Onintza Enbeita.
BIRA

Bizkargi

2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Aurten ezingo dugu Bizkargi tontorrera igo; ez, behintzat, guztiok batera. Pena hainbeste lasaitasun daukat gaur, hala ere. Izan ere, Bizkargi ez da mendia bakarrik. Bizkargi da gure memoria eta Bizkargi da gerran hil zuten gure aitonaren anaia. Bizkargi dira Burdinazko Gerrikoan zebiltzan gudariei arropak jostearren kartzelatu zituzten sei andra muxikarrak eta Bizkargi da bertsotan libre hitz egiteko lekua. Bizkargi dira lagun zaharrak eta Bizkargi da gure habitat naturala. Bizkargi da guztia gain behera datorrenean hantxe irauten duen zera hori, eta Bizkargi dira ahaztu ezin ditugun lagunak. Bizkargi da Sabin eta Bizkargi da Angelin. Bizkargi ginen gurasoen eskutik hara gora igotzen ginenean, eta Bizkargi gara orain, hara gora eskuetan umeak hartuta joaten garenean. Bizkargi da erromeria eta Bizkargi da gustura edandako garagardoa. Bizkargi da Larrabetzu bere gauarekin eta Bizkargi da Gorozika naturala. Bizkargi da maiatzaren lehena eta Bizkargi da irailaren hogeita zazpia. Bizkargi da irrintzi bat eguerdian eta Bizkargi da kantaldi bat ilargiaren azpian. Bizkargi dira altxamendu faxistaren ostean hil zituzten guztiak eta Bizkargi da Gernika. Bizkargi da burdinazko gerrikoa eta Bizkargi da elkarri gerritik heldu eta aurrera egin zuen belaunaldi hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.