Bi ikono aurrez aurre

Ezequiel Avila eta Iago Aspas ligako aurrelari onenen artean daude, eta nor baino nor gehiago ariko dira gaur, Celtak eta Osasunak Balaidosen jokatuko duten lehian. Zortzi gol daramatza batak, eta zazpi besteak.

enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Talde guztiek dituzte ikurrak. Aparteko distira egin, eta itsasargi gisa jarduten duten jokalariak. Osasunan, Ezequiel Avila Chimy (Rosario, Argentina, 1994) da ipar izarra. Urte erdia baino ez darama Iruñean; nahikoa zale gorritxoen idolo bihurtzeko. Jagoba Arrasatek talde bizi eta oldarkorra osatu du, eta aurrelari argentinarra da estilo horren ordezkaririk onena. Bada, gaur eragin handiko beste ikono bat izango du aurrean: Iago Aspas (Moaña, Galizia, 1987). Aurrelaria Celtaren kapitaina eta golegile nagusia da, baina ez hori bakarrik; benetako liderra da, unerik okerrenetan agertzen den salbazio taula. Galiziako taldea gozakaitz dabil azken garaietan, baina egoera are makurragoan legoke Aspasengatik ez balitz.

Balaidosen jokatuko den lehiak garrantzi handia du Celtarentzat nahiz Osasunarentzat. Urteko lehen neurketa izateaz aparte, eragin handia izan dezake mailari eusteko borrokan. Egun, Celta da jaitsiera postuen langa ezartzen duen taldea, hamalau punturekin. Nafarrek bederatzi gehiago dituzte , eta, gaur irabaziz gero, jota utziko lituzkete galiziarrak. Munta handiko partida da, baina ez dira gutxi izango paso egingo duten zaleak, Errege gaueko afari legea lehenetsita Espainiako Ligak entzungor egin die ordutegia aldatzeko eskaerei. Zalantzan denarentzat, tentagarria izan daiteke Avila eta Aspasen arteko buruz burukoa ikustea. Biak daude oso bolada onean: argentinarrak sei gol sartu ditu azken sei partidetan, eta galiziarrak bost, beste horrenbeste partidatan. Hortaz, ziurtaturik dago ikuskizuna.

Bakoitza bere modura da ikusgarria. Avila ahaltsuagoa da fisikoki, eta indar horretan oinarritzen du bere jokoa. Korrikaldi biziak eta jaurtiketa bortitzak dira haren bereizgarriak. Gartsuagoa ere bada; baloiarengatik behin eta berriz borrokatzen da, erregaia sekula agortuko ez balitzaio bezala. Ezinezkoak diruditen baloiak irabazten ditu, eta, jabetza berreskuratzen ez duenetan, korrika eta presaka aritzera behartzen ditu aurkariak. Gorritxoen oxigeno botila da. Baita golegile nagusia ere, dagoeneko zortzi ale sareratuta. Soilik Messik, Benzemak eta Suarezek daramate gol gehiago —hamahiru, hamabi eta hamar, hurrenez hurren—.

Aspas ez dago urruti sailkapen horretan, zazpi golekin. Galiziarrak ez zuen baloirik sareratu ligako lehen zazpi jardunaldietan, baina, pixkanaka, bere onera ari da itzultzen. Albiste hoberik ez dago aurrelariarekiko erabateko menpekotasuna duen Celtarentzat. Galiziarrek izen handiko jokalariak fitxatu zituzten iazko udan; hala nola Rafinha, Mina eta Denis Suarez. Alabaina, Aspasek segitzen du gurditik tira egiten. Avilaren indarrik gabe, baina jarraitutasunez, eta talentu ia mugagabearekin. Jokoa oso jokalari gutxik bezala interpretatzen du, eta gogora etortzen zaizkion fantasiak errealitate bihurtzen ditu, aparteko abilidade teknikoari esker.

Goitik beherako aurrelaria da: espazioak bikain baliatzen ditu; maisua da faltak eta penaltiak jaurtitzen; abila driblinean; eta areako arratoi bihurtzen da komeni denean. Eta hori guztia gutxi balitz, askotan metro batzuk atzera egin, eta jokoaren sormenean laguntzen du.

Eskarmentu aldetik ere, dezenteko aldea dago bien artean. Avila Aspas baino zazpi urte gazteagoa da, eta bigarren urtea baino ez du Espainiako Lehen Mailan. Iaz hamar gol sartu zituen Huescan, eta aurten marka hori ontzeko bidean da. Aspasek, berriz, zortzigarren urtea du gorengo mailan, eta bertan dagoeneko 93 gol sartu ditu Celtaren elastikoarekin. Hasiera-hasieratik izan da Galiziako taldearen salbatzailea: 2008-09an sartu zituen bere aurreneko bi golak, Alavesen aurka, eta Celtari Bigarren B Mailako amildegitik libratzeko balio izan zioten. Lehen urrats handia 2011-12ko sasoian egin zuen, Bigarren Mailan 23 gol eginda. Hurrengoan, Lehen Mailan, 12 sartu zituen.

Etxean bezala, inon ez

Liverpoolen deia jaso zuen orduan. Anfieldeko taldean, ordea, bere mailarik onenetik urrun aritu zen, baita Sevillan ere, hurrengo urtean. Etxera itzultzea deliberatu zuen orduan, eta har zezakeen erabakirik onena izan zen. Izan ere, golak sartzeko makina bihurtu da geroztik: 75 gol sartu ditu ligan azken lau sasoietan.

CELTA-OSASUNA
Celta. Ruben Blanco; Mallo, Aidoo, Costas, Lucas Olaza; Lobotka, Okay Yokuslu, Rafinha; Santi Mina, Pione Sisto eta Iago Aspas.
Osasuna. Sergio Herrera; Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñan; Torres, Oier, Brasanac, Ruben Garcia; Adrian eta Chimy Avila.
Epailea. Cuadra Fernandez.
Lekua. Balaidos (29.000 ikusle).
Ordua. 21:00etan (MovistarLa Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.