Iñaki Williams. Athleticeko jokalaria

«Arrastoa utzi gura dut Athleticen»

Williams erdiko aurrelariak garaipenaren gola sartu zuen, Athleticek irabazi duen azken txapelketan. Larunbatean, Cartujan protagonista izan gura du berriz, baina argi dauka ez dela erraza izango Reala mendean hartzea. Hala ere, baikor hitz egin du.

ATHLETIC.
haritz gallastegi
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Iñaki Williamsek (Bilbo, 1994) hartu du Aritz Adurizen lekukoa Athleticen erasoko jokoan. Ate aurrean asmatzea kostatu egiten zaio. Baina aurrean erakusten dituen mugikortasunak eta abiadurak asko ematen diote taldeari. Arreta handia bereganatzen du, eta horrek mesede egiten die taldekideei. Gainera, norgehiagoka nagusietan agertzeko joera dauka. Espainiako Superkopan berak sartu zuen garaipenaren gola. Larunbateko final du begiz jota.

Iritsi da eguna. Nola sentitzen zara?

Gauza asko ari zaizkit pasatzen burutik. Luzaroan egon gara Kopako final honen zain. Urtebete egon gara finala jokatzeko itxaroten. Jarraitzaileak harmailetan egon ahal izateko, ahalegina handia egin dugu, baina, zoritxarrez, ez da posible izango. Azken urtea oso gogorra izan du guztiontzat, eta Athleticeko zale guztiak zoriontsu egiteko aukera ederra daukagu. Asko motibatzen gaitu. Athletic txapeldun egin gura dugu. Arrastoa utzi gura dugu. Ea lortzen dugun.

Marcelino Garcia fitxatu izanak biziberritu egin zuen taldea, baina azken partidetan jokoaren mailak eta emaitzek behera egin dute. Kezkatuta al zaude?

Inolaz ere ez. Taldea nola entrenatzen den ikustea nahikoa da, ondo gaudela konturatzeko. Urtarrilean partida asko eta garrantzitsuak jokatu genituen. Horrek ondorioak izan ditu. Arlo fisikoan zein psikologikoan nekatu egin ginen. Hala ere, azken egunotan indarrak hartzeko aukera izan dugu. Jokoan dagoena asko da, eta ezin dugu aitzakiarik jarri. Daukagun guztia emateko ordua iritsi da.

Ikusi gehiago: Kopako finaleko artikulu bilduma.

Athleticek azken hamabi urteetako Espainiako Kopako laugarren finala jokatuko du. Hamabost egun geroago jokatuko duzue bosgarrena. Aurreko hirurak galdu egin dituzue. Klubaren 25. Kopa jasotzeko mementoa iritsi al da?

Irabaztea da gure xedea. Reala mendean hartzea gaitza izango da. Aurkari gogorra izateaz gain, euskal derbia ere bada. Ez dago faborito argirik. Finala %50ean dago. Hala ere, oso talde ona daukagu. Klubak entrenatzailea aldatu zuenetik, dinamika positiboan gaude. Marcelinok futbola ulertzeko duen moduak bat egin du taldeak dituen ezaugarriekin. Bai berarekin, baita haren lantaldearekin ere oso gustura gaude. Konfiantza handiarekin ari gara lehiatzen. Kopari ginga jarri, eta zuri-gorri guztiok ospatzea gura dugu.

Athleticek bi Superkopa irabazi ditu azken urteotan, baina jarraitzaile askok ez dute inoiz talde zuri-gorria Kopa irabazten ikusi. Belaunaldi berrien eta taldearen arteko lotura sendotze aldera garrantzitsua da txapelketak irabaztea, ezta?

Bai. Pentsa, Athleticek azken Kopa irabazi zuenean jaio barik geunden egun taldea osatzen duten jokalari guztiak. Gabarra argazkiei eta bideoei esker ezagutzen dugu. Berriz txapeldun izan gura dugu. Zaleak taldeaz harro daudela sentitzeak ez dauka preziorik. Jarraitzaile gaztetxoak Athleticekoak izateagatik harro egotea da gure helburua. Elastiko zuri-gorria janzteko irrika piztu gura dugu euren artean.

Final bat jokatzea berezia da oso. Baina Realaren kontra lehiatzeak are eta bereziagoa egiten al du partida?

Oso norgehiagoka berezia izango da. Derbia da. Aurrez inoiz ez da jokatu bi taldeen arteko finalik. Lehen garaipena guk lortzea gura dugu. Kopak eskaintzen digun lehen aukera baliatzen ahaleginduko gara. Eta behin pauso hori emandakoan, bigarren finala prestatuko dugu. Bartzelonaren kontrakoa ere gaitza izango da, baina uste dut aurkaria estu hartzeko moduan gaudela. Denboraldi berean hiru txapelketa irabazi zituen taldea izan gura dugu. Ea lortzen dugun.

Final guztiak irabaztea gura duzula aipatu duzu. Realaren kontra irabazteak ez du Europan jokatzeko aukera ematen. baina derbia da. Bartzelonari irabaziz gero, datorren sasoian Europa Ligan jokatuko zenukete. Aukeratu beharko bazenu, Reala edo Bartzelona mendean hartzea nahiago zenuke?

Ez dut bata bestearen gainetik jartzen. Bi finalak irabazi gura dut. Jokalari anbiziotsua naiz, irabazlea. Nagoen tokian baldin banago, erakutsi dudan grinari esker izan da. Ez naiz batekin konformatzen. Athleticen historiara pasa gura dut. Egunez egun hobetzea eskatzen diot neure buruari.

Kirol arloa aintzat hartuta, Reala mendean hartzeko aukera gehiago al du Athleticek?

Biak dira oso talde onak. Bartzelona bigarren doa Ligan, eta Reala, bosgarren. Ez da kasualitatea. Lan bikaina egiten ari da. Bi taldeak dira gogorrak. Ez dizkigute gauzak erraz ipiniko. Baina gu Athletic gara. Oso talde lehiakorra daukagu. Superkopan erakutsi genuen jarrerak, garaipenera gerturatuko gaitu. Futbolean irabazi edo galdu egiten da, baina barruan daukagun guztia erakusten baldin badugu, jarraitzaileek ez digute ezer aurpegiratuko.

Zerk kezkatzen zaitu gehien Realetik?

Realaren kontraerasoak oso arriskutsuak dira. Talde txuri-urdinak jokalari azkarrak ditu. Gutxirekin arrisku handia sortzeko gaitasuna du. Erraz sortzen ditu gol aukerak. Hortaz, ezinbestekoa izango da defentsan sendo aritzea. Atea zaintzeko orduan ondo ari gara. Oso aukera gutxi sortzen dizkigute. Bestalde, guk ere badakigu kontraerasoan jokatzen. Aurkariei errespetua ematen diegu. Detaileetan erabakiko den final parekatua izango dela uste dut.

Realeko jokalari bat kentzeko aukera bazenu, nor utziko zenuke harmailan?

Inor ez. Realeko jokalari guztiak prest egotea gustatuko litzaidake. Erronkak gustuko ditut. Nik onenen kontra lehiatu eta irabazi gura dut. Ez ditut aitzakiak maite.

Realak Athleticek baino talde hobea al dauka?

Nire ustez, ez. Denboraldion ligan gu baino lan hobea egiten ari dira. Baina bi taldeak gara maila onekoak. Ezaugarri ezberdinak izan arren, bi taldeak dira oso onak.

Athleticek askoz final gehiago jokatu ditu azken urteotan. Eskarmentua garrantzitsua al da tentsio handiko partida hauetan?

Balio du. Final guztietan ikasten da hurrengorako balio dezakeen zerbait. Besteak beste, tentsio aldietan burua hotz mantentzen ikasten da. Finalari lasaitasunez egin behar diogu aurre. Beste edozein partidaren gisara jokatu behar dugu, baina dena baino gehiago emanez.

Goi mailako izarrak saio garrantzitsuetan azaltzen dira. Athleticen zaleek fede handia daukate zugan. Zama handia al da?

Ez da zama. Gustuko dut jarraitzaileek nigan konfiantza izatea. Prest nago erronkari aurre egiteko. Aurkariari min handia egiteko gai naiz.

Zuk badakizu Cartujan final batean garaipenaren gola sartzea zer den. Nola duzu gogoan?

Bai. Superkopan sartutako gola nekez ahaztuko dut. Ederra izango litzateke beste behin protagonista izatea, baina beste taldekide batek sartzen badu garaipenaren gola, berdin-berdin poztuko naiz. Taldeak irabaz dezan egingo dut lan.

Derbi bat galtzea beti da gogorra, eta kasu honetan are gehiago final bat izanda.

Badakit zer dagoen, baina Cartujakoa futbol partida bat izango da. Bi taldeetako batek galdu egingo du. Irabaztea gura dugu, eta horretarako prestatu gara. Baina galtzea ere posible da. Normal hartu behar dugu. Galtzen ere jakin egin behar da.

Burua nola prestatu duzu halako partida baterako?

Finala burutik kentzen ahalegindu naiz. Inguruko lagunak gainean izan ditugu bultza egiten, baina jokalariok apur bat albora egin behar dugula uste dut. Ez zaigu komeni guk geure buruari jartzen diogun baino presio handiagoa jasatea. Burua hotz mantendu dut. Familiakoen eta lagunen babesean, lasai egon naiz.

Zein da azkenaldian eman dizuten gomendiorik baliotsuena?

Lagun askoren esanak hartzen ditut aintzat, baina gure amak apaltasunez lan egiteko esaten dit beti. Nik lortu dudan guztia nire izerdiari esker izan da.

Eta zer esango zenieke zale zuri-gorriei?

Finalaz gozatzeko eskatu nieke. Pena itzela daukagu gure ondoan egongo ez direlako, baina, hala ere, gertu sentitzen ditugu. Egun ederra izango dela uste dut.

Nola amaituko da finala?

Irabazi egingo dugu. Berdin da nola.

Iñaki Williamsek sartutako golari esker?

Nire golarekin bada, hobeto. Baina bestela ere berdin ospatuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.