Bizitza duin bat lortzeko herri baten borroka

Irailaren amaieratik, 1.300 indigena inguru daude Bogotako erdigunean kanpatuta; horietatik 400 inguru adin txikikoak dira. Euren eskubideak berma ditzatela eskatzen dute, baita bizitzeko toki duin bat eman diezaietela ere, euren lurretara itzultzeko aukera izan bitartean. Gobernuak, baina, ez du urratsik egin.

Indigenen kanpalekua, Bogota erdigunean. M. DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Bogota
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
«Gure lurraldean egunero izaten dira borrokak. Gaur egun, erreserba indigenak gaizkilez beteta daude. Gure lurrak utzi behar izan ditugu, eta ez da izan guk hala erabakita, baizik bizirik irauteko aukera bakarra zelako», azaldu du Jhon Rojas Tapik, embera etniako buruzagi batek. Herri indigenen borroka ez da berria. Urteak daramatzate Kolonbiako Gobernuari laguntza eske, euren aurkako erasoak eten ditzaten, baina alferrik. Egoera iraultzeko asmoz, joan den irailaren 28an protesta handi bat abiatu zuten hamahiru komunitatetako 1.300 indigena inguruk Bogota hiriburuaren erdigunean, eta han jarraitzen dute.

Duela 60 urte piztu zen Kolonbiako gatazka, eta denbora horretan biktima ugari eragin ditu, tartean baita herri indigenetakoak ere. Azken urteetan, gainera, gizatalde horrek jasan ditu borroken ondoriorik latzenak. Paramilitarren eta militarren erasoak jasan behar izan dituzte, baita haien lurretan dauden baliabideak ustiatu nahi izan dituzten multinazional handienak ere. Hala, salatu dute indarkeriaren erdigunean egon arren inork ez diela lagundu zulo horretatik irteten. Ondorioz, euren lurretatik ihes egitea beste aukerarik ez dute izan gehienek, eta horrek sufrimendua areagotu die; izan ere, herri indigenen bizimodua oso lotua dago lurrari eta ohiturei.

ONIC Kolonbiako Indigenen Erakunde Nazionalak jasotako datuen arabera, aurtengo urtarrilaren 1etik martxoaren 9ra, indigenen aurkako 3.674 eraso salatu zituzten; besteak beste, lekualdaketa behartuak. DENA Estatistika Administraziorako Departamentu Nazionalak egindako azken txostenaren arabera, 115 herri indigena daude Kolonbian, eta guztiek jasan dituzte gatazkaren ondorioak.

Hirietara ihesi

Euren lurrak utzi dituztenetatik, gehienek Kolonbiako hiri handietara jo dute bizimodu berri bat hasteko itxaropenez: Medellinera eta Bogotara, besteak beste. Baina hirietan ere bakarrik daude, erakunde publikoen laguntzarik gabe. «Gure etxean geneukana atzean utzi behar izan dugu. Handik alde egitera behartu gaituzte, eta hirira etortzera, baina hemen ez dugu laguntzarik: udalek eta gobernuak ez dute ezer egiten gure egoera hobetzeko», salatu du Rojasek.

Bogota erdigunean kanpatutako manifestariak ohartzen dira ezin izango dutela euren lurretara itzuli; horregatik eskatzen dute euren eskubideak errespeta ditzatela, eta ohartarazi dute ez direla handik mugituko hori bermatu arte. «Borroka egitera etorri gara hona, gure oinarrizko eskubideak aldarrikatzera, eta ez gara hemendik mugituko hori lortu arte», berretsi du Leonibal Campo Murillok, embera katio etniako buruzagiak. Haietako askok urteak daramatzate hiriburuan bizitzen, inolako laguntzarik gabe eta behin-behineko aterpeetan.

Asteak daramatzate manifestariek hiriburuaren erdigunean, baina ez dira egun errazak. Han, ez daukate oinarrizko baliabiderik, eta soilik herritarren eta gobernuz kanpoko erakunde zenbaiten laguntza jasotzen dute; ez dute instituzioen berririk, ez dira haiekin harremanetan jarri. «Ez da gobernuko ordezkaririk etorri gurekin hitz egitera, ezta udaleko inor ere. Umeak gose dira, eta ez da inor etorri laguntzera. Jaso dugun giza laguntza bakarra herritarrena izan da», azaldu du Rojasek.

Hiriburuan kanpatutakoen artean, laurehun adingabe inguru daude. Antolatzaileek salatu dute haurrak hasiak direla elikadura txarraren ondorioak sufritzen, eta beste hainbat gaixo daudela. Kanpaldiaren hasieran han zeuden haurretatik hamasei erietxera eraman behar izan dituzte, tratamendua hartzeko. «Azken egun hauetan, euri asko egin du. Plastikozko dendetan bizi gara, eta euria leku guztietatik sartzen da. Hau ez da bizitzeko modua; haurrak gaixotzen hasi dira, eta udalak eta gobernuak ez digute irtenbide duinik ematen», kritikatu du Rojasek.

Bogotako Udalak proposatu dien irtenbide bakarra izan da Florida parkean dauden aterpetxeetara mugitzea, baina indigenak ez daude batere ados proposamen horrekin. «Florida parkeko aterpetxeetara eraman nahi gaituzte, baina hor ezin da bizi. Ez dago baldintzarik bertan denbora luzean egoteko», esan du Yondik, embera etniako kideak. Protestan parte hartzen ari direnek argi dute ezin direla handik joan, bizitzeko leku duin batera ez bada. Hala berretsi du Murillok: «Parkearen jabetze hau behin betikoa izango da, alkatetzak edo gobernuak bizileku duin bat ematea adosten ez badu».

Bestelakoa da, ordea, Bogotako alkate Claudia Lopezen erantzuna: «Bogotak gizarte laguntza eta aterpe segurua eskaintzen jarraituko du embera etniako familiei eta adin txikikoei, euren lurretara itzultzea segurua dela bermatu arte. Hori da helburua». Lopezen iritziz, familia horien beharrak asetzen dituzte Florida parkeko aterpetxeek, eta, beraz, bertan bizi daitezke euren herrietara itzuli arte.

Joan den astean bildu ziren azkenengoz embera etniako indigenen ordezkariak eta udalekoak. Baina ez ziren ados jarri, eta alde bakoitzak bere eskaerari eutsi zion. Manifestariak plazatik aterarazteko bi modu daude oraintxe: Florida ez den leku batera eramatea, edo parketik indarrez ateraraztea, eta udalaren jarrera gertuago dago bigarren irtenbidetik. Jada eman du lehen pausoa, eta udaleko idazkari Luiz Ernesto Gomezek joan den asteazkenean iragarri zuen datozen egunetan parketik kanporatuko dituztela manifestariak, «modu ordenatuan». Hala, lehenik Florida parkean dauden aterpeetara eramango dituzte, eta, jarraian, kasuak banaka aztertu ostean erabakiko dute zer-nolako beharrak dituen bakoitzak.

Oso deserosoa da oraintxe indigenen egoera: batetik, udalak eta gobernuak ez dutelako inolako asmorik agertuhaien eskariak betetzeko; eta, bestetik, baliabide faltaren eta osasun arazoen ondorioz gero eta zailagoa zaielako protestan jarraitzea. «Kolonbiako instituzioek gaizki tratatzen gaituzte, eta terroristen pare gaude haientzat. Baina gu Kolonbiako herritarrak gara: ez gara gaizkileak. Ez dugu indarkeria baliatzen gure helburuak lortzeko. Eskatzen dugun gauza bakarra da herri gisa errespeta gaitzatela. Ez dut uste gehiegizko eskaria denik», amaitu du Campo Murillok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.