Errusiako Munduko Kopa

Ez begiratu zapatei

Umezaroko bizimodu makurra atzean utzita, izar bihurtu da Sadio Mane. Liverpooleko aurrelaria da Senegalgo selekzioaren liderra. Abiadura eta bertikaltasuna ditu bertute.

enaut agirrebengoa
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Futbolaria ez dute zapatek egiten. «Eta eskerrak», esango du Sadio Manek (Sedhiou, Senegal, 1992). Bestela, ezinezkoa zitzaiokeen Afrikatik irten eta Europan eliteko futbolean tokia egitea. Muturreko pobrezian hazi zen Mane. Ezer ere ez zuen, baloia izan ezik. Futbola zuen ihesbide bizimodu petral hartan. Ordu luzez aritzen zen lurrezko zelai inprobisatuetan, oinetakoak urratzen. 15 urterekin Dakarrera joan zen, Senegalgo hiriburura, futboleko prestakuntza zentro batean sartzeko ametsarekin. Probara zapata hautsiekin eta arropa zarpailekin azaldu zen, aztertzaileen harridurarako. Haatik, zapatak estalki hutsa baino ez dira; oinetan eta buruan dago futbola. Ondo erakutsi zuen hori Mane gaztetxoak, eta, ordutik, gora egin du pausoz pauso, Liverpoolen mundu mailako izar bilakatzeraino.

Ronaldinho heroitzat zuen umetan, eta xehetasun osoz aztertzen zituen haren keinu guztiak. Bada, aldeak alde, antzekotasunik bada bien artean: zaleak aulkitik altxatzeko gaitasuna du Manek, brasildarrak bere garaian bezala. Jokalari bizi eta fisikoki ahaltsua da Mane, aurkarien defentsak korrikaldi bizkorrekin apurtzen dituen horietakoa. Bi hegaletan moldatzen da ondo, eta oso zorrotza da azken metroetan. Ezaugarri horien lehen laginak Generation Foot taldearen haztegian utzi zituen. Han 131 gol sartu, eta begirada ugari bereganatu zituen. Gurasoak ez zeuden ados semeak hartutako erabakiarekin. Jaioterritik urrunegi zegoela zeritzoten. Aitzitik, Mane jakitun zen edozein unetan Europara jauzi egiteko aukera irits zekiokeela.

Metzek (Frantzia) eman zion abagunea, 2011n. 19 urte zituen Manek, eta erakutsi zuen gaia bazuela Europan ere bidea egiteko. Sasoi bakarra eman zuen Frantzian, gero Austriara joan baitzen, Red Bull Salzburgon jokatzeko. Beste koska bat igo zuen han. 45 gol sartu zituen 87 partidatan, eta Austriako Bundesliga eta Kopa irabazi zituen. Eta onena etortzeko zegoen oraindik. Haren jardun distiratsuak Europako liga garrantzitsuenetako talde ugariren interesa piztu zuen, eta 2014-15eko sasoian Southampton Ingalaterrako taldeak fitxatu zuen. Handia zen jauzia, baina senegaldarra ez zuen kikildu Premier Leaguen jokatzeko erronkak. Lehen sasoian ez zuen inor epel utzi.Bere bertute guztien berri eman, eta hamar gol sartu zituen. Gainera, marka berri bat ezarri zuen Premier Leaguen, Aston Villari hiru gol sartu baitzizkion bi minutu eta 56 segundoan.

Southamptonen beste urtebetez egon zen. Baina 2016an Liverpoolek fitxatu zuen, 41 milioi euroren truke. Europako talderik handienetako batera iritsita, umezaroko ametsa bete zuen Manek, eta orduko errealitate zitala behin betiko irauli. Bete-betean asmatu zuen piura errukarriko nerabe hartan etorkizun oparoko futbolari bat ikusi zuen ikuskatzaileak. Anfielden munduko hegaleko onenetako bat bihurtu da. Aurten, hiruko beldurgarria osatu du Mohamed Salahrekin eta Roberto Firminorekin batera, eta hatz puntekin ukitu du loria Txapeldunen Ligan. Hasierako zapata zaharren aldean, punta-puntakoak ditu orain. Edonola, ez da ahaztu jatorriez: 200.000 libra eman ditu aurten bere jaioterrian eskola bat eraiki dezaten.

Une gazi-gozoak selekzioan

Senegalek balentria latza lortu zuen 2002ko Korea eta Japoniako Munduko Kopan, Manek 10 urte besterik ez zuela. Bere estreinaldian final-laurdenetara iritsi zen Senegal, ligaxkan Frantzia eta Uruguai atzean utzi, eta final zortzirenetan Suedia kanporatu ondotik. Selekzio hartako kide zen Aliou Cisse. Orain, Errusiako Munduko Kopan, tamaina hartako ezustekoa eman nahi du Senegalgo selekzioak, Mane izartzat harturik, eta Cisseren lemapean.

Liverpooleko jokalariak 2012an egin zuen debuta Senegalekin, eta 48 partida jokatu ditu ordutik. Estreinako urtean Londreseko Olinpiar Jokoetan hartu zuen parte. Final-laurdenetara iritsi zen Senegal. 2017ko Afrikako Kopan ere finalerdien atarian gelditu zen, eta Manek orduan bizi izan zuen unerik zailena selekzioan, penalti erabakigarri bat huts egin baitzuen. Akats haren ondorioz, mehatxuak eta erasoak sufritu zituen jokalariaren familiak. Edonola, berandu gabe bizi izan zuen txanponaren beste aldea, bere historiako bigarren Munduko Koparantz gidatu baitzuen Senegal. Orain, handia egin nahi du Errusian jokatzen ari den txapelketan. Estreinakoan bere alea jarri zuen Senegalek Poloniaren kontra lorturiko garaipenean, distira berezirik egin ez arren. Gaur, bere dohain guztien berri ematen saiatuko da, Japoniaren aurka, Jekaterinburg estadioan (17:00, Cuatro eta BeIN France).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.