Bolada txarretan dena maldan gora

Alavesek 1-0 galdu du Vila-realen aurka, eta ligako azken postura erori da. Athleticek gertu izan du berdinketa, baina 2-1 galdu du Madrilen

Alaveseko Ohale atzo, Vila-realen, baloiarengatik lehian. LA LIGA.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Une txarrak iristen direnean dena atera ohi da gaizki, eta hala izan zen atzo ere. Alaves aurkaria baino gehiago izan zen atzo, baina 1-0 galdu zuen Vila-realen aurka. Athleticek ere galdu egin zuen, baina ligako bigarren sailkatua zuen aurrean. 2-1 irabazi zuen Real Madrilek.

Alavesek ezin izan zuen punturik eskuratu Vila-realen zelaian. Gasteiztarrentzat aurkari zuzena zen etxeko taldea Lehen Mailan mantentzeko helburua lortzeko bidean. Bi taldeak berdinduta iritsi ziren atzoko partidara, etaAlavesek aukera paregabea galdu du jaitsiera postuetatik ateratzeko.

Partida oso lehiatua izan zen hasi eta buka, baina lehen zatiko ordu erdia bete gabe zenean aurreratu zen etxeko taldea, Sheila Guijarroren gol bati esker. Kolpe gogorra izan zen gola Iñigo Juaristiren taldearentzat, baina hiruzpalau aukera garbi izan zituzten markagailuan banakoa ezartzeko. Carmen Carbonell atezainak, ordea, bikain bete zuen bere lana. Horrekin nahikoa ez, eta Jessica Abyk bigarren txartel horia ikusi zuen;Alaveseko jokalaria ez da datorren astean Levanteren aurkako partidan izango.

Athleticek gertu izan zituen puntuak, baina esku hutsik itzuli zen etxera. Estherrek aurreratu zituen etxekoak lehen zatian, eta Naomie Fellerrek egin zuen bigarrena atsedenalditik bueltan.

Hala ere, lanean jarraitu zuen Iraia Iturregiren taldeak, eta Jone Amezagak egin zuen zuri-gorrien gola 66. minutuan. Aukerak izan zituen Athleticek berdinketa lortzeko, baina zuri-gorriek ez zuten ate aurrean asmatu.

Realak, berriz, kolpea jaso zuen ostegunean Granadillaren zelaian galduta, baina arantza ateratzeko aukera izango du gaur, Zubietan (12:00, Dazn). Realak irabazi beharra du, lehen hiru postuetako borroka hori are urrutiago ez geratzeko. Aurrekariak ez dira txarrak. Bi taldeek duela hamar egun jokatu zuten elkarren aurka Espainiako Superkopan, eta Realak 1-0 irabazi zuen.

Gaurko partidan ez dira izango denbora luzerako min hartuta dauden Gaby Garcia eta Cecilia Marcos. Hala ere, denak ez dira albiste txarrak; Ana Tejada deialdian sartu da. Atzelariak txartel gorria ikusi zuen Granadillaren aurka, eta Realak aurkeztutako lehen alegazioak onartu gabe gelditu baziren ere, apelazio-batzordeak zigorra kendu dio azkenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.