Literaturia 2020

Itzulpenaren behatxulotik

Itzulpena besteren hizketa begiratzeko bide, mundu ezberdinen arteko ateen giltza. Hala azaldu dute Isabel Etxeberriak, Idoia Santamariak eta Beñat Sarasolak, solasaldian

Beñat Sarasola, Idoia Santamaria, Itziar Diez de Ultzurrun eta Isabel Etxeberria, atzo, Modelo aretoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Zarautz
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Itzulpengintza izan zen protagonista Modelo aretoan atzo egin zen lehen ekitaldian. Itziar Diez de Ultzurrun EIZIEko lehendakariaren gidaritzapean, Isabel Etxeberria, Idoia Santamaria eta Beñat Sarasola aritu ziren. Itzultzaileak dira lehen biak; hirugarrena, Susako MPK Munduko Poesia Kaierak bildumaren sortzailea eta itzultzaile aritutakoa, idazlea izateaz gain. Itzulpengintza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko zuten mahai ingurukorako goiburua, eta itzulpena beste literaturetara doan atea zabaltzeko giltza dela aipatuz hasi zen Diez de Ultzurrun. Euskarazko itzulpengintzari maila ona aitortzen zaion arren, baina, salmentetan ez da islatzen aitortza hori, aipatu zuenez. «Giltza badugu, atea ireki dugu. Zergatik ez dute irakurleek nahi beste zeharkatu ate hori?».

Isabel Etxeberriaren ustez, «ezagutza falta» kontua da. «Bada irakurle masa handi bat ez dakiena zer gertatzen ari den euskal itzulpengintzan. Erdarak blaituta bizi garelako da». Puntu baikor bat jartzeagatik, euskal irakurle masa bat sortzen ari dela gehitu zuen.

«Ni pixka bat ezkorra naiz», erantzun zion Idoia Santamariak. Adin batetik aurreragokoek gehiena erdaraz irakurria dutela esan zuen, eta horrek baduela azalpen bat garai bateko itzulpen faltagatik. «Beste kontu bat da gazteagoen artean gertatzen dena. Hor badago arazo bat. Oso kontu ezaguna da, eta irakaskuntzarekin zuzen-zuzenean lotuta dago. Irakurri eta ulertzen dakien jendea behar da, irakurketa, ulermena eta idazketa batera doazelako. Hor arazo potoloa daukagu».

Beñat Sarasolak Diez de Ultzurrunen galderaren beste muturrari heldu zion: euskal idazleen lanak itzulpenak baino gehiago zergatik saltzen ote diren. «Badira euskal idazle batzuk asko saltzen dutenak, baina gehienek ez dute itzultzaileek baino askoz gehiago saltzen. Problema orokorragoa da, Idoiak aipatzen zuenarekin lotuta. Zenbat literaturazale dago, eta horietako zenbatek du euskaraz irakurtzeko erraztasuna, erdaren aldean?».

Harremanak

Anjel Lertxundik egunkari honi behin esandakoa ekarri zuen gogora Diez de Ultzurrunek: itzultzaileek abantaila bat dutela, euskal idazleen artean; elkarren artean hobeto harremantzen direla.

«Itzulpen prozesuko parte oso garrantzitsua da nire zalantza, obsesio eta beldurrak beste itzultzaile batzuekin partekatzea. Galbahe hori pasatu gabe, ez dut imajinatzen itzulpen literariorik». Etxeberriak ere ez. Ulertzen du, baina, idazleek itzultzaileek beste ez partekatzea beren lanak: «Testuarekin guk dugun inplikazio emozionala iruditzen zait ez dela idazle batek bere sormen lanarekin duenaren adinakoa».

Sarasolak originaltasunarekin lotua dagoen karga aipatu zuen, idazleek zuzenketetara erreparo handiagoz hurbiltzeko arrazoi gisa. «Zorionez, azken urteetan hori aldatzen ari dela uste dut».

Itzultzeak lapitza zorrozten duela mahairatu zuen segidan moderatzaileak, eta itzulpengintzak tresna asko utzi dituela idazlearen eskura. «Idazleen artean ze eredu literariotara jotzen duzun da kontua», baina, Sarasolaren iritziz. «Euskal literaturan nagusi den prosa ez da bereziki konplexua. Horretarako, ez duzu behar itzultzaileek duten aparatu handia».

Diez de Ultzurrunen hurrengo galdera bat: «Giltza zertarako ari gara erabiltzen. Zer kanon, zer genero ari gara itzultzen?». Kanona pixkanaka zabaltzen ari dela, ados ziren solaskide denak. «Kontu izan beharko genuke exotikotasunaren mende ez erortzen», Santamariaren aburuz. «Gauza pila bat falta zaizkigu ekartzeko Mendebaldeko literaturatik. Kanona zabaltzearen aldekoa naiz, baina ez nintzateke kuota kontuetan sartuko».

Zubi hizkuntzen aldeko aldarria egin zuen Etxeberriak, gaur egun urrun diren beste kultura eta hizkuntzekiko atea irekitzeko. «Gure errealitatea eta itzultzaile kopurua kontuan hartuta, oso bide interesgarria iruditzen zait».

Euskaratik erdaretara itzultzeari buruz, Santamariak galdera egin zuen: «Gaztelaniak eman behar badigu bedeinkazioa kanpora begira, zenbateraino baldintzatzen du horrek euskal idazle baten lana, idazteko orduan?». Sarasolaren erantzuna: «Gaztelaniarekiko morrontza handia dago itzulpenean, eta oso saiakera gutxi egin dira bide horretatik kanpo beste hizkuntza batzuetara jotzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.