Bikote osoa direla berretsi dute

Olaizola II.ak eta Rezustak 22-11 hartu dituzte mendean Urrutikoetxea eta Imaz. Garaileek orain arte jokatutako hiru partidak irabazi dituzte

Aimar Olaizola, atzo, pilota jotzen, atzean Beñat Rezusta duela. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketa abiatu besterik ez daegin. Baina azkarren egokitzen diren bikoteak aldea egiten has daitezke hasieratik. Hori da Olaizola II.a -Rezustaren kasua. Bergarako atzelaria Aspetik ailegatu den arren, berehala egokitu da Goizuetako aurrelariarekin jokatzera. Gauzak zuzen egiten dituzten bi pilotari dira, eta atzo beste behin ikusi zen. 22-11 irabazi zieten Urrutikoetxea- Imazi. Azken horiei oraindik ere falta zaie bidea egokitzeko, eta bikote sendoa izateko. Nahiz eta Urrutikoetxeak orain arteko partidarik onena jokatu zuen.

Pilotakada askokoa izan zen partida, gogorra: 761 jo ziren. 3-0 aurreratu ziren Olaizola II.a eta Rezusta, eta ikusi zen tantoak egiteko lan asko egin beharko zutela Urrutikoetxeak eta Imazek. Lehenengoa lortzeko 124 pilotakada behar izan zituzten. Rezusta aurreko bi partidetan baino jo gehiagorekin aritu zen, konfiantzaz, pilota abiaduraz jotzen.

Imaz sufritzen ari zen, eta argi zegoen Urrutikoetxeak hartu behar zuela atzo elastiko urdinarekin jantzita zihoan bikotearen zama. Hala egin zuen, etaOlaizola II.ari mina egiten ahalegindu zen, alde batetik bestera mugituz. Erabat defentsan aritu behar zutenean, sufritu egiten zuten, eta zenbaitetan oraindik ere egokitu behar duten bikote bat direla erakutsi zuten. Zulo gutxi utzi zituzten gorriek, bikote sendoa eta serioa direla berretsiz. Zortzi tantoko partziala egin, eta 6-4tik 12-4ra ihes egin zuten, joko handirik egin gabe, baina gauzak behar bezala eginez.

Burumakur joan ziren lehen etenaldi luzera Urrutikoetxea eta Imaz, partida maldan gora zutela jakinda. Horren ostean, gauzak ez ziren asko aldatu. Pare bat tantoan ez zuten ondo ulertu, eta garaileak aldea handituz joan ziren. Urrutikoetxeak, gainera, belaunean zauri bat egin zuen eroriko batean

Atzetik joanda, gehiago nabaritu zituzten partidaren gogortasuna eta pilatutako nekea galtzaileek. Egoera horretan, Olaizola II.ak nahi bezala kudeatu zen partida. Aurrean tantoa amaitzeko aukera argia ikusten ez bazuen, zalantzarik gabe jotzen zuen atzera pilota, Imaz behartuz, eta Urrutikoetxea jokoan sartzea eragotziz. Garaileek beren bideari segitu zioten. Urdinek, berriz, lanean jarraitu zuten, emaitza txukunago bat lortu, eta tanto bakoitzak sailkapenean izan dezakeen garrantziaz jakitun. 22-11 amaitu zen partida.

Hirugarren jardunaldia herenegun hasi zen, Zornotzan. Peña II.a-Albisuk 22-18 irabazi zieten Bengoetxea VI.a-Arangureni. Artolaren ordez aritu zen Bengoetxea. Partida lehiatua izan zen.

Gaur, berriz, nor baino gehiago arituko dira Eibarren txapelketa batere ondo hasi ez duten bi bikote: Jaka-Martija eta Ezkurdia-Ladis Galartza (18:00 ETB1). Jokatu dituzten bi partidak galdu dituzte, eta lehen garaipena behar dute gora egiten hasteko.

Bihar, berriz, atzoko garaileekin batera txapelketaren sailkapenaren puntan diren bi bikoteek jokatuko dute elkarren aurka, Azpeitian: Elezkano II.a-Zabaletak eta Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak (22:30, ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.