Mikel Lizarralde. 'Nire erreferenteak' proiektuaren sortzailea

«Entzundako zerbaitek norbaiti balio baldin badio, zoragarri»

Hamabi bideo elkarrizketako proiektu bat abiatu du, aurrera egiteko tresnak bilatzeko asmoz, besteek egindako bidetik ikasteko asmoz. Enpatian eta konfiantzan oinarritutako solasaldiak dira.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jakes goikoetxea
Andoain
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2018an Mikel Lizarralderi (Eibar, Gipuzkoa, 1980). Hainbat kirol erronka egin ditu orduz geroztik. Bestelako erronka bati heldu dio orain: gaitzen bati edo bizitzaren kolperen bati aurre egin dioten pertsonak elkarrizketatzea, eta elkarrizketak bideo bidez eskaintzea, asteazkenero. Hamabi guztira. Ez dira edozein: Nire erreferenteak deitu die. Youtuben edo haren blogean ikus daitezke (bizi.eus/bloga). Bi elkarrizketa daude ikusgai oraingoz: Markel Irizar txirrindulariari eta Ainhoa Lendinez kazetari eta mendi korrikalariari egindakoak. Ibon Oregi triatleta izango da hirugarrena. Danobatgroupen, Errekaren eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du proiektua gauzatzeko.

Zer-nolako harrera izan dute lehen bi bideoek?

Oso pozik nago pertsona horiekin hitz egiteaz eta haien bizipenak jasotzeaz. Elkarrizketatuak ere oso pozik daude, bai parte hartu duten moduagatik, bai elkarrizketak egiteko eragatik. Agian, nire istorio pertsonalarengatik, enpatiatik eginak daudelako.

Saioak Nire erreferenteak izena du. Zergatik erreferente hitza?

Markel Irizarri zor diot izena. Elkarrizketa egitera gindoazela, berak esan zidan hitz egokia erreferente zela, ez eredu.

Hala ere, ikusle askok eredu gisa hartuko zaituztete, bai haiek, bai zu zeu, zailtasunei aurre egiteko duzuen jarrera positiboagatik eta kemenagatik.

Eredu denak aldarean jarritako norbait dirudi. Nik oso egun txarrak edukitzen ditut, bizitzan hanka sartze asko egin ditut eta egiten jarraituko dut. Horregatik, eredu hitzak zama bat duela uste dut, erreferente-k baino gehiago.

Baina baikortasun irudia zabaltzen duzue ia beti. Ifrentzua ezkutuan geratzen da?

Horrek kezkatzen nau. Ez nuke transmititu nahi hamabi pertsona horiek supergizonak edo superemakumeak direnik. Gauza txarrak ere badaudela erakutsi nahi nuen. Ibon Oregik berak esaten du oraindik ez dagoela ondo, bide bat daukala egiteko. Ironmanak egiten zituen pertsona batek hanka bat falta du, baina ari da pixkana-pixkana aurrera egiten. Gauza batzuk ezingo ditu egin; beste batzuk, bai. Mezua hori ere bada: batzuetan egokitu egin behar garela gure errealitate horretara.

Elkarrizketetan ikasten ari zara?

Bai. Pertsona hauek guztiek bide bat egin dute kolpe bat jaso eta gero, eta hor badaude besteontzat balio handia duten bizipen batzuk, ikasteko. Niretzat ikasketa prozesu bat da haiekin hitz egitea, eta entzundako zerbaitek norbaiti balio badio, zoragarri.

Zer ikasi duzu Markel Irizarrengandik?

Esan zidan bizitza gazta bat bezalakoa dela. Gazta horren erdia jada joan zaigula, eta guk aukeratu behar dugula beste erdiarekin zer egin. Pentsatu nuen: 'Ederra bota dit'. Eta badakiela egunen batean bizitza hau bukatuko dela. Besteok ahaztu egiten dugu, baina berak presente dauka, hala bizi izan du txikitatik.

Ainhoa Lendinezengandik?

Batzuetan gauza txikiek kateatu egiten gaituztela eta ez dugula aurrera egiten. Guretzat gauza handiak dirudite, baina objektiboki ez dira hain handiak. Horri buelta emateko gaitasuna izan du.

Eta Ibon Oregirengandik?

Ikustea berak zer kontzientzia daukan zuloan egon izanaz, eta badakiela orain gora doala, zulotik irteten ari dela. Badaki aterako dela, denbora kontua dela.

Hamabiak dira kirolariak?

Ez, baina badute loturaren bat bizitza aktiboarekin. Hor ikusten dut gakoa: bizitza aktiboak baditu onura batzuk.

Gaur egun galtzen ari gara ingurukoei entzuteko ohitura?

Guztiz. Norbaitek esan zidan Irizarren elkarrizketaren bost minutuko laburpena egin behar nuela, ideia nagusiekin geratzeko. Ordu erdi bateko bideoa da. Ez badaukazu ordu erdi horretarako, sentitzen dut.

Oso ariketa sinplea egin duzu: elkarrizketatu interesgarriak aukeratu eta haiei galdetu. Gaur egungo telebistan halako saioak falta dira, sinpleak eta zintzoak, zarata eta parafernalia gutxiagorekin?

Bai. Niretzat komunikazioaren esparru honetan erreferente bat da Barruan gaude podcasta. Mahai batean esertzea eta lasai hitz egitea. Entzuteko ohitura gutxitzen ari da, eta ia txioetan eta tituluetan oinarritutako komunikazio batera joan gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.