Musika

Izar beltzen ahots hori

Jazz garaikideko ahotsik goratuenetako bat da Mary Stallingsena. 1950eko urteen azkenetan hasi, denboraldi batez erretiratu, eta indarrez itzuli zen. Donostian ariko da larunbatean.

Mary Stallings jazz kantaria 2018ko uztailean, Donostiako 53. Jazzaldian sarituetako bat izan zenean. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Duela bi urte, Donostiako Jazzaldiaren saria jasotzera etorri zenean, Mary Stallingsek (San Frantzisko, AEB, 1939) aitortu zuen jazza bere buruaren ezagutzan sakontzeko tresna izan dela eta hala segitzen duela; beti kantatu duela «arimatik, bihotzetik». Hala ondu du, urratsez urrats, ibilbide jada luze, oparo eta laudatua. Goraipamenen artean, «bizirik dagoen jazz kantaririk onena» dela argitaratu zuten The New York Times agerkarian. Baina Stallingsek erantzun: «Ez dut pentsatzen onena izatea, ondradua izatea baizik».

Ahizpa artean hasi zen abesten, auzoko gospel koruan eta osaba saxofoi jotzailearen etxeko entseguei begira, pianoan jarrita eta ahapeka kantuan. 1950eko hamarkada amaierarako, San Frantzisko inguruko klubetara egin zuen jauzi, izen handiko hainbat musikari zebiltzan girora: Ben Webster, Cal Tjader, Earl Hines eta Wes Montgomery, kasu baterako. Count Basie, Billy Eckstine eta Dizzy Gillespierekin ere aritu zen orkestran, eta, bakarkako lehen lanak argitaratzen hasi zenean, pianista entzutetsuak izan zituen bidelagun; Monty Alexander eta Geri Allen haien artean. Billie Holiday eta Lena Horne aipatu izan ditu erreferenteen artean, inoiz ezagutzeko aukerarik izan ez zituenak; bai, ordea, Sarah Vaughan eta Ella Fitzgerald, horiek ere arrasto nabarmena utzi dioten abeslariak.

1970eko urteetan erretiratu egin zen denboraldi batez, tartean alaba hazteko. Prozesuak bizitzaren gainean asko erakutsi diola esan izan du kantariak; irakaspen asko jaso zituen garaia. «Bizitza gogorra da, baina edertasuna dago borroka horretan». Hamarkada berriaren hondarretan itzuli zen agertokietara, neurri batean Wynton Marsalis tronpeta jotzaile ezagunak bultzatuta. Isilpean emandako urteak bere artean sakontzeko baliatu zituen, agian teknikan galdu arren «bizitzak emandako aberastasunean» irabazi izanaren ustearekin.

I Waited for You (1994) Gene Harrisekin grabatutako lanarekin bereganatu zuen nazioarteko jazz publiko zabalago baten arreta. Ordutik beste hamar disko kaleratu ditu, eta agertokiz agertoki jarraitzen du.

Jazz iluntzea

Donostian bueltan izango da kantaria heldu den asteburuan: larunbatean emango du kontzertua, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan hasita. Phil Wilkinson (pianoan), Joshua Ginsburg (kontrabaxuan) eta Mario Gonzi (baterian) izango ditu lagun oholtzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.