Jagoba Arrasate. Osasunako entrenatzailea

«Guretzat eginda dago talde hau, eta oraindik badugu zer egin»

Kontratua 2024 arte luzatu ostean, Osasunak «osasun onean» jarraitzea du helburu Arrasatek. Hasteko, gorritxoek salbazioa ia lotua uzteko aukera dute gaur, Levanteri Sadarren irabazten badiote (18:30, Movistar)

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
Taxoare
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Zirriborro ugari eta jokalari batzuen argazkiak ageri dira Jagoba Arrasateren (Berriatua, Bizkaia, 1978) bulegoko arbelean. Aurki, marra berriak egingo ditu bertan, eta aurpegi berriak itsatsiko. Izan ere, aldaketak iragarri ditu, datozen bi denboraldietan arrakastaren bidetik jarraitzeko.

Garbi dago izarra zarela Osasunarentzat. Kontratu luzapenaren berri emateko modua ikusi besterik ez dago.

Aste berezia izan zen aurrekoa. Astelehen goizean pankarta erraldoia jarri zuten, eta, gero, oso ekitaldi polita egin zen Sadarren. Gauza originalak izan ziren, eta, lotsa apur bat pasatu nuen arren, pozik eta esker oneko sentitzen naiz. Hasieratik, tente jausi gara, eta egia da emaitzak ere onak izan direla. Maitasun handia sentitzen dugu egunerokotasunean, eta hori ez da erraza futbol profesionalean. Errekonozimendua oso garrantzitsua da entrenatzaile bat zoriontsu sentitu dadin.

Osasuna zure neurrira egindako talde bat da, ezta?

Hori garbi daukat, eta horregatik jarraitzen dugu hemen. Lau urte pasatu dira, baina sentitzen dugu hau guretzat eginda dagoela, eta oraindik badugula zer esan eta zer egin. Energia handia dugu, eta taldeari hobetzeko tartea ikusten diogu. Ez dugu bestelako aspiraziorik: oso gustura gaude, eta hemen jarraitu nahi dugu.

Orain arte egon zaren kluben artean, Osasuna da zure nortasunera gehien egokitzen dena?

Baliteke. Realean oso bizkor gertatu zen dena. Urtebete eta piko izan zen, beste egoera batean, eta beste exijentzia maila batekin. Numantzian ere oso gustura egon ginen. Baina sentitzen dugu gure zigilua, batez ere, Osasunan jarri dugula. Eta alderantziz ere bai: beteta hemen sentitu gara gehien. Jendearen atxikimenduak eta Taxoarek berezi egiten dute kluba.

Zu Osasunako Alex Ferguson izatea gustatuko litzaiokeela esan zuen behin Braulio Vazquez kirol zuzendariak. Bidean zaude.

Ez dut halako gauzetan sinesten [barre artean]. Agian jendeak ulertzeko esango zuen hori. Badakigu futbola nolakoa den, eta oso zaila da luzaroan toki batean irautea. Lau urte daramagu hemen, baina badakigu une txarrak ere igaro ditugula.

Noiz hasi ziren kontratua berritzeko negoziazioak, eta nolakoak izan dira?

Harreman osasuntsua daukagu, eta egunerokotasunean asko egiten dugu berba. Baina egia da Rayori irabazi eta gero heldu geniola gaiari. Guztiari buruz hasi ginen hitz egiten, eta Vila-realen kontrako garaipenaren ondoren itxi genuen kontua. Gehienbat, aldatu beharrekoaz eta etorkizun hurbilaz hitz egin dugu. Futbolaren alorra eta kudeaketaren alderdia dira gehien eztabaidatu ditugunak. Behin hori adostuta, ekonomikoki akordio batera iristea oso erraza izan da.

Etorkizuna zure esku utzi dute, iraganean egindakoa itzela izan delako. Aspaldiko garairik egonkorrenak ekarri dituzu Osasunara.

Horrek ematen dio osasuna klub bati. Egonkortasuna alor guztietara zabaldu da, eta horrek aukera ematen dizu aurrera begiratzeko eta gauzak aurretiaz egiteko. Egia da ezin zarela egonkortasun horretan gelditu, futbolak ez duelako barkatzen. Beti aurrera egin behar duzu, eta belarriak tente izan behar dituzu.

Zenbateraino aldatu zara teknikari gisa lau urte hauetan?

Asko aldatu naiz. Esperientzia bakoitzak hobea egiten zaitu, eta, alde horretatik, ikasketa asko jaso ditut lau urte hauetan. Orain osoagoa naiz entrenatzaile gisa. Hobekuntzari beti natzaio irekia, eta futbolak beti dauka birziklatze puntu hori. Gaur arte egin duzunak ez du balio, eta hori onartzea eta aldaketak egiteko prest egotea funtsezkoa da.

Nola ikusten duzu taldeak jokatzeko eran izan duen bilakaera?

Aldaketa handiak izan dira. Lehenengo bi urteetan, gure jokamoldea bertsiorik onenera eraman genuen, eta, horri esker, igoera bat eta salbazio bat lortu genituen. Iaz oso bolada txarrean izan ginen, eta horrek aldaketak egitera eraman gintuen. Denetarik izan dugu azken bi urteetan: bai jokatzeko era bat, baina baita aurkari bakoitzera moldatzeko gaitasuna ere. Emaitza onen beharrak eraman gaitu horretara.

Taldeak ez al zuen lehen joko fin eta ikusgarriagoa egiten?

Egia da azkenaldian gehiago kostatu zaigula baloiarekin nahi duguna lortzea; bertikalak izatea, alegia. Orain, ordea, taldea osoagoa da: goian estutzen du, baina atzean sartuta ere ondo eusten diogu, eta baloiarekin, joko zuzena ere erabiltzen dugu. Azken batean, baliabideak topatu behar dituzu lehiakorra izateko. Niretzat, ideia finko batekin tematzeak ez du zentzurik.

Chimy Avilak ere kontratua luzatu berri du, 2026ra arte. Hark izandako bi lesio larriak sasoi hauetan izan dituzun oztopo nagusien artean daude?

Bai. Entrenatzaileak baino lehen, pertsonak gara, eta halakoetan, jokalariaren tokian jartzen zara. Badakizu sufritu egin beharko duela, eta gu ahal den neurrian laguntzen saiatzen gara. Jokalari bakoitzak bere erara heltzen dio halako egoera bati. Chimy borrokalari petoa da, eta, askotan, hark gu animatu gaitu. Ezberdina izan da beste jokalari batzuen aldean.

Bolada txarretatik irteteko ere asko sufritu duzue. Zein izan da gogorragoa, iazkoa ala aurtengoa?

Aurtengoa, dudarik gabe. Iaz hamahiru partida izan ziren irabazi gabe, baina lehen bolada txarra zen, eta lesioek eragin handia izan zuten. Jendea osatu ahala, taldeak hobera egin zuen. Bagenekien egoerari buelta emango geniola, egoera zailean egon arren. Aurtengoa laburragoa izan da [hamar partida irabazi gabe], baina gogorragoa ere bai. Lesio gutxi eta jokalari asko, jende asko jokatu gabe, emaitza txarrak... Zailagoa egin zait egoera kudeatzea. Gainera, bigarrenez gertatzen zaizunean, bola handiagoa egiten da.

Halere, suspertzeko gai izan zarete berriz ere.

Egunerokotasuna oso gogorra da hainbeste astez irabazi gabe zaudenean; sentiberago zaude, baina kemen handia erakutsi dugu. Horri garrantzi handia ematen diot nik. Askotan, garrantzitsuena ez da zer lortzen duzun, baizik eta zer gainditzeko gai zaren.

Entrenatzaile gisa, zer egin duzu egoerari buelta emateko?

Iaz baino zalantza gehiago izan dut. Gehiago kosta zait irtenbidea topatzea. Burua ez galtzea izan da gakoa: konfiantzari eutsi eta naturaltasunez jokatzea. Gaizki zaudenean, onartu egin behar duzu gaizki zaudela, eta jokalarien aurrean ere onartu egin behar dituzu zure hutsak. Hortik abiatuta, jokalariei duten onena ateratzen saiatu naiz. Egoera zailenetan, askotan lagundu egin behar zaie, eta ez estutu.

Teknikariak, nagusia baino gehiago, laguna izan behar du jokalarientzat?

Nire ustez, enpatizatu egin behar da jokalariekin. Gakoa jokalaria konbentzitzea da. Lehen, agintekeria erabiltzen zen: hau egingo dugu nik diodalako, eta kito. Orain, horrek ez du balio. Jokalariak ez badu sinesten zuk diozunean, zaila da gauzak ondo joatea. Konbentzitzen badituzu, ordea, askoz aukera gehiago izango duzu irabazteko. Gertutasuna erakutsi behar diezu, betiere mugak ezarrita.

Argitasuna eta oreka behar ditu entrenatzaileak. Eta, horren bila,mendira joaten zara maiz.

Han isiltasuna daukat, eta gorputzari egurra ematea ondo etortzen zait. Lasai hausnartu eta irtenbideak bila ditzaket, interferentziarik gabe. Normalean Beriainera igotzen naiz; autoa Unanun utzi, eta ordubetean goian naiz. Nire pentsatzeko txokoa da.

Taldeak non du hobetzeko tarterik handiena?

Exijentzia maila gora doa. Salbazioa hirugarrenez lortzear gaude, eta, hemendik aurrera, hori gutxi irudituko zaio jendeari. Asmatu egin beharko dugu egingo ditugun fitxaketa apurretan. Eta egunerokotasunean, estimulu berriak bilatu behar ditugu taldeari duen onena ateratzeko. Aldaketak egingo ditugu metodologian.

Sadarren emaitza hobeak lortzea izango da erronketako bat.

Vila-realen kontrako garaipena mugarria izatea espero dugu, baina jakitun gaude etxean ez garela ondo egon. Askotan, futbol apur bat falta izan zaigu markagailuan aurretik jartzeko. Talentu eta joko gehiago behar izan dugu. Ez dakit kontu taktikoa den edo jokalari jakin batzuk falta zaizkigun. Ez dago arrazoi bakarra, eta hausnarrean gabiltza.

Hau da, erregistro berriak bilatuko dituzue aurtengo udako merkatuan.

Zelai erdian, adibidez, jende oso langilea daukagu, eta horrek sendotasuna ematen dio taldeari. Baina, une jakin batzuetan, talentu apur bat ere behar da beste gauza batzuk bilatzeko. Zer dugun eta zer falta zaigun aztertzen ari gara.

Hutsuneak betetzeko orduan, harrobiari begiratu diozu maiz. Adibidez, zure eskutik loratu dira Jon Moncayola eta Javi Martinez. Ildo horretatik jarraitzeko asmoa duzu?

Etxeko jokalariak behar ditugu: batetik, maila dutelako, eta, bestetik, plus bat ematen digutelako. Azken urtean, Unai Dufurrek eta Iker Benitok debutatu dute. Pablo Ibañezek ere bi urterako berritu du, ikusten dugulako oso ondo dabilela. Eta jende gehiago ere badago. Ez da erraza orain aukerak ematea, haiek igotzeko borrokan daudelako. Ikusiko dugu hemendik denboraldi bukaerara beste norbait igotzen dugun lehen taldera edo lehentasuna Osasuna B-ren igoerari ematen diogun.

Gazteei prest daudenean ematen diezu aukera, eta ez aldez aurretik.

Agian irakaslea naizelako izango da, baina asko sinesten dut formazio prozesuan. Batzuetan, entrenatzaileok txaloak jasotzeko igotzen ditugu gazteak, baina, niretzat, zentzuzkoena zera da, prozesua bukatuta dagoenean ematea pausoa. Elitean aritzeko eta egonkortzeko prest daudenean ematen diet aukera, hori delako denontzat onena.

Irakasle izateak asko laguntzen dizu entrenatzaile lanetan?

Pedagogia bizitzeko modu bat da niretzat, eta alor guztietara zabaltzen da. Irakaskuntzan, ikasleei duten onena atera behar diezu. Eta futbolean, beste horrenbeste gertatzen da jokalariekin. Bi ogibideak lotuta daude, eta bai, uste dut irakasle izateak entrenatzaile hobea egin nauela.

Harrobia aipatuta, kapitainek, Oier Sanjurjok eta Roberto Torresek badute tokirik etorkizuneko Osasunan?

Oso garrantzitsuak izan dira klubaren historian, eta erein dutena mantendu egingo da denboran, atzetik datozenen bitartez. Aurrera begira, protagonismo puntu bat galdu dute zelaian, eta haiekin hitz egin beharko dugu, gero erabaki bat hartzeko.

Zein izango da datozen bi urteetarako helburua?

Osasun onean jarraitzea eta zaleekin dugun loturari eustea. Europaz hitz egin genezake, baina oso zaila da lehenengo zazpien artean muturra sartzea. Talde handiak daude hori lortu ezinda: Athletic, Valentzia... Anbizioa eduki nahi dugu, noski, baina, oraintxe, gertuago gaude beheko taldeetatik, Europatik baino. Hortaz, helburuak atzeko taldeetatik geroz eta urrunago egotea izan behar du. Eta, gero, gauza batek bestea ekar dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.