Albistea entzun

Ahalmenaren erakusgarri

Poelsek irabazi du Vueltako azken etapa menditsua, Evenepoeli ihesaldiko esprinta irabazita. Kuss txapeldun izango da gaur
Jonas Vingegaard, Sepp Kuss eta Primoz Roglic, besarkatuta helmugaratzen, atzo.
Jonas Vingegaard, Sepp Kuss eta Primoz Roglic, besarkatuta helmugaratzen, atzo. MANUEL BRUQUE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko irailak 17

Jumbo Visma taldearen jolastokia izan da aurtengo Espainiako Vuelta. Goitik behera gailendu zaie aurkariei, eta nagusitasun horren erakusgarri da taldeko hiru liderrek atzo helmugan eskaini zuten irudia: elkarri helduta sartu ziren Sepp Kuss, Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic, gaur podiuma hirurek osatuko dutela ospatzen. Argazkiaren erdian Kuss zegoen, hura izango baita Vueltako irabazlea. Langileak gaina hartu die buruzagiei, eta haien aitorpena izan zuen atzo helmugan.

Vueltako 20. etapa izan zen, mendiko azkenekoa, eta faboritoen artean ez zen borrokarik izan. Sailkapeneko lehen hiru postuak erabakita zeuden, eta Mikel Landa (Bahrain) eta Enric Mas (Movistar) ez ziren saiatu Juan Ayusoren (UAE) laugarren postua kolokan jartzen.

Hori horrela, etaparen lehiak piztu zuen ikusmina. Remco Evenepoel (Soudal) laugarren garaipena lortzen saiatu zen, eta gertu izan zuen, baina iheslarien esprintean gehiago izan zen Wout Poels (Bahrain). Herbeheretarrak bigarren garaipena du itzuli handi batean, eta biak aurten lortu ditu: Tourrean nagusitu zen lehenik, eta, orain, arrastoa utzi du Vueltan ere.

Langile engaiatu bat baino gehiago da Poels. Maila handia du, eta gauza handiak egiten ditu askatasuna ematen diotenean. Beste horrenbeste esan daiteke Kussen inguruan. Estatubatuarra uztarriari lotuta ibili izan da ia beti, baina etekina atera dio lasterketaren testuinguruari, eta bere ibilbideko lorpenik handienaren atarian dago. Azkeneko defentsa saioa izan zuen atzo, eta inolako arazorik gabe eutsi zion maillot gorriari. Bere taldeak erritmo lasaia ipini zuen tropelean, eta aurkariak ez zitzaizkion oldartu. Taldekideak ere ez; Vingegaardek eta Roglicek onetsi egin dute azkenean Kussen garaipena.

Iheslariak, ordea, ez zeuden etapa oparitzeko. Azken aukera izan zezaketen tropelari izkin egiteko, gaurko etapan esprinta espero baita. 31 txirrindulari ibili ziren alde eginda, eta begirada guztiak Evenepoelek bereganatu zituen. Itxura batean, hura zen ihesaldiko indartsuena, eta, hori gutxi balitz bezala, hiru taldekide zeuzkan gurditik tira egiteko. Poels, baina, prest zegoen flandriarrari itzal egiteko, baita Marc Soler (UAE), Lennert Van Eetvelt (Lotto), Lennard Kamna (Bora), Lenny Martinez (Groupama), Romain Bardet (DSM), Pelayo Sanchez (Burgos) eta Rui Costa ere (Intermarche).

Hirugarren mailako hamar igoera gainditu behar zituzten, eta, azkenekoan, San Lorenzo de El Escorialen, puskatu zen lasterketa. Poelsek erasora jo zuen, eta hasieran, ezinean gelditu zen Evenepoel. Egunez egun pilatutako nekearen ondorio izan zitekeen. Alabaina, atzetik aurrera egin, eta Poels, Sanchez, Van Eetvelt eta Solerrekin bat egin zuen tontorretik igaro eta gutxira. Haien artean jokatu zuten garaipena, eta Poels izan zen esprinta abiatzen lehena. Oso urrutitik jo zuen, baina eutsi egin zion abiadurari, baita suziria bezala gainera etorri zitzaion Evenepoeli ere. Hirugarren Sanchez izan zen.

Mas, Ayuso eta Landa 10.21era iritsi ziren helmugara, eta hamasei segundo geroago azaldu zen Jumbo taldeko hirukotea, Vueltan egin duten balentria ospatzen. Gozatua hartuko dute gaur ere, Madrilgo podiumean. Kussek hamazazpi segundo aterako dizkio Vingegaardi, eta 1.08 Roglici. Landak bosgarren bukatuko du, Kussengandik 4.03ra.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Derbia baino lehen, badute zeregina

Haritz Gallastegi - Ainara Arratibel Gascon

Athleticek Getafe hartuko du gaur, bolada ona luzatzeko asmoz. Realak Valentzian lortu nahi du denboraldiko lehen garaipena, etxetik urrun

Bi modeloen artean, erdian, Joan Perarnau Luanvi etxearen ordezkaria, Fernando Ibarreta Behobia-Donostiako produktore eragilea eta Martin Fiz, elastikoaren aurkezpenean. / ©Behobia-Donostia

'Behobiaren bila' bideoan, euskararen arrastorik ez

Jon Ordoñez Garmendia

Behobia-Donostia lasterketako aurtengo elastikoa aurkeztu du Fortunak bideoklip batean. Ez dago euskararen arrastorik.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Arraunak bizitzeko modu bat eman dit»

Mikel O. Iribar

Arraunaren gurpiletik irten da Nadeth Agirre. «Garaia iritsi dela sentitu dut». Orioko traineruaren uretaratzea, bilakaera eta loria bizi izan ditu, bere betiko lekuan: ontziaren txopan.

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Kontxa irabaztea baino modu hoberik ez dago arrauna uzteko»

Mikel O. Iribar

Zaratarik atera gabe joan da arraunetik Eli Pescador, Hibaikan hamahiru urte eta Arraun Lagunak-en hiru urte egin ondoren. «Gorputzak esan dit nahikoa dela». Penatuta dago, baina Donostiako taldean egindako bidea «oparia» izan dela aitortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.