Antxeta irratia Hegoaldeko lau hiriburuetan entzungo da gaurtik

Euskal Irratietako zuzeneko saio nagusiak emitituko dituzte lau hirietan, legezko frekuentzietan

Antxeta irratiaren estudioaren irudi bat, Hendaian. AURORE LUCAS.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gaien inguruko informazioa Bilboko, Gasteizko, Iruñerriko eta Donostialdeko uhinetan zabalduko da gaurtik aurrera. Antxeta irratiak legezko frekuentziak lortu ditu hiri horietan emititzeko, eta Antxeta2k ofizialki gaur du estreinaldi eguna.

 

Antxeta euskara hutsezko irrati komunitarioa da, 2002an sortu zuten, eta Bidasoa Beherea eskualdeko (Gipuzkoa-Lapurdi) emisora da (Hondarribia, Irun, Hendaia, Biriatu eta Pausu). Beran ere (Nafarroa) entzuten da. Euskal Irratien federazioko parte da.

Antxetak irrati lizentzia bat lortu zuen Eusko Jaurlaritzak deitutako lehiaketan, 2012an. Orain, Antxeta2 sortu dute, Euskal Herriko zazpi lurraldeak hurbiltzeko eta batzeko. Euskal Irratietako irratsaio nagusiez osatuko da programazioa, eta horren emisioa entzun ahalko da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Aitziber Zapirain Antxetako koordinatzaileak nabarmendu du Ipar Euskal Herriko informazioa jasoko dela modu zuzenean. «Donostialdeko frekuentzia onespenaren ostean, garapen prozesu batean sartu ginen, eta jauzi bat egitea erabaki genuen».

Zapirainek aitortu du Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko frekuentziak lortzeko prozesua luzea izan dela. «Baina frekuentziak legez eskuratuak ditugu, eta dena prest dugu emititu ahal izateko».

Radiokultura eta Arrosa

Bilbon, Gasteizen, Iruñerrian eta Donostialdean Antxeta irratia sintonizatzen duten entzuleek askotariko emankizunak jasoko dituzte: batetik, Euskal Irratietako —Antxetarekin batera, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza— saio garrantzitsuenak entzun ahalko dira; bestetik, Internet bidezko Radiokultura irratiarekin akordio bat egin dute, eta haren emankizun batzuk ere emitituko dituzte; eta Arrosa sareko Zebrabidea magazina ere —astegunetan, 16:00etatik 18:00etara— emitituko dute Antxeta2n.

«Iruditzen zitzaigun behar bat zegoela Ipar Euskal Herriko informazioa Hegoaldera modu zuzenean iritsarazteko», azaldu du Zapirainek. «Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako informazioa modu ahalik eta naturalenean iritsiko da. Programazioaren ehuneko handi bat zuzenekoa izango da, gainera».

Antxeta2ren sorrera eta Euskal Irratien saioak Hego Euskal Herrira zabaltzeak premia bati eta dialaren inguruko azterketa bati erantzuten dio. Eusko Jaurlaritzak irrati lizentzien lehiaketa 2011n martxan jarri zuenean, Antxeta irratiak hausnarketa bati heldu zion. «Gogoeta bat egin, eta ikusi genuen saiatu behar genuela frekuentzia mundua edo diala ahalik eta gehien euskalduntzen, nahiz eta irrati konbentzionalen eta publikoen baldintza beretan ez aritu». Lehiaketak ez zion hirugarren sektoreari, irrati komunitarioei, modu esklusiboan esleipenak lortzeko aukerarik eman. «Baina gu gisa berean lehiatu ginen, diala ahalik eta gehien euskalduntzeko. Dena den, gu ez goaz inorekin lehiatzera, ez inori lana kentzera. Elkarlanean aritu nahi dugu guztiekin».

Antxeta irratiak agintariei eskatu die egun Hego Euskal Herrian dauden 30 irrati komunitarioen egoera konpontzeko urratsak egiteko, «legez kanpo lan egitera beharturik daude-eta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.