Yasmine Khris Maansri. 'Nafar away' saioko aurkezlea

«Begi berriekin ezagutu ahalko dugu Nafarroa»

Nafarroa ezagutzen ez duenaren baina ezagutzeko jakin-mina duenaren begiradarekin erakutsiko du herrialdea Khris Maansrik, Hamaika Telebistako 'Nafar away' programa berrian, astelehenetan.

HAMAIKA TELEBISTA.
jakes goikoetxea
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
2019ko maiatzean iritsi zen Euskal Herrira Yasmine Khris Maansri (Marseilla, Frantzia, 1996). Iruñera. Hilabete gutxian ikasi zuen euskara, eta astelehenetan hark aurkeztutako eta gidatutako programa bat ikusi ahalko da Hamaika telebistan: Nafar away. Euskara hari gisa hartu, eta Nafarroa eta bertako jendea hobeto ezagutzeko ahalegina. Nafarroa ezagutzen ez duen baten begiradarekin. Lehenengo atalean, etzi, Erribera, 22:00etan.

2019an Euskal Herrira iritsi. Euskara azkar ikasi. Urtebetean B2 maila lortu, eta, bi urte igaro baino lehen, telebistan euskarazko programa bat aurkezten. Jabetzen zara egin duzun ibilbideaz?

Bai. Horrela entzunda, ni ere harritzen naiz.

Erronka handia al da?

Bai. Saio hau froga gisa ikusten dut: erakusteko, alde batetik, gai naizela eta, bestetik, besteek ere euskara ikas dezaketela.

Euskararena erabateko murgiltzea izan zen. Programa hau ere murgiltze bat da Nafarroako geografian, soziologian...? Nafarroa ez duzula ezagutzen esan izan duzu.

Nafarroa ez dut ezagutzen. Etorri nintzenean, Iruñerrian geratu nintzen, bertatik kanpo zer dagoen jakin gabe. Saio honekin neuk eta ikusleek aukera dute Nafarroa aurkitzeko edo berrikusteko.

Nafar away. Hain urrun dago Nafarroa?

Neuk asmatutako izena da. Kezka nuen ingelesaren erabileragatik, baina uste dut nahasketa interesgarria dela. Gainera, programa Euskal Herri osoan ikus daiteke, eta jende askori urrun gera dakioke Nafarroa, ez niri bakarrik.

Zure ezezagutzak beste ikuspegi bat eman dio saioari?

Bai, begi berriekin ezagutu ahalko dugu Nafarroa.Nire ukitua ematen diot; jolasean aritzen gara nire ezjakintasunarekin ere.

Kontraste handiko lurraldea da.

Nortasun handiko lurralde bat eta gizarte bat da. Hori ere bada helburua: aurreiritziak apurtzea, zeren Nafarroaren hegotik iparrera euskaraz eginen dugu eta topikoetatik harago joanen gara. Nola? Galderak egiten, kuxkuxean ibiltzen, batzuetan hanka sartzen...

Zeren bila joan zarete? Taldeak, istorio bitxiak...

Istorio bitxiak, esango nuke. Haria euskara da, hizkuntza. Ikusiko dituzue toki bakoitzeko ezaugarriak, hitz bereziak eta pertsonaiak. Denetarik aipatzen dugu: paisaia, gastronomia, kirola, hizkuntza... Guztia umorearekin. Gauza asko ikasiko ditugu, baina modu dibertigarrian.

Bazenuen eskarmentua kameren aurrean. Ahotsa.info-n lan egin zenuen. Eroso sentitu zara?

Oso eroso egoten naiz kameraren aurrean, gero eta lasaiago sentitzen naiz.

Jarraitzen duzu bestelako kazetari lanak egiten? El Salto-n...

Ez nuen kazetaritza ikasi, eta pixkana-pixkana ikasten ari naiz. Orain frantsesez idazten ari naiz, Mediabaskentzat. Enkarguzko lanak izaten dira. Euskaraz, ahal dudanean. Ez nago hain ohituta.

Ikasketaz eta lanbidez itzultzailea zara. Zer eratako testuak itzultzen dituzu?

Denetarik: txostenak, testu judizialak, literarioak, publizitatea... Ahozko itzulpengintza ere egiten dut, epaitegietan, esaterako.

Ezagun egin zinen euskara oso azkar ikasi zenuelako. Besteen miresmena nabari duzu?

Lehen bai, orain ez hainbeste. Eskerrak.

Zama bihurtu da?

Ez dut eredu izan nahi. Nire bidea egiten ari naiz, eta nire bideak beste norbaiti laguntzen badio, oso ongi, baina oso deseroso sentitzen naiz eredu gisa.

Zer sentitzen duzu euskararen kontrako jarrerak ikusten edo bizitzen dituzunean?

Ezjakintasuna dela. Jende itxia dela. Izugarria iruditzen zait.

Aljeriatik Frantziara joan ziren migratzaileen alaba zara. Zuk zeuk ere migratu egin duzu. «Nongoa zara?» galderaz gogoeta egin zenuen iaz, BERRIAko Zubiak blogean. Erantzunik bai?

Betiko galdera da, eta uste dut ez dudala aurkituko erantzuna, ez baitago erantzun zehatzik. Hala ere, gai hori beti dago presente nire buruan. Dena den, nire baldintzak eta gurasoenak oso ezberdinak dira: gurasoek terrorismoaren garaian migratu zuten Aljeriatik Frantziara; nik, berriz, nahi dudalako, eta ez dut kontinentez aldatu, Europan jarraitzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.