HANDIEGIEN KONTRA

Facebook, Google, Amazon eta Apple. Teknologia konpainia erraldoiak boteretsuegiak eta handiegiak ez ote diren, gero eta handiagoa da eztabaida AEBetan. Lehiak eta herritarren eskubideen defentsak arau berriak beharko ditu negozio molde berrien garaian.
<b>AEBetako fiskalak. </b>50 estatuk Googleren kontrako ikerketari ekin diotela iragarri zuten irailean.
AEBetako fiskalak. 50 estatuk Googleren kontrako ikerketari ekin diotela iragarri zuten irailean. MICHAEL REYNOLDS / EFE

Irune Lasa -

2019ko urriak 6
Eta Mark Zuckerberg-i otuko balitzaio AEBetako presidente izatea? Hurrengo hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztea? Zenbateraino izan daiteke gehiegizkoa Facebookek eta haren buruzagiak, sare sozialen jaun eta jabeak, pilatutako boterea?

Zuckerbergek eskura ditu Facebookeko eta, beraz, Instagrameko eta Whatsappeko milioika erabiltzaileren datuak. Eta informazio horrekin guztiarekin egin lezakeenaren zantzu bat ematen du Cambridge Analyticarekin gertatutakoak: gutxienez hiru urtez, Cambridge Analytica konpainia Facebookeko milioika erabiltzaileren datuak bereganatzen aritu zen, haien baimenik gabe, sare sozialaren diseinuak hori ahalbidetzen ziolako.

Informazio horrekin (erabiltzaileen profilak, bizilekuak, gustuko webguneak...) Cambridge Analyticak bezeroei eskaintzen zien haien publizitatea jendeari modurik eraginkorrenean helaraztea. Kanpaina politikoek ere erabili zuten zerbitzua, eta, haietakoren batean publizitate praktikoki pertsonalizatua jaso zuten Facebooken erabiltzaile batzuek. Cambridge Analyticak Facebookeko AEBetako 70,6 milioi erabiltzaileren datuak zituen.

Horiek horrela, jarri behar litzaioke mugarik Facebooki? Eta beste teknologia konpainia handiei: Google-ri, Amazoni, Apple-ri? Teknologia konpainia erraldoien botere izugarriaren inguruko kezkak gero eta oihartzun handiagoa du AEBetan. Baita merkatu librearen sancta sanctorumean ere, Chicagoko Ekonomia Eskolan. Zuckerberg AEBetako presidente izateari buruzko galdera, hain zuzen, hango irakasle batek, Luigi Zingalesek, egin zuen podcast batean 2017an, Facebooken jabea Alderdi Demokratako aholkulariak kontratatzen hasi zenean.

Araudi zaharra

Badu mamia Chicagoko Unibertsitatetik etortzea teknologia monopolioen kontrako Zingalesen pisuzko ahotsetako bat, unibertsitate horretan baitute jatorria azken berrogei urteetan AEBetan nagusi izan diren monopolio eta lehia gaietako araudiek eta politikek. Araudi horiek gehienbat kontsumitzaileen interesak hartu dituzte aintzat —prezio kartelak, eta abar—, eta, neurri txikiagoan, lehiakide txikiagoak menderatzeko maniobrak. Hortik aurrera ezer gutxi; lehiarentzat onena, estatua ahalik urrunena izatea.

Baina, Zingaleseren eta beste hainbaten ustez, monopolioen kontrako gaur egungo araudiak kamutsak dira teknologia plataforma itzelezkoen fenomenoari aurre egiteko. Are gehiago, teknologia plataforma handiek halako neurria hartzeko, lagungarri izan dute legedia arin hori. Hazkunde izugarriko plataforma horiei esker gailendu dira AEBak Interneten —Txinan izan ezik—.

Martin Wolf ekonomia kazetari ezagunak berak ere Financial Times egunkarian orain gutxi idatzi duenez, kontsumitzaileak babestera mugatzen den lehia araudia motz gelditzen da, guztia irabazlearentzako den merkatu horretan. Merkatuan sekulako kontzentrazioa gertatu da, eta, gainera, boteretsuek gero eta botere gehiago biltzen dute. Analista askoren iritziz, Facebookek, Googlek, Applek eta Amazonek hartutako neurri tamainak esplikatzen ditu, hein batean, azken urteetako ekonomiaren eta berrikuntzaren motelaldia, eta lehia gero eta ahulagoa.

Monopolioen kontrako azken tradizioari men eginez gero, berez, teknologia konpainia handiek ez lukete araurik urratuko. Hasteko, gehien-gehienek zerbitzuak doan eskaintzen dizkiete kontsumitzaileei, edo merke, merkatuan duten nagusitasun itzelari esker. Baina kontsumitzaileek bidezko prezioa ordaintzen dutela ziurtatzeko, ez zaio diruari bakarrik begiratu behar.

Hori uste dute, behintzat, AEBetan lau teknologia konpainia handiak ikerketapean jarri dituzten fiskal eta legelariek, eta monopolioen kontrako legeak berritu behar direla diotenek. Non dago kontsumitzailearen pribatutasunak luzera nozituko duen kaltearen kostua? Zer-nolako mehatxua dira publizitate eta albiste pertsonalizatuak, eta zer kostu du kontsumitzaileen bizitza pertsonalean, politikoan eta ekonomikoan? Zer gertatzen da adierazpen askatasunarekin, eta informazioa jasotzeko eskubidearekin?

Lehiari dagokionez, AEBetako agintariak ikertzen ari dira, besteak beste, lau teknologia plataforma handik nola tratatzen dituzten euren plataformetan saldu edo publizitatea egin nahi duten konpainiak, zer prezio ezartzen dieten, eta zenbateraino mesede egiten dieten produktu propioei eta zer kalte dakarkien lehiakideei.

Borrokak hainbat fronte ditu AEBetan. Akusatuak Amazon, Facebook, Google eta Apple dira. Eta haien kontrako ikerketak daude zabalik AEBetako kongresuko Monopolioen aurkako Batzordean, Merkataritza Batzorde Federalean eta Justizia Departamentuan. Horiez gain, AEBetako 48 estatuk ikerketa bateratua ireki diote Facebooki; eta beste 50 fiskal nagusik Google-i beste salaketa bat jarri diote.

Botere pilaketaren kontrako olatua indarra hartzen ari da , baina borroka luze joango dela nahiko argi dago. Egungo araudiak ez dizkielako gauzak erraz jartzen akusatzaileei, baina baita ere zaila izango delako akusazio horietako asko frogatzea. Oro har, antitrust auziak urteetan luzatzen dira; adibidez, IBMren kontrako lehen salaketa 1968an abiatu zen, eta 1982an amaitu, akusazioak bertan behera geldituta. AT&Tren banaketa ekarri zuen auziak zortzi urte iraun zuen.

Zigorra badatorkie, zer gerta daiteke lau teknologia konpainia handiekin? Haiek guztiz desegitea zaila da, erabat baztertzen ez bada ere. Isunak izan litezke, eta haiekin batera, ziurrenez, irtenbidea litzateke konpainia horien boterea murriztea, neurrian txikiarazita. Adibidez, Facebook Instagram eta Whatsapp eta Google behartzea Youtube saltzera. Horrelako proposamenak egin ditu, adibidez, Elizabeth Warren hautagai demokratak.

Estatuaren zeresana

Araudiak aldatzeko olatua ere abian da AEBetan eta munduan, langabezia, desberdintasun sozialak eta, oro har, justizia soziala ere aintzat hartuko dituzten monopolioen kontrako legeen eskean. Haien ustez, estatuak zeresan handiagoa izan behar du merkatuetan. Eta horretan ari dira, adibidez, New Brandeis School delakora lerratzen diren ekonomista eta intelektualak, nolabait Chicagoko Ekonomia Eskolaren tradizioari aurre egiten. Neurri zehatzak aztertzen ari dira, hala nola

teknologia plataformei negozio lerroetan bertikalki integratzea eragoztea.

Gero, akusatuak defenditu egingo dira, eta botere handia dute horretarako. Lobby-ak eta abokatuak nahi adina dituzte, eta baita eragiteko ahalmen zuzena ere. Mark Zuckerbergek, esaterako, Donald Trumpekin «elkarrizketa eraikitzailea» izan berri du joan den irail honetan, Etxe Zurian bertan.

Facebooken jabeak ez luke jatortasun saririk irabaziko oraintxe. Eta auziekin kezkatuta dago. Kezka eta borrokarako borondatea erakutsi dizkie langileei aste honetan bertan, The Verge-ek filtratutako audioan: «Esate baterako, Elizabeth Warrenek pentsatzen du konpainiak partitzea dela erantzun egokia... Hautatua izaten bada, lepoa jokatuko nuke lege erronka bat izango dugula, eta apustu egingo nuke irabazi egingo dugula. Gure kaltean datorrela? Bai, ez dut gure gobernuaren kontrako demanda bat izan nahi, gure herriaz kezkatzen gara, gure gobernuarekin egin nahi dugu lan, gauza onak egin. Baina, egunaren bukaeran, norbait saiatuz gero horren existentziala den zerbaiti mehatxu egiten, joan eta borroka egiten duzu».

Zer leporatzen zaie?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna