jokin sagarzazu
GEURE KONTU

Bankuak beti garaile

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Aste honetan iritsiko zela iragarrita zegoen, baita bankuak dardarka jar zitzaketen bi epai jakinaraziko zituztela ere. Milaka milioi euro zeudela jokoan. Heldu dira, eta nork bere erara interpretatu ditu. Denak garaile, hauteskundeetan bezala. Argi geratu den gauza bakarrenetarikoa da bankuek milaka milioi horiek ez dituztela gaurtik biharrera trumilka galduko. Eta ez litzateke sorpresa izango ehunka zirenak ehunetan, dozenatan edo milioi gutxi batzuetan geratzea. Epaitegiek hitz egin dute, ezarri dituzte joko arauak, baina kasuan-kasuan erabakitzea falta zaie oraindik, eta hor banku handiek asko dute irabazteko kontsumitzaile txikien aurrean.

IRPH interes indizea duten hipotekei buruz eta revolving kreditu txartelei buruz ebatzi dute, hurrenez hurren, Espainiako Auzitegi Gorenak eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. 2008ko krisiarekin batera, interes tasak asko jaisten hasi zirenean bankuek asmatutako trikimailuak izan ziren, beste asko bezala. Produktu horiek saldu zituzten adieraziz kontsumitzaileen onerako zirela. IRPHaren kasuan esanez Euriborra baino egonkorragoa zela, eta jakinda —ezkutatuz— inoiz ez zela baxuagoa izango. Revolving-en kasuan, txartel horiek lagungarriak izango zirela kontsumorako kredituak bestela lortzeko aukera urriak (kaudimen arazoengatik-eta) zituzten pertsonentzat.

Orain artekoak behintzat erakutsi du bankuek milioi asko irabazi dituztela produktu horiekin. Eta orain epaitegiek mugak jarri badizkiete ere, ikusteko dago hozkadaren tamaina zenbatekoa den. Abokatuen bulego handiak hasi dira bezero bila komunikabide batzuetan. Kontsumitzaileen elkarteek salaketa kolektiboak egiteko deiak egin dituzte.

Sintomatikoa izan da, dena den, epaiak jakin berritan bankuek agertu duten lasaitasuna; arrazoia eman dietela azpimarratu dute bi kasuetan, nahiz eta baieztapen horrek hainbat zehaztasun behar izan. Kaltetuen artean ere poza, baina neurtua. Epaitegietako bideari —edota bankuekin negoziatzeari— aurre egin behar dietelako. Eta badakite hori zer den.

Egia da ate bat zabaldu zaiela. Baliteke ahaleginak merezi izatea. Baina finantza erakundeentzat, epaiak galduz gero, huskeria izan daitezke itzuli beharrekoak, produktu horiekin orain arte irabazi dutena eta irabazten jarraituko dutena kontuan hartuta; biak ala biak legezkoak izango baitira oraindik ere, bankuen patronalek azpimarratu duten moduan.

Revolving txartelen kasuan, berriz, %27ko interesak kobratzen ari ziren. Epaiaren ondoren, gehienez, %20 izango da —hori da egungo batezbestekoa, baina igo daiteke—. Batezbestekotik gorakoak zigortu ahalko dituzte epaileek, eta erakunde mailegu-emaileek bezeroei itzuli beharko dizkiete kobratutako gehiegizko tasak, epaia irabaziz gero. Baina muga hor jartzea garaipena ere bada bankuentzat. Deigarria da Gorenak berak, bere epaian, adieraztea tasa hori «gehiegizkoa» dela, baina indizearen kalkulua ofiziala denez ezin duela ezer egin —legegileak ez badu legea aldatzen, behintzat—.

IRPH indizearen kasuan ere erdibidean geratu den sentsazioa utzi du Luxenburgoko erabakiak. Legezkotasuna ez zegoen jokoan, baina gogorrago mintza zitekeen, eta gobernua zuzenean interpelatu, baliogabetu zezan iradokiz. Baina Madrilek ez du horrela ulertu, egin duen balorazio txepela ikusita —funtsean, bakarrik esan du IRPHa ofiziala dela—. Era berean, egia da epaiak berriz ireki dituela salaketak jartzeko ateak, itxita zeudenak. Baina horrekin ere aukera ematen dio Gorenari bere erara interpretatzeko ebazpenean esaten direnak, eta nolabait horiek mugatzeko, zoru klausulekin egin zuen moduan eta hipoteken zergekin egin zuen bezala, modu ageriko batean bankuen alde eginez. Kasu horretan, Goreneko epaimahai batek bezeroen alde ebatzi zuen, baina aurkakoa auzitegi bereko osoko bilkurak. Eskandalua ikusita, azkenean, gobernuak legea aldatu behar izan zuen, zerga horiek bankuek ordain ditzaten. Horiek aurrekariak, beraz.

Iragarri zuten oso denbora gutxian bi epai helduko zirela, bankuak dardarka jar zitzaketenak. Baina iritsi, koronabirusa iritsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.