Turkmenistan, COVIDik gabeko herrialdea

Berdinmuhademov presidenteak dio ez dutela koronabirus kasurik izan Turkmenistanen; hala ere, pandemiari aurre egiteko neurriak hartu dituzte, besteak beste herrialderako sarrera-irteerak mugatzea.

Turkmenistango presidente Gurbanguly Berdinmuhademov eta Italiako lehen ministro Giuseppe Conte. R. A. / EFE.
Alex Bustos
Mosku
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Turkmenistango agintariek maskara erabiltzera aholkatu zuten iazko uztailean. Baina horretarako argudiatutako arrazoia ez zen izan mundu mailako pandemia, «basamortuko hautsa» baizik. Derrigorrezko berrogeialdiak ere ezarri dituzte, eta mugimenduak murriztu, «gaitz infekziosoak saihesteko», baina COVID-19az hitz egin gabe. Gaurko egunez, ofizialki, ez da kasu bakar bat ere izan; hala, Turkmenistan da, Ipar Korearekin batera, milioi bat biztanle baino gehiagoko herrialde bakarra pandemiak eragin ez diona.

Turkmenistango Gobernuak oraindik ere esaten du ez dagoela koronabirus kasurik, eta atzerriko arazoa dela dio. Hala ere, kasurik ez izatea hango agintarien lorpen bat dela esateari utzi dio. Horrek ez du eragotzi Munduko Bankuak koronabirusari aurre egiteko emandako hogei milioi euroak onartzea.

Oposizioko komunikabide nagusietako bat den Turkmen.news atariaren editore Ruslan Matyievek azaldu duenez, duela gutxi Osasun Ministerioko arduradun gehienak kargutik kendu zituzten, argi utziz tokiko agintariak ez daudela gustura egungo kudeaketarekin. Kazetariak uste du litekeena dela laster erregimenak aitortzea COVID-19a herrialdera heldu dela. Gerta liteke agintariek garai batean hiesari eman zioten trataera bera ematea. Datu ofizialen arabera, Turkmenistanen hiesa diagnostikatutako bi pertsona daude.

Hala ere, Matyievek dio guztiek ezagutzen dutela herrialdean COVID-19ak jota hil den norbait. «Susmagarria zen zenbat pneumonia eta gripe kasu zeuden udan, 40 eta 45 graduko tenperaturak geneuzkanean». Turkmenistanen zatirik handiena basamortua da, eta udak luzeak eta beroak dira. Horretaz gain, arazoak daude beharrezko osasun arreta jasotzeko, ez baita erabat doakoa. Horregatik, herritarrek saihestu egiten dute erietxera joatea. «Informazio batzuek diote ehunka pertsonak eroskeriara jo behar izan dutela tomografiak egin ahal izateko», gehitu du kazetariak.

Pragako Unibertsitateko irakasle Slavomir Hovakek, Turmenistanen adituak, azaldu du ezin dela zalantzan jarri COVID-19a heldua dela Turkmenistanera. Haren esanetan, bi dira birusa herrialdera iritsi izana ukatzeko Asgabaten arrazoiak: «Lehena da propagandak behar duela presidentea superheroi gisa agertzea, herritarrak pandemiatik babes ditzakeen lehen mailako turkmenistandarra. Atzerriari begira, herrialde egonkor baten itxura eman nahi du, etortzen diren atzerritarrak defendatzeko gai dena, batez ere negozioak egitera datozenak. Orain COVID-19a badagoela esatea kaltegarria litzateke presidentearen irudiarentzat».

Pandemiak herrialde osoari eragin dio, eta ikusi dute nola gutxitu diren pertsonen mugimendua eta merkataritza, bai barnekoa, bai atzerriarekikoa. Oztopo asko daude herrialdean sartzeko, handik ateratzeko, eta barruan mugitzeko, batez ere hiriburura joateko. Horrek guztiak okerragotu egin ditu arazoak, batez ere atzerritarren joan-etorriak, langabezia maila handia eta janari urritasuna. Nekazaritza eremuetan bizi direnetatik asko Asgabatera joan ohi ziren lanera, hiriburura edo Awaza ingurura, non gune turistiko asko dauden, baina hori egun ezinezkoa da; beraz, jende askok lana galdu du, edo arazoak ditu bat aurkitzeko.

Pandemia kudeatu den moduan protesta mugimendu bat sortzea ezinezkoa den arren, Matyievek dio kritiko oro suntsitu egingo dutela. «Erregimena sendo dago. Gutxinaka gertatuko da agian, baina manifestariak banaka atzemango dituzte, segurtasun indarrak asko baitira».

Presidente berezia

2006tik, Gurbanguly Berdimuhademov da Turkmenistango presidentea, garai batean Osasun ministro izandakoa. Ohikoa da haren argazkia ikustea eskoletan, eraikin publikoetan eta telebistan. Aurreko presidente Saparmurat Niyazovek hasitako bideari jarraituz, pertsonalitateari gorazarre egiten dio, eta debeku bitxiak ezarri ditu; besteak beste, hiriburuan zuriak ez diren ibilgailuak sartzea edo 40 urte baino gutxiagorekin bizarra uztea. Osasun ministro izan zenean, itxi egin zituen eskualdeetako hiriburuetatik kanpo zeuden erietxe guztiak, eta herritar asko osasun arretarik gabe utzi.

Ohikoa da haren aurpegia ikustea telebistan, mota guztietako esku hartzeetan, hasi zaldi lasterketetatik eta limusina batetik tiro egiteraino. Oso ezagun egin zen 2019an egin zuen agerraldi bat, tarte batez komunikabideetan atera gabe egon ostean—hila zela ere zabaldu zen—. Hori gezurra zela frogatzeko, argazki batzuk banatu zituzten non basamortuan ageri baitzen, infernuko atea deitutako gune baten ondoan, irristatzen —horrela deitzen zaio gune horri, gasa sutan irteten delako handik—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.