanferminak Iruñean

Akitu arte dantzan, erraldoien iraultzan

Haurrek agur esan diote Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsari ekitaldi koloretsu batean. Udaletxe plaza lepo bete da, baita inguruak ere. Irailaren 8ra arte ez dira kalera aterako

Amatxi buruhandia balkoian, Udaletxe plazan, jendez inguraturik dantzan diren erraldoiei so. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Ez, ez da uztailaren 6a. Udaletxe plaza lepo bete da, zaila da bertan sartzea, denak zuri-gorri jantzi dira, eta giroa bero-bero dago, baina ez da txupinazoa, erraldoien eta buruhandien agurra baizik. Jendetza bildu da plazan sanferminetako ezinbesteko pertsonaia horiei agur esateko. Han izan dira ordu eta erdi iraun duen ekitaldian, geldi demonio, eguzkiak gogor jo duen arren. Tradizioari jarraikiz, Polonesa eta Alemana dantzatuz bukatu dira erraldoien sanferminak.

Prozesioaren ondotik, erraldoiak Udaletxe plazan gelditu dira. Haien begiradapean La Dominguera dantzatu dute kilikiek Duguna taldeko dantzariekin batera. Tartean, Ainhoa Urmeneta, bigarrenez aritu dena: «Oso berezia da, txikitan ikusten zenituen kilikiekin dantzatzen zarelako plaza erdian». Taldekideekin ere aritu da, sanferminetarako prestatu dituzten dantzak plazaratzen. Nekea antzeman liteke haren aurpegian; zazpietan gelditu dira prozesioan ateratzeko, baina irribarretsu mintzatu da. Bistan da dantzan ederki gozatzen duela: «Dantzaren aldetik, horrelako beste 80 egun eginen nituzke, baina lo ez egitea eta...».

Dantzak bukatuta, erraldoiek ere alde egin dute, baina bertaratutako inor ez da bere tokitik mugitu. Halako batean, Barbas kilikia etxe bateko balkoira atera da. «Caravinagre naiz», esan du, baina haur guziek ezetz erantzun diote, bera Barbas dela. «Txantxetan ari nintzen», onartu du. Ekitaldia hasita, buruhandiak eta kilikiak deitu dituzte oihu betean, eta Udaletxe plazako hainbat etxetako balkoitan agertu dira denak. Alkatea irudikatzen duen buruhandia udalbatzarekin batera atera da udaletxeko balkoira.

Ondoren, musika eta dantza. Dianen doinuekin plaza dantzan jarri dute. Baina izarrak falta dira. Barbasek erraldoiak deitu ditu zintzarri bat erabiliz. Ez du lortu. Bigarren saiakera danborrarekin egin du: trapatata, trapatata... orain bai, Calceteros kalean behera agertu dira errege-erregina europarrak, asiarrak, afrikarrak eta amerikarrak. Eskuetan zupaki anitz dituzte, haurrek erraldoiei oparitzen dizkietelako nagusi egiten direnean.

Denak plazan, musuak eta goxokiak banatzeko tenorea ailegatu da. Une horretan plazako ordena erabat desagertu da, eta jendea erraldoiengana hurbildu da musu emateko. Hainbat haurrek, baina, nahiago izan dute goxokiak biltzen ibili. Nork bere lehentasunak. Halako batean, Pilindros jota jotzen hasi dira. Normalean gaita eta danbor doinuekin dantzatzen badute ere, agurrean biolina, flauta eta pianoa ere lagun dituzte.

Konpartsako kide batzuek dantzatzeko aprobetxatu dute. Horietako bat, Mikel Larunbe. Egun berezia dela azaldu du erraldoi eramaileak: «Beti da intentsoa. Oso berezia da, gure momentua ez ezik, haurrei agurra emateko momentua delako. Esfortzu handia egiten dugu hau prestatzeko, entsegu asko egiten ditugu». Eguna leher eginda bukatu dute, baina gaur berriz ere elkartuko dira konpartsako kideak, dena biltzeko eta gero barraketara joateko. Egun hunkigarria izaten da 14a: «Agurrak pena ematen du beti, dagoeneko ez garelako aterako Batasunaren Pribilegiora arte». Irailaren 8ra arte, alegia.

Zaldiko lasterketa

Ekitaldiak aurrera egin du dantza eta musika gehiagorekin. Balsen aurretik gaiteroek egiten dituzten sarrera luzeek plaza isiltzea lortu dute, oilo ipurdia jartzeraino. Baina dena ez da dantza eta musika izan. Umorerako eta kritika politikorako tarterik ere izan da agurrean. Barbasen ahotik izan da: «Barbas ez badoa barraketara, barrakak Barbasengana etorriko dira». Esan eta egin. Zaldikoek gameluen lasterketa irudikatu dute. Udal taldeek bolak ontzietan sartu behar zituzten haien zaldikoek aurrera egin zezaten.

Barbasek kritikatu du Aranzadi eta Ezkerra bertan ez egotea. «Alderdi politikoak ez badira etortzen, guk alderdi bat sortuko dugu: Comparsemos», Podemosekin hitz jokoa eginda. Barraketan egoten diren hizlarien modura hasi da leloak botatzen zaldikoek aurrera egin bitartean: Enrique Maiari esan dio amorerik ez emateko alkatetza lortze bidean, Joseba Asironi beste lau urtez egoteko irabazi egin beharko duela, eta, azkenik, Maite Esporrini hizkuntzak menperatzen dituen zaldikoa zuela, albaitari posturako euskarak puntuak emateari buruz bota zituenengatik. Comparsemos-ek irabazi du lasterketa, beraz, haiek aginduko dute lau urtez. Hasi da erraldoien iraultza.

Halako batean, Alemana jotzen hasi dira, eta denak ohartu dira dena bukatzear zela. Horrekin agurtzen dira beti. Erraldoiak banan-banan sartu dira udaletxean, baina giroak bero-bero jarraitu du kanpoan. Gehiago nahi dugu kantatu dute, eta Barbasen aginduei jarraikiz, zapi gorria kendu, goratu, eta «San Fermin!» oihuka hasi dira. Txupinazoa uztailaren 14an. Ezin haurren eskariari muzin egin, beraz, berriz ere plazara atera dira dantzara eta musuak jasotzera. Azkenean bai, Polonesa dantzatzen alde egin dute. Bada zer berrikusi ekitaldian, erraldoi beltzei kakao marka baten iragarkiko kanta jotzen diete oraindik ere. Dena den, ekitaldi dibertigarri eta atsegina egin dute. Heldu den urtean gehiago. Edo irailaren 8an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.