Laso 11 Ezkurdia 22

Ezkurdia, bi aldiz hobea

Aspekoak nagusitasun osoz irabazi dio Unai Lasori, eta Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du lau eta erdiko finalerdietan, datorren larunbatean, Labriten. Baiko pilotaririk gabe geratu da

Joseba Ezkurdia, Unai Lasori irabazi eta Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietarako sailkatu izana ospatzen, atzo, Iruñeko Labrit frontoian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jon eskudero
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 185.
Iraupena. 46 minutu.
Sakez. Lasok, batere ez, eta Ezkurdiak, bost; falta bat egin zuen.
Markagailua. 0-4, 3-4, 3-5, 4-5, 4-10, 6-10, 6-11, 9-11, 9-12, 10-12, 10-21, 11-21 eta 11-22.
Bestelakoak. Bete egin zen Labrit pilotalekua: 1.200 ikusle inguru. Apustuak parean irten ziren.

Harmailak erabat gainezka zirela, ikusmin eta gogo itzela zuten pilotazaleek Unai Lasoren eta Joseba Ezkurdiaren arteko lau eta erdiko partida erabakigarria ikusteko, atzo, Iruñean, Labriten. Final-laurden klasikoa izaki, eta bi pilotari on kantxan egonik, aspaldiko girorik onenetakoa sortu zen, baina ikusleen gogoa asetzerik ez zuten lortu bi pilotariek. Ezkurdia Laso baino gehiago izan zen, jokoz eta emaitzaz, eta ongi merezita sailkatu zen finalerdietarako. Hasi eta buka, abiadura handiz eta konfiantza izugarriarekin aritu zen arbizuarra, eta Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du datorren larunbatean, berriz Labriten. Orain arte ez bezala, pilota bihurritzen asmatu zuen, eta txapelerako hautagai sendoa dela erakutsi zuen. Hala ere, bere mailatik oso urrun jokatu zuen Lasok. Horiek hala, Baiko ordezkaririk gabe geratu da txapelketan.

Lehen tantotik erakutsi zuen Ezkurdiak bestelako gorputzaldiarekin iritsi zela. Orain arteko partidetan ez zuen lortu bere ohiko jokoa egiterik ere, baina atzo, egun erabakigarria izaki, zezen baten moduan kantxaratu zen. Sakea ongi baliatu, eta, angeluak ezin hobeki topatuz, 0-4 aurreratu zen berehala. Erasokor eta ausart jokatzeko zegoen. Bien bitartean, bere lekutik aterata suma zitekeen Laso. Hala ere, ongi erreakzionatu zuen aurkariaren erasoaldiaren aurrean, eta, defentsan oinarrituz, bere onera ekarri zuen emaitza: 3-4 eta 4-5. Tarte horretan zinez tanto gogorrak jokatu zituzten; hogei pilotakada ingurukoak izan ziren ia denak, abiadura bizian jokatuak. Hauspoak garrantzia izango zuela jakina zen. Bada, Ezkurdiak hobeki eutsi zion erritmoari, eta sei tantoko aldea lortu zuen lan erdiak egiterako: 5-11.

Aitzakia gutxi jar zekiokeen ordura arte Ezkurdiaren lanari. Pilota oso bizi ibiltzeaz gain, ezker-eskuin ederki mugitu zuen aurkaria, eta tantoa amaitzeko garaian ere inspiratuta aritu zen. Ordea, garai txarrean falta egin zuen saketik, eta horrek arnasa eman zion Lasori. Bere pilota kantxaratuta, bestelako itxura bat eskaini zuen Baikoko pilotariak hiruzpalau tantoz. Bitan pentsatu gabe airearen bila joatea erabaki zuen, eta 9-11ra arte ere hurbildu zen. Batez ere, ezker airearen bidez lortu zituen tantoak. Baina bistakoa zen ez zela haren egunik onena, eta saketik falta egin zuen 10-12koan. Tarte luze horretan elkarri opari dezente egin zizkioten bi pilotariek, kantxan zegoen tentsioa tarteko. «Egia da bizpahiru opari egin ditudala, baina, halere, oso ongi sentitzen nintzen, eta banekien pixka bat asmatuz gero oso bideratua izango nuela partida», adierazi zuen Ezkurdiak partidaren amaieran. Ez zuen arrazoirik falta. Hanka sartzeak albo batera utzi zituen orduko eskuratu zuen alde erabakigarria.

Izan ere, 10-12kotik 10-21era egin zuen jauzi Aspekoak, aparteko jokorik egin beharrik gabe. Lehenik eta behin, sakea ederki baliatu zuen, eta, gero, pilota bizi ibiltzea izan zen haren lehentasuna. «Txapelketa honetan estreinakoz, gorputzak erantzun egin dit, eta horri esker joko azkarra egin ahal izan dut. Halako partidetan gozatze hutsa ez da gutxi, eta nik asko gozatu dut. Pilota bihurritzen ere ondo ibili naiz». Neurketaren bigarren zatian oso fresko jokatu zuen fisikoki, eta burutsu aritzea aski izan zuen irabazteko. Boleaz luze jota bere tokitik ateratzen zuen aurkaria, eta ezker airearekin garairik onenetako Ezkurdia gogorarazi zuen.

Lasok asko erraztu zizkion lan horiek denak. Saiatu zen jokoa nahasten buruz buruko txapelduna, baina psikologikoki erasan samarra suma zitekeen, oso trakets aritu baitzen tanto askotan. «Ez naiz ni neu izan tanto bakar batean ere. Burumakur jokatu dut hasieratik, eta emaitzak ez, jokoak kezkatzen nau gehien. Ez dut ezer ondo egin; ea porrotak ikasteko balio didan», aitortu zuen partidaren amaieran. Ezohiko akatsak egin zituen. Besteak beste, erdiko bi sake lurrera joan zitzaizkion errestoan, eta ia eginda zituen tantoak ere ez zituen bukatu. Azken txanpan, dena galduta zuela, gutxienez jokoa hobetuko zuen itxaropena izango zuten pilotazaleek, baina horretarako gairik ere ez zuen erakutsi.

Altuna eta Dario, gaur

Kontuak hala, Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak finalerako toki bat izango dute jokoan. Bi lagun minak elkarren aurkari izango dira beraz, beste behin. Eta gaur jakingo da beste finalerdia zein izango den, Jokin Altunak eta Dario Gomezek indarrak neurtuko baitituzte, Tolosan, (Gipuzkoa), Beotibarren (17:00, ETB1). Faborito garbia izango da Amezketakoa (Gipuzkoa), baina ezustea eman nahiko du errioxarrak. Irabazleak Aitor Elordiren aurka jokatuko du, gaur zortzi, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.