Liga azken txanpan. Gorka Guruzeta. Athleticeko jokalaria

«San Mamesen nahi baino gehiago kale egiten ari gara»

Athleticek bigarren aukera eman dion honetan, aurrelaria lan ona egiten ari da. Hala ere, ez da nahikoa Athletic Europako postuetan egoteko. Celtari irabaztea ezinbestekoa da Konferentzia ligan sartu ahal izateko.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Gorka Guruzeta (Donostia, 1996) aprobetxatzen ari da Athleticek eman dion bigarren aukera. Erdiko aurrelarietan laugarrena zela hasi zuen denboraldia, baina, sasoiaren bigarren erdian, Ernesto Valverderen lehen aukera bihurtu da. Sei gol sartu ditu guztira. Txapelketa hasi zenean, gustura geratuko zatekeen kopuru horrekin, baina, denboraldia nola joan den ikusita, gutxi direla iritzi dio. Gol sena berezkoa du. Errematatzaile ona da, baina lehiarako gaitasuna falta izan zaio. Defentsako lanean eman duen aurrerapausoak zabaldu dizkio hamaikakoaren ateak. Hala ere, hobetzen jarraitu beharra dauka. Europa helburu duen talde bateko erdiko aurrelari titularra izateko gol gehiago eskatuko baitizkiote.

Athletic ez dago bolada gozoan. Azken lau partidatan puntu bakarra irabazi ostean, asko zaildu zaizue Konferentzia ligan sartzeko aukera?

Bai. Azken jardunaldietan okertu egin da kontua. Hala ere, oraindik bizirik gaude. Astebetean hiru partida jokatuko ditugu, eta ondo aritu behar dugu. Etxeko bi partidak aurrera atera behar ditugu. Sasoi honetan, kostatzen ari zaigu San Mamesen irabaztea. Celta eta Elx mendean hartu, eta aste barruan Sadarren jokatuko dugun derbian ondo aritu beharko dugu helburura gerturatzeko.

Etxeko neurketetan gertatzen ari dena ez da ohikoa. Zazpi partida galdu dituzue. Joko aldetik lehiakorrak izan zarete, bainaez zarete kapaz izan zelaian erakutsi duzuena emaitzetan islatzeko.

Ezinbestekoa da etxean indartsuak izatea, eta kale egin dugu. Neurketa asko galdu ditugu, eta horrek isla dauka sailkapenean. Apur bat finago aritu izan bagina, bestelakoa izango zen egoera.

Celtari irabazi beharko diozue. Gainerakoan, ia aukera barik geldituko zarete.

Talde asko gaude zazpigarren postua lortu guran, baina aurkariek egiten dutenari begiratzen hasi aurretik, guk egin behar ditugu etxeko lanak. Gainerakoan, ezinezkoa izango da.

Celtari garaipen bat falta zaio salbazioa bermatzeko, baina, azken jardunaldietan, kostata bildu ditu puntuak. Haientzat ere partida garrantzitsua da.

Ez daude larri, baina puntu premia dute. Hala ere, ezin diogu beste aukera bati ihes egiten utzi. Zaleen bultzada baliatu behar dugu hiru puntuak irabazteko.

Girona, Osasuna, Sevilla eta Rayo Vallecanok ere zazpigarren postua dute helburu, baita apur bat atzeratuagoa dagoen talde batek ere, Mallorcak. Denetan zein da arriskutsuena?

Sevilla da aurkaririk indartsuena. Taldearen ardura Mendilibarrek hartu duenetik, gorantz doa. Europa ligako ahaleginak eragina izan dezake haren jokoan, baina, gure aurkarien artean, talderik osoena da.

Ondo lehiatzeko eta etekina ateratzeko kapaz ez den taldeari eragiten al dio garaipen faltak?

Bai, noski! Partida on asko jokatu ditugu, eta batzuek detaile txikiengatik egin digute ihes. Hala ere, gu gara egoera irauli behar dugunak, eta azken lau partidetan ez gara gai izan. Aurrean zehatzagoak izan behar dugu.

Aurrealdeko arazoak aipatu berri dituzu. Athletic erraz iristen da aurkariaren area ingurura, baina azken pasean eta errematean gabeziak erakutsi ditu.

Hala da. Aukerak sortu eta asmatzen ez denean, aurkariari irabazteko aukera ematen diozu. Inozo aurpegiarekin joan gara etxera behin baino gehiagotan.

Ernesto Valverderen esanetan, erasoko jokalarioi patxada apur bat falta zaizue erabakiak hartzeko orduan. Aurrelari zaren heinean, dohain hori garatzerik badago?

Bai. Eguneroko lanak, eta, batez ere, eskarmentuak asko laguntzen dute erabaki egokiak hartzen ikasteko. Arlo guztietan hobetu daiteke. Gol sena berezkoa da, baina beste arlo asko landu egin daitezke.

Athleticen inguruan, etengabe ari gara gol faltari buruz berba egiten. Berez daukazuen presioa handitu egiten al du etengabe besteen ahotan zaudetela jakiteak?

Eragina dauka. Kontrakoa esaten duena gezurretan ari da. Aurrelariok presio handia daukagu, baina prest gaude zama horrekin jokatzeko. Hala ere, ardura horrek ezin digu gain hartu. Guk golak sartzeko edo inguruan dugunak asmatzeko egiten dugu lan.

Defentsan, aldiz, taldea fidagarria izan da. Baina azken jardunaldietan behera egin duzue. Iñigo eta Yeray falta direla nabaritu du taldeak?

Erdiko lau atzelariak oso onak dira, baina horietatik gehien jokatu duten biak arazoekin dabiltza, eta nabaritu egin dugu. Dena dela, Vivianengan eta Paredesengan konfiantza handia daukagu.

Arlo pertsonalean, denboraldi aberatsa ari da izaten zuretzat. Erdiko aurrelarietan laugarrena zinela hasi zenuen denboraldia, eta lehen aukera zara egun.

Athleticera itzuli nintzenetik, aukerak baliatzen ahalegindu naiz. Gogor ari naiz entrenatzen, eta teknikariak konfiantza eman dit. Aurrelaria naiz, eta golak sartzeko eskatzen didate. Hala ez bada, badirudi jokatu ere ez dudala egiten. Ondo ikusten dut neure burua, baina egia da Munduko Kopako etenalditik bueltan gol bakarra sartu dudala.

Valverdek esana da asko hobetu duzula denboraldi hasieratik hona. Zertan eman duzu aurrerapausoa?

Defentsako lanean eta arlo fisikoan hobetu dut. Entrenatzaileak bazekien zer eman dezakedan jokatzeko orduan, baina buruz-buruko lehietan eta abar gehiago ahalegintzeko eskatu dit.

Adurizen itzala luzeegia al da?

Aduriz Aduriz da. Nik nahikoa daukat ahalik eta gol gehien sartzen ahalegintzearekin. Gozatzen ari naiz, eta taldeari helburuak betetzen laguntzeko behar duena ematen saiatuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.