Literatura

Bakarrik eta libre, munduan barrena

Trenean bakarrik ibiltzea izan zen Aurora Bertranaren lehen balentria. Emakumeen lehen jazz banda sortu zuen gero Suitzan. Polinesian emandako urteek eman zioten literaturan murgiltzeko adorea. Orain, zentsurak kendutako zati eta guzti argitaratu dute haren azken nobela.

Miren Garate.
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Zentsurako txostenek arraroa hitza erabili zuten Aurora Bertranaren (Girona, Herrialde Katalanak, 1892 - Berga, 1974) La Ciutat dels Joves nobela (Gazteen Hiria) deskribatzeko. Zaharren Hiriko izenik gabeko kazetari bat da protagonista nagusia. Gazteen Hiriari buruzko ikerketa bat egin behar du lan egiten duen astekarirako, eta ideia oso aurrerakoiak dituen hiri horretara doa, hango funtzionamendua ikustera. Kapituluz kapitulu, kiroletako, hezkuntzako, ordena publikoko, erlijioko eta beste hainbat arlotako arduradunekin elkartzen da, eta erabat harrituta geratzen da kontatzen dizkioten gauzekin: gazteak eta helduak ez dira elkarrekin bizi; 40 urtekoa da erretiroa hartzeko gehienezko adina; futbola alde batera geratu da, eta ez dago kirolari profesionalik; ez da irakurtzen, telebista baita jaun eta jabe; arte eskolak eta halakoak desagertu egin dira, eta zozketa bidez ematen dira literatura sariak; ez dago armadarik; ez dago genero bereizketarik janzkeran; «sexu bakarra» lortu nahian ari dira munduko ikerlari, fisiologo eta biologo onenak, eta abar. Kazetariari zaila egiten zaio berrikuntza horiek ulertzea, eta hasierako jarrerari eusten dio amaierara arte: nahiago du Zaharren Hiri katoliko eta kontserbadoreak ematen dion segurtasuna.

Distopia lagun

Bertranak 1971n argitaratu zuen nobela. Distopia lagun, garai hartako giroaren argazkia egin zuen. Alde batetik, belaunaldi berrien aldaketarako gogoa ageri zen; bestetik, botereari kosta ahala kosta eutsi nahi zion erregimen frankistak ezarritako gizarte eta giro itxia. Zentsuraren galbahean geratu ziren liburuko pasarteetako batzuk, baina Males Herbes argitaletxeak testu osoa argitaratu du orain dela gutxi. Adriana Barciak egin du hitzaurrea; lanaren testuingurua erakutsi du, eta zentsurak lanari buruz egindako txostenak eta iruzkinak sartu dituzte eranskinean.

Bertranaren azken nobela izan zen La ciutat dels Joves, eta 79 urte zituen argitaratu zuenean. Haren memorietan kontatzen denez, oso umetan hasi zen idazten. 10 urte inguru zituenean erakutsi zion lehen ipuina aitari. Hain zuzen, Prudenci Bertrana kazetari eta idazlearen alaba zen —Josafat nobelak egin zuen batez ere ezagun hura—. Aitak ez zueninondik inora nahi alaba idazlea izaterik; ez zitzaion emakumeentzako moduko jarduera iruditzen. Hala, berari kopiatu izana leporatu zion alabari. Ama Neus Salazar zuen, eta hari buruzko aipamen hau egin zuen Memóries fins al 1935 lanean. «Amak ez zuen gu hirurok beste lagunik. Eta aitak ez zuen inora eramaten. Ez zen inoiz kexatzen [...]. Eta ez zen bidaiak, landa, bilerak, musika, antzerkia eta abar ez zitzaizkiolako gustatzen. Horiek guztiak gustatzen zitzaizkion, askotan esaten zigun».

Josi egiten zuen amak, eta nahiz eta etxean saiatu ziren Bertranak ere bide hori har zezan, inoiz ez zitzaizkion interesatu jostorratzak eta hariak. Literatura ahaz zezan, aitak biolontxelo irakasle bat jarri zion. Hasieran, Gironan bertan hartu zituen eskolak, eta trenean astean pare bat aldiz Bartzelonara joaten hasi zen gero. Bakarrik. Nahikoa zurrumurru eragin zuen horrek hirian. «Nik ezagutzen nituen nesketako bat bera ere ez zen ausartuko hori egitera, eta, ausartuta ere, gurasoek ez zioten utziko», kontatu ohi zuen idazleak berak geroago. Txiki geratu zitzaion Bartzelona ere, eta Suitzara joan zen, Dalcroze Institutuan ikastera. 1920ko hamarkada zen, eta emakumez bakarrik osatutako Europako lehen jazz banda sortu zuen han.

Polinesiako bizipenak

Han ezagutu zuen monsieur Choffat ingeniari elektrikoa ere, eta ezkondu egin ziren. Senarraren lan kontuak zirela medio, Polinesiara joan ziren 1926tik 1929ra. Hango bizimoduak zur eta lur utzi zuen: «Gizonak ez zeuden emakumeen maitasun askearen aurka, eta epaitegira edo bikario etxera joan gabe ezkontzen eta banantzen ziren. Ez zuten zurien jabetza sena eta ohoreari buruzko iritzi bera». Kataluniako egunkarietara kronikak bidaltzen hasi zen, eta egundoko arrakasta zuten irakurleen artean.

Kataluniara itzulita, 1930ean Paradisos oceànics idatzi zuen Polinesiako bizipenetan oinarrituta; liburu horrek eman zion hasiera haren literatur ibilbideari. 1930eko hamarkadan, gerra hasi aurretik, fikziozko liburuak eta fikziozkoak ez zirenak idatzi zituen. Besteak beste, Marokora joan zen hango emakumeen bizimoduaren berri izateko: El Marroc sensual i fanàtic liburua idatzi zuen han jasotakoekin. ERC alderdiko militantea izan zen, eta, 36ko gerraren ostean, erbestera alde egin behar izan zuen: atzera Suitzara. Senarra Espainian geratu zen, eta frankistengana batu.

Bertrana 1949an itzuli zen erbestetik. «Garai grisak» deitu izan zien handik aurrerako urteei, baina haiexek izan zituen emankorrenak literatura aldetik, dozena bat liburu baino gehiago kaleratu baitzituen. Haietako batean, Vent de grop-en, Bertranak berak ohar biografiko hau egin zuen: «Justizia maite dut hizki larriz, epailerik eta epaitegirik gabe. Liburu onak, lagunekiko solasak eta Mozarten musika maite ditut. Mundua zoragarria dela uste dut, eta bizitza, berriz, kiniela bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.