EUSKAL DERBIA. Dani Vivian. Athleticeko jokalaria

«Irabaz genezakeela sinetsita zelairatu behar dugu»

Erdiko atzelariak ondo ikusten du Reala, baina Athleticek aurre egin diezaiokeela uste du. Europarako borrokan ikusten du taldea. «Europan jokatu gura dugu, eta iruditzen zait lortuko dugula», nabarmendu du.

JULIO MUÑOZ / EFE.
haritz gallastegi
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Dani Vivian (Gasteiz, 1999) nortasun handiko jokalaria da. Denbora gutxi behar izan du Athleticeko lehen taldean lekua egin eta gorengo mailako jokalaria dela erakusteko. Anoetan azterketa gogorra izango du.

Derbi batetik beste batera. Biak dira erakargarriak oso, jokatzeko politak. Hala ere, Realaren kontrakoa al da nagusia?

Osasunaren kontrako lehiari ilusio handiz egin genion aurre, eta intentsitate handiz bizi izan genuen. Dena eman eta irabaztera zelairatu ginen, baina argi dago larunbateko norgehiagoka berezia dela. Partida garrantzitsua da, eta anbizio handiz jokatuko dugu.

Reala al da ligan sasoi onenean dagoen taldea?

Ez dakit zer esan. Emaitza oso onak ari da lortzen; garaipen asko eskuratu du azkenaldion. Hala ere, talde asko gaude sasoi onean. Gu ere ondo ari garela iritzi diot. Eta beste talde batzuk ere ondo ikusten ditut.

Talde txuri-urdinak erasoan duen argitasuna nabarmentzekoa da, baina defentsako lanean ere ez da makala. Talde osoa eta fidagarria da arlo guztietan.

Oso ondo ari da, baina beste talde batzuk ere Europan sartzeko borrokan murgilduta gaude. Oraindik ez da amaitu lehen itzulia, eta asko falta da.

Athletic ere itxura ona ematen ari da. Talde lehiakorra zarete. Hala ere, gaur egun Reala koska bat gorago dagoela dirudi. Ados zaude?

Emaitzei erreparatzen badiegu, bai. Sailkapenak erakusten du aurretik dagoela. Hala ere, larunbatean [gaur] indarrak berdindu egingo dira. Oso lehia bizia izango da. Guk ez dugu ezer gordeko, eta ikusiko dugu zer taldek erakusten duen gose handiagoa.

Baikor zaude? Athletic Anoetan irabazteko kapaz da?

Bai. Derbia irabaztea da gure helburua.

Anoeta gainezka egongo da. Realak ekitaldi asko antolatu ditu partidaren inguruan giroa berotu eta harmailak betetzeko. Arduratuta zaude?

Ez. Oso ondo iruditzen zait. Horrela behar du. Badakigu zer sortzen den Donostia bisitatzen dugun bakoitzean. Guretzat motibazio iturri izan behar du. Partida polita izatea espero dut.

Motibatuta eta kontzentratuta zelairatu ezean, galtzeko arriskua handia izango da.

Hala da. Irabazi genezakeela sinetsita zelairatu behar dugu.

Derbi batean, joko mailak edo jarrerak du garrantzia handiagoa?

Biak dira ezinbestekoak. Emozioak kontrolatzea eta onena emateko prestatzea ezinbestekoa da neurketa hasieratik lehiakorrak izateko. Gogotsu zelairatu behar dugu, baina, behin hori lortuta, zelaian taldeari komeni zaion gisako partida jokatzea lortu behar dugu.

Nola jokatu gura duzue?

Aurrean presioa egin eta aurkariaren bila zelairatu behar dugu, ausart. Baloia galdu ondorengo presioa egiten txapelketako talderik onentsuena gara. Baloia berreskuratzen dugunean, gure erritmoa jartzen ahalegindu behar dugu. Ezin diogu Realari bere jokoa egiten utzi.

Silva, Kubo, Sorloth... futbolari oso onak zaintzea egokitu behar zaizu. Ez daukazu lan makala.

Bai, oso futbolari onak dira, baina gure taldean ere baditugu. Oso ondo ezagutzen dugu elkar. Partida parekatua espero dut, lehiatua. Ea gure alde amaitzen den.

Anoetako derbira azken partida biak berdinduta iritsi da Athletic. Ondo jokatutako partidak izan dira, baina banaka-banaka ezinezkoa da Europarako sailkatzea.

Badakigu, bai. Futbola justua da, eta zelaian ondo aritzen den taldeak, lehenago edo beranduago, saria izaten du.

Gauza asko egiten dituzue ondo, baina area inguruan argitasuna falta zaizue. Eta arlo horretan kale egiten bada, zaila da irabaztea. Gabezia hori hobetzerik badago?

Talde sendoa gara. Oso ondo defendatzen dugu, eta, gainera, jokalariok anbizioa daukagu. Horri zorte apur bat gehituz gero, denbora kontua da ate aurrean asmatzea.

Athletic kapaz al da hamar hilabeteko txapelketa batean Realaren, Betisen edota Vila-realen martxari eusteko?

Inolako zalantza barik. Gai garela erakusten ari gara. Sailkapenaren goiko postuetan gaude. Europan jokatu gura dugu, eta uste dut lortuko dugula.

Taldeak defentsan egiten duen lana nabarmendu berri duzu. Jokalari guztien ekarpenari esker da, baina erdiko atzelarion lana funtsezkoa da. Oso aurrean defendatzen duzue, arrisku handiak hartzera behartuta zaudete, eta, hala ere, bikain ari zarete erantzuten. Oraingo Athleticen indarraren giltza nagusietako bat zarete?

Talde batua gara. Erdiko atzelariok protagonismo handiagoa daukagu defentsako lanean, baina talde guztiak egiten duen ahaleginaren parte baino ez gara. Bi lagunek ezin dute defentsako zama guztia hartu; talde guztiaren lorpena da.

Iñigo Martinez, Yeray Alvarez eta zu. Talde askok hartuko lituzketen hiru erdiko atzelari ditu Athleticek. Zer nabarmenduko zenuke zure taldekideengandik?

Batak zein besteak duen irabazle sena eta karisma nabarmenduko nituzke.

Bigarren sasoia ari zara jokatzen Athleticen. Hartu diozu neurria gorengo mailari?

Bai. Ez zait asko kostatu. Pozik nago; esango nuke hazten ari naizela egunetik egunera.

Zer arlotan uste duzu daukazula hobetu beharra?

Goiko jokoan. Buruz jokatzeko orduan daukat hobetu beharra.

Teniente ezinena jarri dizute taldekideek. Zer dela eta?

Serioa izateaz gain, beti gauzen gainean nagoelako izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.