Asteko azkena, Realarentzat izan ezik

Alavesek, Athleticek eta Eibarrek ligako norgehiagokak dituzte gaur. Realean hainbat COVID-19 kasu azaldu dira, eta ez du jokatuko

Alaveseko jokalariak, Madrili sartutako goletako bat ospatzen. LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Gabonetako etenaren ostean, egutegi betearekin itzuli da Espainiako Liga. Iragan asteburuan ekin zitzaion berriro ere lehiari, eta astebetean hiru jardunaldi jokatu dira. Gaur ziren jokatzekoak lau euskal taldeak. Athletic, Alaves eta Eibar lehiatzeko moduan dira. Ez, ordea, Reala. Natalia Arroyoren taldeko hainbat jokalarik positibo eman dute COVID-19an, eta, horrenbestez, atzo goizean bertan jakinarazi zen Bartzelonaren aurkako partida atzeratu egin dela.

Ikusmin handia zegoen neurketaren inguruan. Izan ere, ligako lehen bi sailkatuek neurtu behar zituzten indarrak. COVID-19ari aurre egiteko neurriak direla medio, 800 zalerentzako lekua dago Zubietako Z7 zelaian, eta ostegunetik bazkideek sarrera guztiak agortu zituzten. Reala denboraldi biribila egiten ari da, eta zaleak gogotsu ziren Europako txapeldunaren kontra balentria egiteko moduan zen ikusteko. Arroyok berak berretsi zuen taldean zegoen ilusioa. «Onenen aurka lehiatzea beti da aukera bat. Zaila da, baina gertu egon nahi dugu. Ilusioz eta ziurtasunez jokatu behar dugu, eta gure momentu onak ahalik eta gehien luzatu», adierazi zuen herenegun Arroyok, partida atariko prentsaurrekoan. Koronabirusaren ondorioz, ez da posible izango.

Realaren ostean, Alaves da sailkapenean ondoen kokatuta dagoen euskal taldea. Liga hasiera bikain baten ostean, arabarrek sei partida egin zituzten hiru puntuak patrikaratu gabe. Asteazkenean eten zuten emaitza bolada txarra, Madrili 2-1 irabazita. Mikel Cresporen taldeak ligako zelai deserosoenetako batean jokatuko du gaur: Tenerifeko Granadillarenean (13:00). Zelaia txikia da, eta belar artifizialekoa. Horrek zaildu egiten du hara jokatzera joaten diren taldeen jarduna. Crespok «oso gustura» amaitu zuen taldeak Madrilen aurka egindako lanarekin, eta gaur segida eman nahi dio. «Azken partidetan, kostatu egin zitzaigun lerro artean zuloak topatzea, baina Madrilen aurka, lortu genuen. Gainera, defentsan ere oso sendo aritu ginen, nahiz eta gol bat sartu ziguten. Horrela jarraitu nahi dugu». Gaurko neurketan, bi jokalari garrantzitsu faltako ditu: Cristina Cornejo atezaina eta Mery Ortiz de Pinedo kapitaina. Cornejok min hartu zuen eskuan Madrilen aurka, eta ez da osatu. Ortiz de Pinedok eskuineko hankan du min, eta Madrilen aurka ere ez zuen jokatu.

Athleticek Levanteri egingo dio bisita (11:00). Zuri-gorriek ez dute nahi bezala hasi urtea. Galdu egin zuten Realaren aurkako derbia, Anoetan, eta berdindu egin zuten asteazkenean, Betisen aurka. Iraia Iturregik argi du, taldeak Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan egon nahi badu, aurrerapauso bat eman behar duela. «Uste dut merezi baino puntu gutxiago ditugula. Baina partidako une erabakigarrietan gehiago asmatu behar dugu». Levante ere antzera dago. Aurreko denboraldian Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu ostean, horretarako hautagai nagusietako bat zen. Baina joko eta emaitza aldetik, denboraldi oso gorabeheratsua egiten ari da. Athleticeko entrenatzaile ohi Angel Villacampak zuzentzen du taldea, eta urruti du helburua. Lehen itzuliko neurketan, hala ere, hiru puntuak eraman zituzten Lezamatik: 2-3 gailendu zen. Athleticek penalti bat huts egin zuen partidako azken unean. Antzeko neurketa espero du Iturregik: «Partida fisikoa izango da, eta erasoko jokoa izango da nagusi. Detaile txikiek erabakiko dute».

Eibarrek arnasa hartu zuen iragan igandean, Rayoren zelaian irabazita. Baina berriro ere denboraldi honetan sarri gertatu ohi zaiona gertatu zen asteazkenean, Levanteren aurka. Partida txukuna jokatu zuen, baina azken unean galdu egin zuen (1-2). Hala, bi garaipen erreskadan kateatu ezinik dago, eta gertu ditu jaitsiera postuak. Betisen zelaian jokatuko du gaur (11:00). Ana Junyent entrenatzaileak azpimarra hau egin dio partidari: «Zaila izango da. Haiek une onean daude. Multzo oso sendoa dute, eta ideiak oso argi dituzte. Geldikako jokaldietan, gainera, min handia egiten dute. Baina azken bi partidetan lan onak hauspotu egin behar gaitu, nola edo ahala punturen bat lortu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.