Musika 

Planeta gizatiarretik

Duela bi urte itzuli zen Peter Perrett: bakarka hasi zuen bidea, eta iritsi da bigarren geltokira. 'Humanworld' diskoa eman berri du argitara, aurrekoan baino kantu «zuzenagoekin».

Peter Perrettek bakarkako bigarren diskoa du Humanworld. STEVE GULLICK.
Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Itzaletik argitara atera zen Peter Perrett (Londres, 1952) duela bi urte. «Urteetan, drogak hartu eta paretari begira egon besterik ez nuen egin», esan zuen orduan. Bi hamarkada baino gehiago zeramatzan musikarik sortu gabe, eta ustekabean kaleratu zuen How the West Was Won disko alai eta erromantikoa. Orain, The Only Ones taldeko buruak bakarkako bigarren diskoa argitaratu berri du: Humanworld.

The Only Ones taldeak ibilbide laburra izan zuen: 1976. urtean sortu zen, eta 1982an desegin. Estudioko hiru disko utzi zituen bidean, eta urteetara oihartzuna izan duen soinu propioa. Erresuma Batuko punk new wave eszenako kidetzat sailkatu zituzten, nahiz eta haien musikak zerikusi gehiago izan Atlantikoaz bestaldeko Lou Reeden eta Television taldearen soinuarekin. Hain zuzen, The Velvet Underground taldeak eragin handia izan zuen Perrett eta enparauengan.

One-hit wonder edo egun bakarreko loretzat izan du zenbaitek The Only Ones, egun haien kanta ezagunena den Another Girl, Another Planet dela eta. Dena den, 1978an, taldearen lehen diskoan atera zenean, abestiak ez zuen arrakasta berezirik izan. Drogen inguruko istoriotzat har daitekeen maitasun kanta anbiguo bat da Another Girl, Another Planet. «Nire azal azpian sartzen zara/ Niretzat ez da narritagarria/ Irabazteko jokatzen duzu beti/ Baina ez dut errehabilitaziorik beharko», zioen kantak. «Beste planeta batean nago zurekin».

Perretti luzatu egin zitzaion drogen planetara egindako bidaia: heroinaren mendera eroria zen diskoetxeak bota, eta taldea desegin zutenean. Hamar urteren ondoren, The One taldea sortu zuen, baina urte gutxian desegin zen hura ere, disko bat kaleratu eta gero. Beste hamar urte inguru eman zituen mundutik aparte, 2007an Vodafone konpainiak kanpaina batean Another Girl, Another Planet erabili, eta The Only Ones itzuli zen arte. 2014 eta 2015ean ere eman zituen taldeak kontzertu batzuk.

Perretten itzulera handia, ordea, 2017koa izan zen: How the West Was Won bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen; harrera onarekin, gainera. Jamie (gitarra) eta Peter Jr. (baxua) semeekin grabatu zuen lana. Rock gitarra klasikoekin jarri zuen kantuen oinarria, eta bere ahots axolagabearekin iragarri zuen musikariak berpiztu zela.

Semeak izan ditu lagun Humanworld-en ere; haiez gain,Jake Woodward aritu da baterian, Jenny Maxwell sintetizadorearekin eta biolarekin, eta Lauren Moon teklatuarekin eta sintetizadoreekin. Hamabi kantu laburrekin osatu du diskoa Perrettek.

Doinu gozoen bidetik

«Kantuak laburragoak eta zuzenagoak dira. Ez ditut gustuko garapena eta antzeko kontzeptuak, baina espero dut disko honek How the West Was Won-ek baino testura eta soinu interesgarriagoa izango duela». Hamabi kantatik bakarra ere ez da iristen hiru minutu eta erdira.

I Want Your Dreams lehen kantatik hasita, Perretten esaldiek ironia eta maitasun mezuekin osatutako zurrunbilo bat sortzen dute. Aurreko diskoaren antzera, doinu gozoak bilatu ditu musikagileak, nahiz eta badiren energia gehiagoko kantuak ere. Master of Destruction, esaterako, The Only Onesen estilotik gertu dago. The Power Is in You-k The Velvet Underground ekartzen du gogora. Heavenly Day kantuan, ordea, bere alderik erromantikoena erakutsi du musikariak.

Rock klasikoko disko bat egin du Perrettek, baina haren musikak oraindik mantentzen du iraganeko new wave eta power pop kutsua. 2017an, askok ospatu zuten musikariaren itzulera «heriotzarekin jolasean ibili» eta gero, haren hitzetan. Humanworld lanarekin, Perrettek erakutsi du ordukoa ez zela izan une bateko agerpena, inspirazio handiko aro berri baten hasiera baizik. Geratzeko itzuli zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.