Nagore Rementeria. 'Teknopolis' saioko zuzendaria

«Aurrerapen asko egiten dira Euskal Herrian, eta horien eskutik goaz»

ETBko 'Teknopolis' saioak 20. urteurrena ospatu du asteon, Bilbon. Elhuyarreko lantaldeak hogei urte daramatza zientzia eta teknologia ikusleei gerturatzen. Rementeriak indartsu ikusten du saioaren bidea.

GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Usurbil
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Haurra zela, dokumentalak egitearekin amesten zuen Nagore Rementeriak (Eibar, Gipuzkoa, 1975).Kimika ikasketak egin zituen EHUn, eta 2003. urtean Elhuyarren hasi zen lanean. Hamar urte daramatza Teknopolis saioan, azkeneko bostak zuzendari moduan.

Zer moduz joan zen urteurreneko Bilboko ekitaldia?

Zoragarri. Ehun lagun inguru bildu ginen: Elhuyarreko jendea, iraganean kazetari eta kolaboratzaile izandakoak, babesleetako ordezkariak eta abar. Babes handia jasoko dugu. Martxoaren 2ko eta 3ko saioan laburpen bat ikusi ahalko da.

«Hogei urte ez da ezer», Carlos Gardelen tangoaren arabera. Erritmoz jarraitzen al du zuen tangoak?

Bai, erritmo aldaketak izaten ditu, garaian garaikora egokituz, baina inoiz gelditu gabe. Hogei urtean telebistan mantendu izanak esan nahi du dantzan jarraitu dugula. Garai batean, denboraldiak laburragoak ziren, baina, azkenaldian, udazkenetik udaberri bukaera arte astero gaude programazioan. 36 saio dira urtean, eta horrek presentzia ematen digu urte osoan.

Nolako eboluzioa izan du saioak bi hamarkada hauetan?

Telebista asko aldatu da, eta saioa ere egokituz joan da. Hasieratik, erreportajeetan oinarritutako programa bat izan da. Horrela jarraitzen du gaur ere, gure gaiak lantzeko modu eta formatu egokia baita erreportajea. Baina, orain, telebista bizkorragoa da. Kalitatean ere egon da eboluzioa: zintekin hasi ginen, eta orain goi bereizmenean emititzen dugu. Teknopolis beti izan da aitzindari samarra ETBren barnean.

Iñaki Leturia aurkezleak, aurreko astean, mundua aldatzeko gonbita egin zien ikusleei. Saioak lagundu al du Euskal Herriko zientziaren mundua aldatzen?

Zertxobait lagunduko ote genuen... Euskal Herrian aurrerapen asko egiten dira, eta guk hori islatzen dugu. Bagoaz aurrerapen horien eskutik; jendeak ez lituzke bestela ezagutuko.

Zer esango zenieke zientzia eta teknologia dibertigarriak ez direla esaten dutenei?

Inork esaten al du halakorik! [barreak]. Gizakia jakin-mina duen izaki bat da, jakin-minagatik ikasten du haur batek dakien guztia. Bizitzako edozein alderdi ikuspegi zientifikotik azter daiteke. Jakintza dibertigarria da, eta esker onekoa ere bai. Zerbait ikasten duzunean, ondo sentitzen zara, gorputzak berak fisikoki sortzen duen sentsazio bat da. Eta zientzia umorez ere har daiteke; Teknopolis-en badaukagu atal bat Zientzia animatua deitzen dena, eta, bertan, kontzeptuak marrazki bidez eta umorez lantzen ditugu.

ETB1ek eta ETB2k 13:30ean ematen dute saioa, lehenak larunbatean eta bigarrenak igandean. Ordutegi aldaketa asko izan dituzue, ezta?

Azkeneko hiru denboraldietan mantendu egin dute ETB1eko ordutegia. Iaz, ETB2ko ordua aldatu zuten, eta oso ona izan da guretzat aldaketa, garai batean 09:00etan edo 10:00etan ematen baitzuten.

Internetetik ikusle asko iristen al zaizkizue?

Bai, geroz eta gehiago. Bai saioak osorik, bai erreportajeak zatituta jartzen ditugu sarean. Sare sozialetatik ere lan pixka bat egin behar da edukiak zabaltzeko.

Saioak beti izan ditu babesleak. ETBk zer inbertsio egiten du?

ETBk azpiegitura teknikoa jartzen du: arduratzen da emisioaz, eta jartzen ditu kamerariak eta teknikari batzuk. Baina, gero, ETBk ez dio produktuagatik Elhuyarri dirurik ematen. Izan ditugun babesleei esker lortu dugu hogei urtean jarraitzea.

Zientzia arloko nor gustatuko litzaizuke elkarrizketatzea saiorako?

Ez da bizi, baina Carl Sagan berpiztu eta elkarrizketatuko nuke.

Nola irudikatzen duzu Teknopolis hogei urte barru?

Ordutegien kontua ahaztu beharko dugu. Askoz interaktiboagoa irudikatzen dut: errealitate birtualarekin, ikuslea parte hartzen, eta erreportajeetako eszenetan mugituz batera eta bestera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.