Ibrahima Diallo. Errefuxiatua

«Ez nuen joan nahi Frantziara, gure egoeraren erantzule ere badirelako»

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Azpeitia
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ibrahima Diallok (Boke, Ginea, 1994) ez zuen inoiz Europara etortzeko asmorik izan. Are, gogoa jaioterrian dauka, eta hara itzuli nahi du. Baina ezin du. Ekintzaile politikoa zen Ginean, eta Alpha Conde presidentearen aurkako mobilizazio eta protesta ugari gidatu zituen bere auzoan. Manifestazio batean atxilotu egin zuten, kartzelatu, eta hainbat egunez torturatu. Baina espetxetik ateratzeko aukera izan zuen: «Polizia batek esan zidan ordainduz gero berak aterako ninduela». Kontatu duenez, beste egoera batean ez zuen halakorik onartu ere egingo, baina goiz eta gau tratu txarrak jaso zituen, eta ez zeukan onik ateratzeko itxaropenik.

Baldintza ekonomiko oneko familia bateko semea izaki, aitak ez zuen arazorik izan ordaintzeko. Behin kalean, Europara joan behar zuela erabaki zuten, eta kontaktu baten bidez Marokora joan zen hegazkinez, handik Madrilera joateko. «Baina Marokon zegoen bitartekaria pertsona txarra zen, eta hegazkinez egin beharreko bidaia uretako motoarekin egin nuen; hartzen ez banuen, hilko ninduten». Bortxaz egin zuen bidaiaren azken zatia. Kontinentez aldatuta, Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Irungo Gurutze Gorriaren artapen zentroetan egon zen. «Ez nuen joan nahi Frantziara, gure egoeraren erantzule ere badirelako, baina inon ez zegoen lekurik eta hara joatea pentsatu nuen». Sakona baserriko eskaintza iritsi zen, ordea. Orain Gineako egoera noiz aldatu zain dago, itzultzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.