Azalez aldatu gabe

Juan Martin Elexpuruk Espainiako jantziei uko egin eta bere klubekoekin hartu du parte beteranoen Europako Duatloi Txapelketan. Gu Ere Bai taldeak keinu bera egitera animatu ditu aste barruan ariko diren euskal kirolariak.

Juan Martin Elexpuru eta Jon Marquet Gipuzkoako Triatloi Federazioko presidentea. Atzean, Gu Ere Baiko kideak. O. M. E. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Antxitxika Debagoiena triatloi taldearen elastikoarekin, eta ikurrina eta Nafarroako bandera eskuetan helmugaratu zen Juan Martin Elexpuru atzo goizean Bilbon, Areatzan. Europako Duatloi Txapelketan lehiatu zen, 70-74 urteko mailan, eta bosgarren postuan amaitu zuen 11tik. Kirolean emaitza izan ohi da albiste nagusia, baina atzojanzkerak sortu zuen ikusmina, Elexpuruk Espainiako Federazioko jantziei uko eginez parte hartu baitzuen; antolakuntzak haren emaitza jaso eta sailkapenean argitaratu zuen. Kirolari beteranoak Gu Ere Bai plataformaren babesa izan zuen proban. Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko elkarteak keinu bera egitera animatu ditu aste barruan txapelketako modalitate batzuetan parte hartuko duten euskal kirolariak.

«Tristea da hala ibili behar izatea. Ni ez naiz izan ikurrinarekin bildu oso zalea, baina oraingoan gustura egin dut, eta uste dut norbaitek egin behar duela», azaldu zuen Elexpuruk proba amaitu berritan. Aho zapore gazi-gozoa zuen, zirkuitura sartzeko lehen galbahean gezurra esan baitzion zaindariari, Open mailako parte hartzailea zela adierazita. Haien proba ez zenez ofiziala, ez zeuden behartuta federazioko jantzia erabiltzera. Bigarren galbahean kontrol txipa jarri zioten, eta inork ez zion kargu hartu. Bai, ordea, lasterketan. Trantsizioetako batean epaile batek ondoren berarekin hitz egin behar zuela oihukatu zion euskaraz.

Asteko auzia izan baita janzkera, aurkezpenetik. Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren babesa izan arren, Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa batean ofizialki parte hartzeko euskal kirolariek Espainiako edo Frantziako federazioaren jantziak erabili behar zituzten. Hala izan ezean, ez parte hartzeko edo kanporatuak izateko arriskua zuten.

Elexpuruk, baina, ez zuen bete: «Bakoitzak ikusi behar du zer egin, baina ez gara profesionalak. Niretzat, behintzat, ez du merezi duintasuna horrela galtzea, eta noizean behin hortzak erakutsi behar dira». Are gehiago, keinu bera izatera gonbidatu zituen beste euskal triatloilariak: «Datorren igandean, triatloi luzea dago. Proba estimatua da, eta euskal herritar askok eman dute izena. Nik dei egin nahi nieke haien klubeko edo Euskal Herriko jantziekin joatera. Eta kaleratzen bagaituzte, zer egingo diogu!».

Eskubideak, «praktikara»

Gu Ere Bai taldeko kideak alboan zituela egin zituen azken metroak. Ikurrinak eskuan hartuta egin zuten korrika. Tartean zen, besteak beste, Jon Marquet Gipuzkoako Triatloi Federazioko presidentea. Gu Ere Baik publikoki adierazi zion babesa Elexpururi, eta haren eskaerarekin bat egin zuen. «Inposaketen gainetik, euskal kirolariek beren eskubidea den hori praktikara eraman dezatela nahi dugu. Kasu honetan, jantziekin» , nabarmendu zuen Patxi Gaztelumendi plataformako kideak.

Izan ere, Gu Ere Baik atsekabez hartu du triatloi txapelketaren auzia. «Euskal tiratzaileak asteburu honetan Herbehereetan lehiatuko dira ofizialki. Ur polo selekzioa Ingalaterraren aurka ariko da, eta guk antolatu dugun lehiaketa batean gure koloreak ezin janztea gogorra da», salatu zuen Gaztelumendik. Era berean, nabarmentzekoa da euskarak txapelketaren antolakuntzan eta komunikazioan duen toki urria. Herenegun, aurkezpen ekitaldia ingelesez eta gaztelaniaz izan zen, eta atzo esatarien jario gehiena gaztelaniaz izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.