Eugeni Alzibar. Youtuberra

«Elkarrizketak psikologia aldetik lantzen ditut, ez kazetari ikuspuntutik»

Internetetik telebistara egin du jauzi Alzibar youtuberrak. Kultur eta kirol munduko jendea elkarrizketatzen du, eta jadanik grabatuta eta editatuta dauzkan 120 solasaldiak ematen hasi dira Hamaika Telebistan.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2019ko maiatzak 19

Eugeni Alzibarrek (Mosku, 1997) EugenirenTxokoa kanala du Youtuben. 653 harpidedun zituen atzo, eta 143 bideo. Kulturaren eta kirol munduko pertsonaiei eginiko elkarrizketak zabaltzen ditu. Horrez gain, Eubi bikotea osatzen du Jabi gitarristarekin, eta Youtuben jartzen dituzte euren bertsioak.

Garai batean kirolean aritu zinen. Horrek eraman zaitu bideoak egitera?

Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioan aritu nintzen, eta bi kirol egin nituen: eslaloma eta boccia, hau da, petanka moduko bat garun paralisia dugunontzat egokitua. Bizipoza eman zidan horrek, ez zelako denbora-pasa bat, baizik eta kirola, lehiatzeko eta zeure nortasuna adierazteko. Bideozaletasuna, ordea, txikitatik dator. Betizu saioa ikusten nuen umetan, eta bukatzen zenean sekulako tristura sortzen zitzaidan, hurrengo egunera arte itxaron behar nuelako. Orduan, lurrera bota, eta neure saioa egiten nuen, joko bat bezala. Beti eduki dut aurkezle sen hori.

Zergatik zenuen horren gustuko Betizu?

Moskun jaio nintzen, baina 22 hilabete nituela Tolosara etorri nintzen bizitzera, familia euskaldun batek adoptatuta. Nire ama hizkuntza euskara da, eta euskararekin bizi naiz. ETB1 jartzeko ohitura nuen. Nerea Aliasen jarraitzaile sutsua nintzen, eta hura neure amaren ikaslea izan zen. Horregatik, zazpi urte nituenean hura ezagutzeko aukera izan nuen.

Internetetik telebistara jauzi egin duzu. Zer garrantzi du youtuber batentzat bere lana telebistan emateak?

Niretzat amets bat izan da Hamaika Telebistaren programazioan lekutxo bat izatea, nahiz eta nire proiektua Youtuberako jaio. Txikitan egiten nuena Interneterako sortzea erabaki nuen duela urtebete. Hasieran ez nekien zer bideo mota egin; elkarrizketak lantzea kasualitate hutsa izan zen. Lehengoa Joli Pascualenari egin nion. Hamar urte daramatzat kolaboratzen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin. Jolik haiekin abestu zuen bi urtez, eta une batean esan nion: «Elkarrizketa egingo dizut». Eta hark, baietz. Arrapaladan egin nion. Nerea Alias etorri zen gero, Pirritx, Sara Cozar...

Zeren arabera erabakitzen duzu nor elkarrizketatu?

Kulturaren arlo guztiak bildu nahi ditut. Gizarte honetan beti jotzen dugu arloka bereiztera gauzak: kirola, zinema... Zergatik ez guztia batu, eta nahasketa bat egin? Gehien axola zaidana zera da: elkarrizketa naturalak izatea. Ez dut gidoirik erabiltzen. Bat-batekotasuna nahi dut. Izan ere, telebistan dena oso prestatuta dago. Telebistako dinamikak maitemindu egiten nau, baina ni ez nago alor horretan, baizik eta etxean. Familiartasuna eta gertutasuna lantzen ditut.

Zer atera nahi izaten diezu elkarrizketatuei?

Unibertsitatean psikologia ikasteko helburua daukat. Elkarrizketak psikologia aldetik lantzen ditut, ez kazetari ikuspuntutik. Pertsona nolakoa den azaldu nahi dut, eta gustura sentiarazi. Hitzen bat ez bazaio ateratzen, nik lagundu egiten diot. Psikologikoki eta gizaki gisa laguntzeko nago hor.

Zeuk egiten duzu dena: grabatu, editatu eta testuak sartu?

Bai, ordenagailua daukat tresna egokituekin. Sagu berezi bat daukat, kokotsarekin maneiatzekoa. Eta teklatu arrunt bat, baina altuera batean jarrita, nik sudurrarekin tekleatzeko. Bideoa mozketarik gabe uztea gustuko dut, horrela zuzenekoa dela ematen baitu.

Elkarrizketa batekin lanean ari zara orain?

Bai. Badut editatzeko Sebastian Lizaso bertsolariari eginikoa, esaterako. Amaia Zubiria elkarrizketatu nahi nuke. Ez dute beti ezagunak izan behar. Baten batek esan izan dit ez duela bere burua ikusten horrenbeste famaturen artean, baina nik berdintasuna dut helburu, eta hori apurtu nahi dut: denok dugu geure balioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Herritarrek Eibarko Armeria Eskola bete dute Zaldibar Argitu plataformak antolatutako ekitaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zaldibar, ilunetik argira

Uxue Gutierrez Lorenzo

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldi kultural bat antolatu du Zaldibarko luiziaren lehen urteurrenaren atarian. Zenbait arlotako sortzaileak bildu dira elkartasun jaialdian.
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Santurtzitik Bilbora oinez joaten ginena asmakeria da»

Zihara Jainaga Larrinaga

Duela 30 urte inguru, erretiroa hartu zuenean, Santurtzin gelditzen zen azken sardina saltzailea izan zen Martinez. Goizeko ordu txikietan eta kalean egin beharreko lan nekeza izanik ere, etxera jatekoa eramatea izan du helburu nagusia.
Iñigo Odriozola, aste honetan, Azpeitiko Txintxu gozotegian lanean. ©Hitza

Gozo guztiak berdinak ez direlako

Ihintza Elustondo - Gipuzkoako Hitza

Gipuzkoako hainbat gozogilek jendaurrean aurkeztu dute Gozoa elkartea, opilak eskuz eta mimoz sortzen dituztenen lanbidea sustatzeko. Eredu industrialetik desberdintzeaz gain, belaunaldi berrien transmisioa ere bermatu nahi dute.

Netflix plataformako <em>Lupin</em> telesail frantziarra markak hausten ari da. Argazkian, Omar Sy aktore protagonista. ©NETFLIX

Netflixek 203,7 milioi harpidedun ditu, eta gorantz doa

Urtzi Urkizu

2020. urtean, beste 36,5 milioi harpidetza bereganatu ditu plataformak. 2019arekin alderatuz, %47,9 handitu dira enpresaren irabaziak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.