Sufrituta ere badakite gailentzen

Jaka eta Zabaleta 22-20 nagusitu dira Ezkurdia eta Martijaren aurka. Lasok eta Albisuk 22-14 irabazi diete Olaizolari eta Urrutikoetxeari

Erik Jaka, pilota jotzen, alboan Joseba Ezkurdia duela. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Hirutik hiru. Jakak eta Zabaletak galdu gabe segitzen dute Binakako Txapelketako ligaxkan. Atzokoan, ordea, sufrituta irabazi zuten. 22-20 hartu zituzten mendean, Labriten, Ezkurdia eta Martija. 19-16 egon ziren atzetik, eta buelta eman behar izan zioten neurketari. Hala, Artolarekin eta Imazekin batera, orain arte jokatutako hiru neurketak irabazi dituzte.

Gorabehera askoko neurketa izan zen. Bi bikoteen ezaugarrietako bat da sendotasuna, eta beste behin erakutsi zuten. Norgehiagoka gogorra espero zen, eta hala izan zen. Emozioa ere izan zuen.

Irabazleek ez zuten ondo hasi partida, Zabaleta ez baitzen eroso aritu lehen tantoetan. Ez zitzaion gustura nabari pilotekin. Baina hori aldatuz joan zen, eta atzean Martijak huts egindako pilota batzuen ostean, lehen atsedenaldira lau tantoz aurretik joan ziren Jaka eta Zabaleta: 12-8. Halako bikote sendoentzat abantaila horiek esanguratsuak izan ohi dira. Baina atzokoan ez zen hala izan.

Aldagelatik bueltan gauzak aldatu egin ziren, eta Ezkurdia eta Martija suspertu egin ziren. Sei tanto egin zituzten erreskadan, eta 14-12 jarri ziren aurretik. Ezkurdia agertzen hasi zen, eta horrek lasaitasuna eman zion Martijari, nahiz eta askotan Zabaletari bizkarra eman.

Bazirudien gorriek ondo bideratua zutela partida, eta 19-16koarekin neurketak ez ziela ihes egingo. Baina aurreko jardunaldian gertatu bezala, ez zuten abantaila aprobetxatzen jakin. Partia osoan gertatu bezala, Jakak ausart jokatzen jarraitu zuen, eta oraingo honetan asmatuz joan zen. Hori izan zen gakoetan bat; bestea, Lizartzakoak eta Zabaletak ez zutela amore eman.

Beste neurketan, txapelketako lehen garaipena lortu zuten Lasok eta Albisuk. 22-14 irabazi zieten Olaizola II.ari eta eta Urrutikoetxeari Bizkaia frontoian. Galtzaileak hobeto hasi ziren, eta 4-0, 9-3 eta 11-8 egon ziren aurretik markagailuan.

Baina orduan Lasok eta Albisuk 7-0eko partzial bat egin zuten, eta hortik aurrera nagusi izan ziren, Urrutikoetxeak behera egin zuela aprobetxatuz. Zaratamokoak min zuen ezker bikietan, eta medikuaren laguntza ere behar izan zuen. Garaileen artean Laso izan zen onena. 11 tanto egin zituen.

Gaur amaituko da hirugarren jardunaldia, Eibarren. Bertan, Irribarriak eta Rezustak Altuna III.aren eta Ladis Galarzaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Altunak eta Galarzak irabazi beharra daukate. Atzo Lasok eta Albisuk garaipena lortu eta gero, partidarik irabazi ez duten bikote bakarra dira, eta ez dute atzean geratu nahi sailkapenean. Lehen jardunaldian partida kaskarra jokatu eta gero, Irribarriak eta Rezustak irabazi egin zuten aurreko asteburuan, eta bide beretik segitzeko xedea dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.