Onintza Enbeita.
BIRA

Desokupa

2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Zazpi gizon sartu zaizkie etxera AbadiƱoko zenbait bizilaguni. Espainia guztian etxeak desokupatzen dituen talde bateko kideak izan dira. Haientzat AbadiƱo Espainia da, eta motibazio bikoitza ekarri dute haraino: kale borroka arrunta omen den herri batean harro paseatzea eta haien lan miserablea egitea. Bideo batean entzun dut nola aitortu duten bertako poliziarekin, hau da Ertzaintzarekin, elkarlanean ari direla. Ez dakit oso ondo esplikatzen zer eragin didan Ertzaintzaren jarrerak: amorrua, pena ala botagura. Jendea bizitokitik botatzeko zazpi faxistak atea nola botatzen duten ikusi, eta hantxe geldi. Faxismoak beti izan ditu lagun aldiak demokraten eta legegileen bandoan.

Edozelan ere, ezin dut burutik kendu etxeko jabearen gibela. Beti dago okupekin hitz egiteko aukera, edo bide administratiboari ekiteko denbora, baina noiz erabakitzen du pertsona batek energumeno kuadrilla hau kontratatzea? Zer pasatzen zaio burutik pertsona bati halako talde faxista baten zerbitzuetara jotzeko.

Pelikula surrealista batean bizi garela iruditzen zait batzuetan. Etxebizitza luxu bihurtu zutenek ez dute konformatu nahi okupazioa kriminalizatzearekin. Orain, atean begira gelditzen dira, ideologia kriminala duen talde batek jendea kale gorrian uzten duen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.