Ezkurdia 12 - 22 Altuna III.a

Altunak ohitura bihurtu du

Amezketakoak aski izan du eraginkortasunez jokatzea Ezkurdiari irabazteko, eta laugarren aldiz buruz buruko finalerako sailkatzeko. Gaur jakingo du noren aurka ariko den: Dario edo Elordi

Jokin Altuna, pozarren, garaipena ospatzen, atzo, Labriten. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jon eskudero
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 228.
Iraupena. 52 minutu.
Sakez. Ezkurdiak hiru eta Altuna III.ak bi.
Egindakoak. Ezkurdiak zortzi, eta Altuna III.ak hamar.
Huts egindakoak. Ezkurdiak hamabi, eta Altuna III.ak lau.
Markagailua. 0-4, 2-4, 2-10, 5-10, 5-12, 6-12,6-14, 7-14, 7-17, 8-17, 8-19, 9-19, 9-20, 10-20,10-21, 12-21 eta 12-22.
Bestelakoak. Leporaino bete zen Iruñeko Labrit pilotalekua. Partida hasieran dirua nabarmen Altuna III.aren alde: 100 40ri.

Distiratsu ez jokatuta ere, irabazi. Kirolari handien esku soilik dagoen ohitura da hori, eta zaku horretan sar daiteke Jokin Altuna. Buruz buruko beste final baterako sailkatu zen atzo, Joseba Ezkurdiari aise irabazita, Iruñeko Labriten: 22-12. Egunik onena ez izanda ere, joko praktikoa egin eta eraginkortasunez aritzea aski izan zuen amezketarrak helburua lortzeko. Hasi eta buka, nahi erara kontrolatu zuen partida, eta une bakar batean ere ez zuen arriskuan ikusi garaipena. Sake eta sake-errematean min handia egin zuen, eta laugarren aldiz jokatuko du buruz buruko finala. Oraindik 27 urte soilik dituela aintzat hartuta, zenbaki handietan murgiltzen ari da. Gaur jakingo du noren aurka jokatu beharko duen: Dario Gomezen edo Aitor Elordiren kontra.

Finalerdi bat izateko, hasieratik bertatik falta izan zitzaion grazia partidari. Altuna III.ak berak egin zuen laburpenik onena lehia amaitu berritan. «Hasieran, biok jokatu dugu presaka eta gaizki, baina, gero, nik hobeto kudeatu dut presioa, eta, sakeari esker, alde polita hartu dut. Alde horrekin eroso ibili naiz partida osoan, baina Ezkurdiaren maila ez da esperotakoa izan. Joko puntu hobean nago ni, eta horregatik irabazi dut». Nekez deskriba liteke hobeki norgehiagoka, eta, Altuna III.ak aipatu bezala, hasiera txarra izan zen. Erritmorik gabe kantxaratu ziren bi pilotariak, oso hotz. Lehen lau tantoak Altuna III.aren aldekoak izan ziren, baina, gero, hark ere ez zuen jokorik onena egin. Pilota eskuan sartzea kostatu zitzaien biei, gorputzean zeramaten presioaren seinale.

Lotuta ari ziren biak, baina 4-2kotik aurrera buelta eman zion egoerari amezketarrak. Gutxienez, taktikoki hobeto jokatzea lortu zuen, sakeari aparteko eraginkortasuna atera baitzion. Luze zein motz, denetariko sakeak atera zituen, eta pilota zabalera joko zuen mehatxu pare bat ere egin zituen tartean. «Ez da erraza Labriten kontzentrazioa mantentzea, orro handia egoten baita. Horregatik, sakeari ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu naiz». Ezkurdia galduta ibili zen. Arbizuarrak ez zekien non jarri errestorako, aurrerago edota atzerago, eta pilota frontisean jartzen zuenetan ere errematean azti jokatu zuen Altuna III.ak. Nagusi zen. Oso pilotakada gutxirekin alde bikaina eskuratu zuen: 9-2.

Sakean ez ezik, piloteoan ere hanketara jotzea izan zuen xede amezketarrak, eta asmatu zuen. Ordea, unerik zailenean heldu zen Ezkurdiaren hirugarren tantoa, defentsan lan bikaina eginda lortu baitzuen aurkariaren tanto bolada etetea. Partidako tantorik onena izan zen hura, eta behin izerdia ongi bota ondoren bazirudien behetik gora egingo zuela Ezkurdiak. Tanto horrekin, itxaropena izango zuen partidaren norabidea aldatuko ote zuen. Baina ez. Sakeari etekinik atera ezinda ibili zen, eta lan erdietara aurretik iritsi zen gazteena: 11-5. Ordurako Altuna III.ak ez zuen pilota bakar bat ere galdurik, eta Ezkurdiak, aldiz, bost. Hortxe zegoen aldea.

Praktikotasunaren alde

Hortik aurrerako gidoia bat eta bakarra izan zen. Praktiko jokatzen jarraitu zuen irabazleak, eta zeukan aldea ongi kudeatzen. Pare bat opari egin zituen, eginda zeukan tanto batean dejada txapara bidali baitzuen. Gainerakoan aurkaria baino askoz gehiago izan zen. Ezkurdia ahalegindu zen dinamika aldatzen, eta atsedenaldiak ere horretarako eskatu zituen. Ez zuen ezer lortu, ordea. Nahi eta ezin aritu zen une oro. Azken txanpan tanto pare bat egin zituen aurreko koadroetan, baina ez du sasoi onenean harrapatu txapelketak. Altuna III.ak, ordea, laugarren finala izango du buruz buru. Bi txapel baditu, 2018an eta 2021ean irabaziak.

Hain zuzen, gaur jakingo du noren aurka jokatu beharko duen, Dario edo Elordi. Faboritorik ez da izango Aspeko bi pilotarien artean, Gasteizko Ogetan (17:00, ETB1). Pilotari luzeagoa da Dario, baina tantoa bukatzen artistagoa Elordi. Egunik onena nork duen ikusi beharko da, baina bete-beteko lehia espero dute pilotazaleek. Edonork irabazten duela ere, lehen aldiz sailkatuko da buruz buruko finalerako.

Lehen Mailako finala gaur geratuko da zehaztuta. Promozio Mailan, ordea, jakina da zein pilotari ariko diren finalean datorren larunbatean Labriten: Joanes Bakaikoa eta Iker Salaberria. Bakaikoak hirugarren finala du buruz buru; 2017an, Axier Arteagari irabazi zion, eta 2018an, galdu egin zuen Jon Erasunen aurka. Salaberriak, berriz, bigarrena du, bigarrena erreskadan. Iaz, galdu egin zuen Jon Alberdiren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.