Soldatapekoen %62,5i eragin die estatalizazioak, era batera edo bestera

Hegoaldean 604.145 soldatapekori eragiten die estatalizazioak, LABen arabera. Enpresako negoziazio hutsa motz geratzen dela uste du

Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburu, atzo, Donostian. A. CANELLADA / FOKU.
Jon Fernandez.
Donostia
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
2018an, Hego Euskal Herriko 604.145 soldatapekoren lan baldintzak okertu edo baldintzatu zituen negoziazio kolektiboaren estatalizazioak, LAB sindikatuak atzo argitara ateratako datuen arabera. Hegoaldeko soldatapeko guztien %62,5 dira horiek, baina sindikatuak uste du gehiago izan daitezkeela kaltetuak. LABek LHK Lan Harremanen Kontseiluaren datuak erabili ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak kalkulatzeko; Nafarroan, berriz, ez dago datu ofizialik, eta sindikatuak bere kabuz egin ditu kontuak.

Estatalizazioaren eragina jasan duten soldatapekoen artean zenbatu ditu LABek bertako sektore hitzarmena erorita daukaten soldatapekoak, estatuko hitzarmena ezarri zaienak, gai batzuk estatuko negoziazio esparruak bere egin dituen sektoreetakoak, eta sektore publikoa. Hego Euskal Herriko sektore publikoko langile guztiak zenbatu ditu estatalizazioak kaltetutakoen artean, iritzita Espainiako aurrekontu legeek haien lan baldintzetan eragin dutela.

Aspaldiko inboluzioa

Lan harremanetan azken urteetan gertatzen ari den «inboluzioa» salatu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Abaguneko testuinguru politiko eta sozialaren deskribapen bat egin du, eta esan «hauteskunde garaia dela, faxismoa eta eskuin muturra indartzen ari den garaia, eta kapitalismoaren oldarraldi berri batena».

Hala eta guztiz ere, Aranburuk ohartarazi du lan harremanetako oraingo «inboluzioa» ez dela mehatxu bat, «baizik eta gertatzen ari den zerbait». Eta 2010ean PSOEren gobernuak egindako lan erreforma jo du negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren lehen mugarritzat, eta gogoratu EAJren abstentzioari esker onartu zela.

Estatalizazioaren bi helburu nagusiak esplikatu ditu Aranburuk: «Batetik, soldatak eraitsi nahi dituzte, eta lan baldintzak prekarizatu; bestetik, ordezkaritza sindikalak aldatu nahi dituzte». Haren hitzetan, Hego Euskal Herrian gehiengoa den «kontrabotereko sindikalismoa» ordezkatu nahi dute «askoz otzanagoa den CCOOren eta UGTren ereduarekin». Aranbururen esanetan, negoziazio kolektiboa euskal eremuan egin ordez Espainian eginda, «patronalarentzat askoz errazagoa da itun merkeagoak lortzea CCOO eta UGTrekin».

LABeko idazkari nagusiak negoziazio eremu guztietan borroka egitea defendatu du, eta ez lehentasuna ematea enpresetako negoziazioari. «Enpresetako negoziazioa oso urrun dago langileei negoziazio kolektiboaren babesa eskatzetik. Enpresa eremutik ezinezkoa da euskal langileen gehiengoari negoziazio kolektiboko eskubideak bermatzea».

Zenbakiak adibide

Horren haritik, adibide bat eman du Aranburuk: EAEko metalaren hitzarmenak, esaterako, 136.000 behargin hartzen ditu aintzat, eta bakarrik 47.000k daukate enpresa hitzarmena. «Oso datu adierazgarria da, zeren metalaren sektorean enpresan negoziatzeko tradizioa egon baita, eta, hala ere, zenbakiak hor daude».

ELAk idazkari berria aukeratu osteko lehenengo agerraldian, Aranburuk ez du adierazpenik egin nahi izan Adolfo Muñozen lekukoa Mitxel Lakuntzak hartu izanak ELAren eta LABen arteko harremanetan izan ditzakeen eraginez. Datorren astean, Aberri Egunaren harira, LABek testuinguru politikoaren analisia egingo du, eta abagune honek zer sindikalismo mota eskatzen duen esplikatuko du analisi horretan. Garbiñek aurreratu du adierazpen horretan erreferentzia zuzena egingo diotela ELAri ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.