Emakumezkoen futbola. Lan hitzarmena

Ez atzera, ez aurrera

Azaroan hasi ziren Espainiako Ligako emakume futbolarien aurreneko lan hitzarmena negoziatzen. Baina akordioa urrun dago, eta jokalariek babes hori gabe segitzen dute gaur egun.

Jokalarien ordezkaria. Lan hitzarmena adosteko klub bakoitzaren ordezkariak, bilera baten aurretik. AFE.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Hilabeteko atzerapenarekin, iazko azaroaren 8an jarri zen martxan Espainiako Ligako emakume futbolarien aurreneko lan hitzarmena negoziatzeko mahaia. Sindikatuek izan beharreko ordezkaritzari eta sinatu beharreko akordio motari buruzko desadostasunek eragin zuten atzerapen hori. Helburua zen hitzarmena ahalik eta azkarren adostea, futbolariek halako akordio batek eskaintzen duen babes juridikoa izateko.

Baina, hastapenaren antzera, ondorengo pausoak ere mantso joan dira. Zazpi hilabete geroago, akordioa urruti dago oraindik, eta egoerak korapilatuta segitzen du. Haserre agertu da horregatik AFE sindikatuko lege aholkulari Maria Jose Lopez. Ordezkaritza gehien duen sindikatua da AFE.«Badakigu lan hitzarmen bat ez dela egun batetik bestera lotzen. Baina Espainiako Futbol Liga Profesionalaren eta Espainiako Federazioaren artean txapelketa ereduaren eta telebista eskubideen inguruan duten borrokak dena nahasi eta atzeratzen du. Blokeo egoera batean gaude».

ACFF Emakumezkoen Futbol Kluben Elkartearen —patronalaren— jarrera ere salatu du. «Esaten dute ez dutela dirurik, eta emakumezkoen futbola sustatzen dutela esanez zuritzen dute beren burua. Hori oso ondo dago, baina, negoziazio mahai batean, hori ez da argudio bat, langile batzuen eskubideez ari garelako. Onartezina da».

Hiru alde horiek negoziazioa atzeratzen ari direla gaitzetsi du. «Berandu goaz. Izan ere, jokalari asko orain ari dira datorren denboraldirako kontratuak sinatzen, eta lan hitzarmen batek ematen duen babesik gabe egiten ari dira. Hori dela eta, argi esan diegu afiliatuei: atzerako eraginarekin sinatzeko».

Aste honetan bertan, patronalak erantzun egin du, eta bitartekaritza eskatu. «Ezin diegu orain arteko baldintzei begiratu lan hitzarmena adosteko orduan. Horrek ez lioke lagunduko aurrera egiten emakumeen futbolari. Gainera, atzerako eraginarekin sinatzea bideraezina da, aurreko sasoiko aurrekontuak itxita baitaude, eta ezin baitira ezohiko diru sarera berriak lortu».

Horrekin batera, «hasieratik izandako jarrerari» eutsiko diola berretsi du: «Emakumeen futbolak hazten eta garatzen jarraitzea nahi dugu, baina baita ere oinarri batzuk ezartzea garapen eta hazkunde hori bideragarria eta jasangarria izateko».

AFEk otsailean aurkeztutako proposamenari eutsi dio. Horretan, patronalari egindako hamar eskari nagusiak biltzen dira. Proposamen horretan zarata gehien eragin dutenak bi gai hauek izan dira: gutxieneko soldata eta kontratuen partzialtasuna.

Gutxieneko soldatari dagokionez, patronalak dio klubek telebistan eskubideen salmentagatik jaso dezaketen dirua jakin gabe gehienez 14.000 euroan jar daitekeela. «Guretzat oso zaila da kalkulatzea, eta jakitea noraino irits gaitezkeen eskarietan. Izan ere, eman dizkiguten datuak oso orokorrak dira, eta informazio falta handia dugu arlo horretan. Uste dugu aukera egon behar dela kopuruak berrikusteko txapelketak sortzen dituen irabaziak handiagoak badira», dio Lopezek.

AFEk egindako estimazioen arabera, eliteko futbolarien %49k ez du soldata bat kobratzen; %31k 500 euro baino gutxiago kobratzen ditu, eta soilik %9k kobratzen du 1.620 eta 6.480 euro artean. Gizonezkoek aspalditik dute hitzarmena, eta horretan jasotzen diren gutxieneko soldatak 6.500 eurokoak dira hilean Lehen Mailako jokalarientzat, eta 4.000 Bigarren Mailakoentzat. Hori hala izanda ere, akordio batera iristeko duten borondatea berretsi du. «Gu prest gaude 14.000 euroak onartzeko, baina partzialtasunarekin amaitzen bada».

Iberdrola ligan jokatzen duten jokalarien %30-%35 ek asteko 10 orduko kontratuak dituzte. «Guretzat hori onartezina da: entrenamenduak, horien osteko egitekoak, bidaiak, partidak... Askotan 10 ordu baino askoz gehiago egiten dute lan». Hala, eskari argia egin dute: «Batetik, talde bakoitzean kontratu partzialak %25 baino gehiago ez izatea, eta, bestetik, asteko 25-35 ordukoak izan behar dute kontratuek». Baldintza ekonomikoei dagokienez, irudi eskubideen kudeaketa arautzea eta hortik lortzen den diruaren parte bat jokalarientzat ere izatea nahi dute. «Gaur egun, tarte oso txikia dute hori klubekin negoziatzeko».

Gaixoaldi kasuetan %100 kobratzea ere galdegin dute. «Hor ere trabak jartzen ari zaizkigu, etaentrenamenduetan edo partidetan gertatzen diren gorabeheretara mugatu nahi dute gaixoaldia». Haurdunaldien eta sexu jazarpenen inguruko protokoloak ere jaso nahi dituzte hitzarmenean, jokalariek babes juridiko bat izan dezaten. Partiden eta entrenamenduen ordutegiak hobetzea ere eskatu dute.«Jokalari hauek goi mailako kirolariak dira, eta baldintzek horren parekoak izan behar dute».

Kinielen irabaziak

AFEren beste kezketako bat da diru iturri berriak sortzea emakumeen futbolarentzat, eta kinieletan jarri dute arreta:«Orain arte keinu hutsak baino ez dira egin. Adibidez, martxoaren 8aren harira kinielan emakumezkoen partidak sartzea. Hori ez da inondik inora nahikoa». Hala, bi eskari dituzte: Maiztasun handiagoz sartzea emakumezkoen partidak, eta lortzen den diruaren parte bat emakumezkoen futbolerako izatea. Espainiako Apustu eta Loterien Erakunde Publikoak kudeatzen ditu kinielak, eta jasotako dirutik %45 Ligak jasotzen du. Horretatik %5 bideratzen du harrobia sustatzera, eta parte bat emakumeen futbolarentzat izatea nahi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.