Athleticek dirua aurreztuko du aldundiak egindako zerga erreformarekin

Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
EH Bilduk prentsa ohar bidez egin zuen salaketa atzo: Bizkaiko Foru Aldundiak PFEZn egindako aldaketa «ezkutuan» egin dela, eta gehien kobratzen duten herritarrek gutxiago ordaindu beharko diotela aurrerantzean ogasunari. Arantza Urkaregi batzarkidearen arabera, «orain arte indarrean zegoen araudiaren arabera, 300.000 euro arteko errenten %50 integratzen zen lan etekin osoan, eta 300.000 eurotik gorakoen kasuan, %100». Egindako salaketaren arabera, aldundiak 300.000 euroren muga kendu du, eta, ondorioz, «zerga horren bidez bilduko den kopurua nabarmen jaitsiko da».

Aldundiak ezarritako zerga aldaketa hori, gainera, foru dekretu bidez egin du, eta, koalizio abertzalearen arabera, «lau lerrorekin bi arau aldatu dituzte». Gaia Batzar Nagusietan eztabaidatu beharko litzatekeela ohartarazi, eta aldundiari kritika egin zion batzarrei «erabakitzeko gaitasuna kendu» dielako. Aldaketa egiteko «aurreikuspenik eza» egon dela ere esan zuen: «Aldaketa onartu egin da inolako txosten ekonomikorik egin gabe; hau da, ez dakigu zenbat diru gutxiago izango duen ogasunak behar sozialei aurre egiteko».

Lege aldaketa horrekin, Athleticek dirua aurreztuko luke jokalariei ordaintzen dizkien soldatetan. Izan ere, futbolariekin baldintza ekonomikoak negoziatzen dituztenean, jasoko duten soldata garbiaz aritzen dira, eta zergak klubak ordaintzen du. Horregatik, lau milioi euro irabaziko lituzkeen jokalari batengatik Athleticek 7,4 milioi euroko gastua egiten bazuen lehen, zerga aldaketarekin 5,3 ordainduko luke orain. Hala, hainbat iturriren arabera, Athleticek hamabost milioi euro inguru aurreztuko lituzke aldaketa honekin. Joan den denboraldian 85 milioi euroko gastua izan zuen Athleticek jokalarien soldatak ordaintzeko.

PFEZ aldaketa horrekin batera, EH Bilduk behin eta berriro salatu du aldundiak zerga salbuespenak egin dizkiola UEFAri azken hilabeteetan, Eurokopa Bilbora ekartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.