Iheslarientzako zentro itxiak kontinentean ezarriko lirateke

Macronek eta Sanchezek aukera horren alde egin dute, seguruagoak liratekeela argudiatuz. Espainian 769 errefuxiatu erreskatatu dituzte

Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron, atzo, Eliseoan, Parisen. CHEMA MOYA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Emmanuel Macronen eta Pedro Sanchezen arteko aurreneko topaketa gertutasun keinuz beteta egon da, eskuinera egiten ari den kontinente zaharrean politikoki ere konplizeak direla islatu nahi izan balute bezala. Immigrazioaren auzian, behintzat, antzeko ikuspuntuadaukate bi agintariek. Frantziako eta Espainiako gobernuetako presidenteek, eskuak estutu eta irribarreak trukatu ostean, prentsaurreko bat eman zuten elkarrekin, eta elkartasunez aritzeko mezua eman. Europar Kontseiluak gaur egitekoa duen bilera informalaren atarian, euren jarrera helarazi nahi izan dute, zehaztuz iheslarientzako zentro itxiak kontinentean bertan ezarri beharko liratekeela.

Europako Batasuneko agintariek datorren astearen amaieran egingo duten goi bileraren zirriborroan, jaso zen «plataforma» horiek mugetatik kanpo kokatzea. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak defendatzen duen idea da hori, eta, seguruenik, gaurko bileraren ardatza izango da proposamena. Behin lehorreratuta, zentro horietara eramango lituzkete errefuxiatuak, eta, identifikatu ostean, haien egoera aztertuko lukete. Asilo estatusa izateko baldintzak betetzen ez dituztenak jaioterrira deportatuko lituzkete. Macronentzat eta Sanchezentzat, «zenbat eta gertuago egon, seguruagoak» izango dira zentro horiek: «Zuzenbidea errespetatzen duen lankidetza irtenbide bat da».

Macronek jakinarazi du horretaz aritua dela Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin, eta haren babesa espero duela. Merkelek, baina, ez du uste gauza ugari adostuko dutenik gaur. Eslovakia, Hungaria, Polonia eta Txekiako agintariek uko egin diote bileran egoteari, eta, hala, agerian utzi dute nolako arrakala dagoen iparraldeko eta hegoaldeko, eta mendebaldeko eta ekialdeko estatu kideen artean. Europak egun duen erronka handiena da immigrazioarena, eta ez dirudi erraza izango denik auzi horren inguruan politika bateratu bat lortzea.

Frantziako presidenteak gogor salatu du lau herrialde horien «egoismo nazionala», eta adierazi du zigor ekonomikoak ezarri beharko litzaizkiekeela errefuxiatuak hartzeko kuotak betetzen ez badituzte. Haren hitzetan, «gizatasunez eta, aldi berean, eraginkortasunez» jokatu behar da, eta «mugak ixtea» ez da irtenbidea.

Italiari zeharka egindako kritika ere bazen. Aquarius ontziari lehorreratzeko debekua ezarri izana ere gogor kritikatu zuen Macronek. Matteo Salvini Barne ministroak zorrotz erantzun zion: Macron «xanpain gehiegi» edan duen «jauntxo adeitsua» dela adierazi zuen.

'Lifeboat',noraezean

Ez dirudi, baina, Italia jarrera aldatzeko prest dagoenik. Lifeboat ontziak ere hiru egun daramatza noraezean. Italiak eta Maltak lehorreratzea ukatu diote 230 iheslari daramatzan barkuari, eta janaria bukatzen ari zitzaien atzo. Sea-Eye eta Sea-Watch gobernuz kanpoko erakundeak ontzira jakiak eramatekoak ziren arratsaldean. Lifeline Alemaniako gobernuz kanpoko erakundearena da ontzia, eta estatuen jarrera salatu du komunikatu baten bidez. Joseph Muscat Maltako lehen ministroak, berriz, uhartetik urruntzeko eskatu zion atzo barkuari, argudiatuz berak ez duela erantzukizunik.

Mediterraneoan, bien bitartean, milaka errefuxiatu itsasoratzen ari dira azken egunotan, eguraldi ona lagun. Espainian, 769 immigrante zeramatzaten 25 txalupa erreskatatu zituzten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.