Herriak berea duen eskola

Nagore Etxezarreta Aranburu eta Mikel Lizarazu Arbulu
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Joseba Sarrionandiaren hitzak ekarri nahiko genituzke gogora lehen lerroetan. «Ikasten duguneko lekua da eskola. Edozein leku izan daiteke, hala nola etxea, kalea, mendia, itsasoa, parkea, zinema aretoa, eta, beharbada, eskola», esan zuen behin idazleak elkarrizketa batean. Eta ondo zioen. Antzuolako Herri Eskolak ere badu zer hark aipatutako kontuetatik. Horren aurrean, bertako ikasle ohiok ere badugu zer esana.

Betiko eskemetatik atera eta bestelako eskola bat sortzea helburu, irakasle talde batek egun ezagutzen dugun eskolako hezkuntza eredu pedagogikoa martxan jartzeari ekin zion. Herriko haurren arteko harremanak ere bazituzten oinarri. Orduz geroztik, igaro dira jada 38 urte. Egin zituzten bidaiak Herrialde Katalanetara, eta ezagutu zituzten hango eta hemengo pedagogia eredu ezberdinak. Eta ikasi zuten. Ibili ziren gau eta egun belaunaldi gazteagoei irakasteko asmoz hezkuntza eredu propio baten aldeko borrokan. Bidean batu ziren guraso eta herritar zenbait ere. Eta lortu zuten. Lortu zuten hauts magikoak erabili, eta ikaslea hezkuntza prozesuaren erdigunean kokatzen duen errezeta magikoa eraikitzen.

Lan horren emaitzak ongi baino hobeto ezagutzen ditugu bertatik igaro garen ikasleok. Zenbaitetan gogoratzen ditugu eskolako kontuak, irakasleen eta ikasleen istorioak. Harro diogu nongoak garen eta non ikasi dugun: Antzuolako Herri Eskolako ikasleak izan gara. Ezbairik gabe, ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen den hezkuntza eredua dugu hau. Ikasleen ekimenez hautatzen diren proiektuen eredua oinarri hartu, eta ikasle bakoitzaren hausnarketa bideratzen duen metodologia da gurea. Zenbaki huts bat izatetik harago, haurra bere osotasunean kontuan hartzen duen ikastetxea da, kalifikaziorik gabea. Gaur arte lanean jardun duten irakasleek jakin dute curriculum propio bat eratzen. Tamalez, egoera larrian dagoen eskola dugu. Zurea eta nirea. Herriarena.

Hezkuntza ereduaren lehen harriak jarri zituzten irakasleei iritsi zaie erretiratzeko unea. Irakasleria finko baten beharra nabaria da transmisioa bermatu eta proiektuari eutsi ahal izateko. Hala ezean, akabo jokoa. Herritarrok argi dugu zein den aurrera egiteko bidea. Argi dugu gurea den hezkuntza eredua defenditzen jarraituko dugula. Eta bagabiltza txikitik eragiten, bagabiltza belaunaldi berrientzako haziak ereiten. Administrazio publikoa da, ordea, pausoa eman beharko lukeen hurrena.

Hura da eskolaren egoera oinarri hartu, eta aurrerapausoak eman beharko lituzkeena proiektua sostengatzeko. Eman beharko lituzke urratsak bestelako hezkuntza eredu pedagogiko baten alde. Eman beharko lituzke oinazeak sortuak dituzten planak albo batera utzi eta eskola bakoitzaren autonomia errespetatzeko. Eta eskatzen diegu. Eskatzen diegu babestu dezatela herritarrok maite dugun proiektua. Eskatzen diegu defendatu dezatela datozenentzako egokiena den eredua. Eduki dezatela gogoan herritarron aldarria. Entzun dezatela gure hitza, eta har dezatela kontuan esateko daukaguna.

Finean, eskolak erakutsi digu hausnartzen. Erakutsi digu ingurua beste ikuspuntu batetik begiratzen. Erakutsi digu egia balitz bezala kontatzen digutenaz harago kritikoak izaten. Erakutsi digu egoeretara egokitzen, eta behar denean, ingurukoa errespetatzen eta onartzen. Erakutsi digu norbere burua ezagutzen eta onartzen. Erakutsi digu gaur garena izaten. Eta askeago bizitzen. Horregatik, argi dugu: Antzuolako Herri Eskolako hezkuntza eredua babesten dugu; eta zuk?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.