Aurreiritzien gainetik

Aritz Aranburuk denbora darama kanabidiola edo CBDa erabiltzen. Kalamuaren deribatuetako bat da, eta nekea, mina eta estresa arintzeko balio du. 2018an WADAk legezkotzat jo zuenetik, gero eta gehiago erabiltzen da kirolean. «Epaitu aurretik, ondo informatzeko eta probatzeko eskatuko nuke», aldarrikatu du.

Aritz Aranburu, olatu gainean. DAMIEN POULLENOT / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Duela bost urte izan nuen lehen aldiz haren berri, Hawaiin. Kolpe bat jaso nuen uretan, eta minduta nengoen. Han ginen etxeko jabeak probatzeko eskaini zidan. Kalamu hitza entzun bezain laster ezetz esan nuen. Atzeraka egin zidan. Baina zehazki zer zen, nola funtzionatzen zuen, eta legezkoa zela azaldu zidanean, pentsatu nuen on egin ziezadakeela. Probatu egin nuen, eta on egin zidan. Ordutik erabiltzen dut».

Aritz Aranburu surflariarena da aitorpena (Zarautz, Gipuzkoa, 1985). Kanabidiolaz edo CBD siglekin ezaguna denaz ari da. Kalamuan dauden kannabinoideetako bat da, eta tetrahidrokanabinola (THC) ez bezala, ez da psikoaktiboa. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), ez du eraginik, ez da osasunarentzat kaltegarria, eta ez du menpekotasunik sortzen. Aspaldi erabiltzen da surf, skateboard eta antzeko muturreko kiroletan, baina haren erabilerak nabarmen egin du gora 2018an Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA) legez kanpoko substantzien zerrendatik kanpo utzi zuenetik.

Kirolariek CBDaz gehien estimatzen dutena da oso baliagarria dela analgesiko edo antiinflamatorio moduan, eta, ohiko produktuekin alderatuta, naturalagoa dela. Baina baditu beste onura batzuk: jateko gogoa ematen du; loa errazten du, eta atsedena eta indarberritzea ahalbidetu; buruko kolpeak osatzeko balio du, baita azalaren zenbait gaixotasun tratatzeko ere.

Aranburuk erabat barneratuta du egunerokoan. «Eliteko kirolari guztiok ditugu erabat osatzen ez diren lesioak. Ni, adibidez, garondoan min handia edukitzekoa izan naiz, eta CBDak mesede handia egin dit oinaze horiek arintzeko. Asko lasaitzen dit, eta egunean zehar pilatutako tentsioa kentzeko balio dit. Erabat barneratuta dut egunerokoan, luzaketekin eta meditazioarekin batera». Eten bakarra egin du haren erabileran, surfa olinpiar kirola izango zela jakin zuenean. «Badaezpada» egin zuen, «positibo ez emateko». Baina WADAren erabakiaren berri izan bezain laster ekin zion berriro CBDa hartzeari.

Azpimarratu duenez, «beti» izan da produktu naturalen aldekoa, eta CBDa ere halakoa dela dio. Adibide sinplea jarri du. «Nik azken aukera moduan bakarrik hartzen ditut botikak. Gainera, ibuprofenoak kalte egiten dit. Beraz, izugarri eskertzen dut ordezko natural bat izatea».

Badaki kalamuaren deribatua izateak «mesfidantza» eragiten duela. «Jendeak, kalamu hitza entzun, eta jarrita egotearekin lotzen du. Aurreiritzi asko dago, eta normala ere bada. Nik ere banituen. Baina beste landare bat gehiago da. Gainera, beti diot: inor edo zerbait epaitu aurretik, edo ondorioak atera aurretik, lehenbizi, ondo informatu beharra dago; eta gero, nahi izanez gero, probatu, eta ikusi ea mesede egiten duen».

Behin baino gehiagotan azaldu behar izan du, nazioartean, eta, bereziki, AEBetan CBDaren erabilera oso zabaldua dagoen arren, oraindik ezezaguna baita toki askotan. «Lagun asko ditut AEBetan, kirolariak eta ez kirolariak, eta han oso ohikoa da. Hemen, aldizez, eta jendeari atzeraka egiten dio». Ez zaio halakorik gertatu etxean. «Nire gurasoak oso irekiak dira, eta nitaz fidatzen dira. Amak, adibidez, erabiltzen du, eta oso gustura dago. Batzuei gehiago, beste batzuei gutxiago, baina probatu duten guztiei on egin die. Inori ez dio kalte egin».

Olioa, krema hidratatzailea eta baltsamoa erabiltzen ditu. Europan ezin da ahoratu, Elikagai Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA) oraindik ez baitu baimendu haren erabilera elikagai osagarri gisa; horregatik, kosmetiko moduan saltzen da, kanpoko erabilerarako. AEBetan eta Japonian, ordea, baimenduta dago janari osagarri gisa.

Erleak eta kanabidiola

Aranburuk AEBetako merkatura jo behar izan du denbora askoan, baina urtebete darama The Beemine Lab Madrilgo enpresaren produktuak hartzen. Haren enbaxadorea da. Ez da kasualitatea. «Nire pentsaerarekin bat egiten duen enpresa da: modu jasangarrian egiten dute lan, erlezaintzarekin nahastuta. Oso egitasmo polita da».

Duero ibaiaren bokalean du iturburua The Beemine Labek. Haren sortzailea da Telmo Guell (Madril, 1994). «Proiektu bat sortu nahi nuen erleen inguruan». Zergatik erleak? «Ekosistemarako oso garrantzitsuak baitira: landa lurraren %80a polinizatzen dute.Klima aldaketak giza jardueran duen eraginaren neurgailu bat dira erleak».

Ez zuten berehalakoan lortu arrakasta. «Hainbat egitasmok kale egin zuten, baina konturatu ginen eztia bereziki osasunerako eta ongizaterako erabiltzen dela, propoleoa edo pilulak erosita. Eta argi genuen XXI. mendeko medikuntza iraultza kanabidiola zela. Asko ari zen hedatzen. Biak uztartzea pentsatu genuen, eta ideia horrek arrakasta izan zuen».

Guellen arabera, kanabidiolaren arrakastaren gakoada ez duela efektu psikoaktiborik, eta propietate terapeutikoei eusten diela. «Enpresa askok ikusi dute gai direla landare horiek genetikoki aldatzeko THC eman ez dezaten, ateratzea naturalki egin dadin, eta zati psikoaktiboak izan ez ditzaten. Kalamua sendagai natural terapeutiko oso baliagarria izatera irits daiteke».

Guellek azpimarratu du haien produktuek ez dituztela THC zatirik. «Asko zaintzen dugu esparru hori. Analitika bat baino gehiago egiten ditugu. Garrantzi handia ematen diogu THC zatirik ez izateari. Baten bat egon daiteke, baina ez kanabidiolaren konposizioan, kalamu haziaren estraktuan baizik. Baina oso-oso txikiak dira, %0,01. Laborategian erabiltzen den detekzio metodoaren araberakoa da. Maila gorago jarriz gero, ez du detektatzen».

Argi du: 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoak «erakusleiho bikaina izango da kanabidiolaren negoziorako eta kalamuaren inguruan dauden aurreiritzi eta estigmak hausteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.