Oraindik ere ziztatzaile

Public Image Limited (PIL) taldea 'End of World' diskoarekin itzuli da zortzi urteko etenaren ostean. John Lydonen musika taldeak Bilboko Kafe Antzokian joko du, gaur.

John Lydon —ezkerretik bigarrena— eta gaur egun PIL osatzen duten lagunak. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Sex Pistols taldeko abeslari zela anarkiari eta Ingalaterrako erreginari abestu eta telebistako aurkezle kontserbadoreak asaldatzen zituenetik, John Lydon Erresuma Batuko egunkari sentsazionalistetako protagonistarik gogokoenetakoa izan da. Bere urte apalenetan ere, bazuen jendea haserrearazteko abilidadea, eta, gaur egun ere, 68 urte betetzear dela, segitzen du deserosoa izan nahian, nahiz eta belaunaldi gazteentzat iraganeko ikono zaharkitu bat besterik ez den.

Aurten, berriro ere, albiste bilakatu da Lydon. Lehendabizi, urtearen hasieran, Eurovision jaialdian Irlanda ordezkatzeko aurkeztu zuen bere burua, baina bere kantua, Hawaii, ez zuten azkenean aukeratu herrialde hartako telebistan eginiko saioan. Kantu hori bere emazte Nora Forsterri eskainitako maitasun adierazpen bat zen; izan ere, alzheimerrak jota zegoen ordurako, eta apirilean hil zen, azkenik. Abuztuaren 11n, berriz, eta zortzi urteko eten diskografiko baten ostean, End of World iritsi zen, PIL (Public Image Limited) bere taldearen lan berria. Hain zuzen ere, disko hori aurkeztuko dute Lydonek, Lu Edmondsek, Scott Firthek and Bruce Smithek, gaur, Bilboko Kafe Antzokian.

Hawaii kantu sentikorrarekin amaitzen da End of World, Lydonek inoiz idatzi duen letrarik intimoena gordetzen duen piezarekin. Kantariak berak azaldu duenez, Japonian bira bat egin ostean, Polinesiako uhartera joan zen atseden egun batzuk igarotzera, eta egun batzuetara emaztea batu zitzaion. Han bizitzako «intimitate unea» jaso du Lydonek Hawaii-n, sekula baino goxoago.

Kantu hori, baina, bere pasarte melodiko pausatuekin, salbuespen bat da End of World-en, Public Image Limiteden azkeneko diskoa ez baita disko emozional edo sentimentala. Are, zenbait pasartetan Lydonen alderdirik zorrotzen eta ozpinduena erakusten du, gitarra riff ziztatzaile, baxu lodi eta dance-punk erritmoekin. Behinola Johnny Rotten izan zenak, gainera, ez du ezkutatzen gaur egungo munduarekin duen haserre ia kongenitoa, batzuetan probokatzaile eta erreakzionario bihurtzeraino. Being Stupid Again-en, esaterako, post-punk elektronikoari eskua emanda, gaur egungo gazteriaren idealen kontra egiten du, garai bateko aldarriak jopuntuan jarrita («O, ez, berriz ere ergela izaten ari zara/ Ondo egina, ikasleak dira berriro ere/ Berriro esloganez gainezka, berriro hitzez hitz/ berriro ikasle bihurtu zarete/ O, ez»). L F C F-n, berriz, Sex Pistolsen kide izan zituenen kontra egiten du, Pistol telesailaren harira elkarren artean izan zituzten haserrealdi, iskanbila eta auziak gogoan («Eman iezaiozue zeuen buruari historiaz hustutako istorio bat [...] Gezurtiak eta iruzurtiak zarete»).

Berrikuntza txikiak

Hitzek garrantzi handia duten diskoa izanda ere, doinuak ez dira apaingarri hutsa End of World-en. Penge-ren erritmo ia industrial eta ahots enfatikoekin hasten denetik, taldeak bere ibilbidean landu izan dituen estiloetatik edaten du askotan PIL-en azken diskoak, iraganean egindakoaren kopia hutsa izan gabe. End of The World —kantua—, adibidez, riff gitarra zorrotz batzuen gainean eraikia dago, eta punkaren eta funkaren artean mugitzen da; eta Car Chase-k, berriz, 1980ko hamarkadako PIL ekartzen du gogora, baxu oso ageriko bat eta sintetizadoreak lehen planoan jarrita.

Public Image Limited aitzindaria izan zen 1970eko hamarkadaren amaieran esperimentazioa, funka, duba eta musika elektronika uztartzen, eta, gaur egun egiten duenak harritzeko gaitasuna galdu badu ere, End of World-ek eskaintzen du sorpresa txikiren bat edo beste. Dirty Murky Delight-en, esaterako, jazz edo music hall-eko oinarri leun baten gainean aritzen da rapean Lydon. Strange-n, berriz, giro atmosferiko bat gailentzen da, eta, Hawaii-rekin batera, diskoko unerik lasaiena proposatzen du.

Taldeak irailaren 8an abiatu zuen diskoa aurkezteko bira, Sheffielden (Ingalaterra), eta, orduz geroztik, ia egunero ematen ari da kontzertu bat. Horietan, azken diskoko hainbat kantuz gain, Lydon eta bere lagunak PIL-en ibilbideko kantu esanguratsuenak ari dira jotzen: This is Not a Love Song, Death Disco, Flowers of Romance, Rise, eta baita Public Image ere, Sex Pistols utzi ondoren Lydonek bere proiektu berria jendaurrean aurkezteko egindako ereserkia.

KONTZERTUA
Non. Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz. Gaur, 20:30ean.
Sarrerak. 35 euro eta 40 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.