Albistea entzun

Gamueko gaztelua, laborantzari emana

XI. mendeko tontor feudalak zutik begiratzen du Gamueko gaztelua, Nafarroako Erresumaren oroitarri fidela. Ikusgarriak dira Luis Xuri gidak egin dituen maketak ere: laborantza tresnak, eta Da Vinci eta Di Giorgoren krokisetatik obratuak.
Gamueko gazteluaren gibelaldea.
Gamueko gazteluaren gibelaldea. A.M. Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko irailak 12 - Aiziritze-Gamue-Zohazti

Garai bateko zortzi gazteluetatik bakarra dago zutik. Gamueko dorreak (Aiziritze-Gamue-Zohazti, Nafarroa Beherea) XI. mendetik hor dirau; alta, Gabadi, Garruze, Lukuze, Martxuta, Amorotze, Bizkai eta Erreitikoen herexarik batere ez da baratzen, non ez den azken horretako harri keta, doi-doia.

Denak muino gainekoak ziren. Nafarroako Erresumaren jakilea duintasunez bezti da, ikusgarriak baitira hondar koloreko harri mokorren izariak.

XI. mendean eraikitzen hasi zirena zurezkoa bide zen; geroago, XIV. mendean, harrizkoa. XVI. mendean, handitu egin zuten. Azkenik, XIX. mendean, 1850.-1860. urteen artean gertatu sute batek partez desegin zuen, dorre bat barne. «Ez da erdia baizik hemen», ohartarazi du Luis Xuri gida euskaldunak.

Gelditzen den erdi horrek XVI. mendeko handitze garaikoak ditu lau murruetatik hiru. Aitzinaldea, berriz, XIV. mendekoa du, kantoi harriek, ekialdeko dorre borobilaren ageriko fundazioek eta gezileihoek salatzen dutenez.

Behako batez nornahi ohar daiteke paisaia ezin ordokiago horretako muinoa ez dela bere baitatik jalgi. Ez, tontor artifiziala altxatu baitzuten Gamueko gazteluaren eraikitzeko gainean, moda feudalak manatzen zuen gisan; urak eraikina inguratzeko gisan: defentsarako, beraz. Izan ere, hiru bizkonderriren eta hiru erresumaren mugatik hurbil izateak esplikatzen du eraikin gotortuaren beharraren zergatia.

Gamereko jaunaren lekua Gassion leinuak hartu zuen 1635ean, Frantziak Nafarroako Erresumaren azken lur subiranoak okupatu eta fite. Frantziako Iraultzatik landa, Zuberoako Ithorrotzeko Abadia leinuari saldu zion gaztelua, zeinak herriari oparitu baitzion joan den 80ko hamarkadan.

Inguratzen duten lur emankorren historiari lotu zaio berehala Xuri: Gamueko jaunaren meneko baitziren inguruko etxaldeak; etxetiarrak ziren; laborariek etxaldearen jabeari mozkinen erdiak eman behar zizkioten: «Etxe ttipiak zituzten, baina familia handiak. Ez zen orduan abantzurik biziki egiten ahal». Xurik azpimarratu du 1960an herriko 32 etxaldeetatik 25 etxetiarrak zirela oraino, zazpi jaberen meneko. Maiztergoaren bukaera lanaren mekanizazioak ekarri zuela azaldu du gidak.

Gazteluaren borta zeharkatzean, peko gela laborantzako bizimoduaren xehatzeko piezaz eta tresnaz broi da. Gazteluaren beraren maketa bat dago, Xurik berak egina: «Behortegiak ere zutik ezagutu ditut, baina jabeak herriari gaztelua oparitu ziolarik, 1983an, behortegietako materialari esker etxe berri bat eraiki zuen beretzat».

Laborantzaren garapena marrazten du gaztelu barneko erakusketak, teknologiaren aitzinamenduen urratsei segika. Orga tiratzen duten idiak, dailua, igitaia, aliketak... Behien garrantzia azpimarratu du gidak, eta haien adarrena: «Ontsa formatuak bazituen, hederako on ziren. Adarren arabera baloratzen zituzten behiak», gehitu du, maketari esker uztarria nola lotzen zen erakutsiz. Larruzko kopetakoa ezartzen zieten uhalaren eta kopetaren artean, manka ez zitezen, eta begietakoa eta behi estalkia ere bai, eulien kontra. Azken hori, egunerokoan, lursagar zakuak izaten ziren, «igandeko» arropa bezala, baina bazituzten biziki abere estalki «ederrak», okasio berezietarako. Behi bakoitzak bere tokia zuen; bakan zen uztarriko ezkerreko eta eskuineko aldean berdin lanean ari zen kabalarik.

Arto biltzeaz mintzatu da; hamar lerroetatik sei etxeko begiratzen bazituzten ere, gainerako laurak nagusiari eman behar zizkieten: «Bazen anitz lan, alorrean eskuz bil, eta ezkaratzean, denen artean zurikinak kentzen zizkieten, artaburua atxikitzeko. Zurikinak oheen pe aldea betetzeko baliatzen zituzten, bai behien ohatzetan ezartzeko ere, otearekin batera».

Garia mozteko lehen makina fabrikatua du ere Xurik; laboraria tototurik behiek tiratuz zerra martxan ezartzen zen. Ondoko urratsa: gariari aleak bereiztea. Bi zaldi inguruka ariaraziz zebilen makina ere muntatua du gidak. Bai ogi jotzeko bapore makina ere, etxez etxe zebilena, garia alde batetik osorik sartu eta zuzenean gari ale zakuak ematen baitzituen beste aldean: «Zakuetarat jin gabe, egina zen garbitua». Gaitzeko iraultza eskuz ari ziren xinaurri langile haiendako. Garitik gelditzen zen zurtoina ere baliatzen zuten, deus ere galtzerat utzi gabe: arbi xehatuarekin nahasirik behiei ematen baitzioten. Egun erdi batean 81 kiloko ehun gari zaku bete zitezkeen uzta ona bazen. Familia arrunt batek hogei zaku gari ematen zizkion okinari, urte osoko ogia presta zezan.

Herri kirolen eskulturak ere irudikatuak ditu Xurik, aliketak pertsonifikatuz: lasto eta harri altxatze, sokatira, gurdi eta dailu josteta... «Ez zen telebistarik, orduan libertimendu hori zuten: lanetik landa, arratsetan zein gehiagoka ari ziren».

Erdi Arotik errenazimentura

Lehen estaiak bortzehun urteko saltoa egiten du gibelerat, Xurik berak eraiki 34 miniaturazko tresnek garraiaturik. Leonardo da Vinci eta Francesco di Giorgioren planoetatik abiatuz. Denak martxan dira; ikusgarria da ingeniaritza lana. «Airea, ura, jendea edo kabalen indarra baliatzea besterik ez zuten, errenazimentu garai betean». Energia iturri horiekin dabiltzan eihera mota ezberdinak badira, bai hesolak landatzeko mekanismo bat ere. Denak zurezkoak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Berria Ikasgelaren Tutoriala

BERRIA Ikasgela, egunerokoarekin ikasteko tresna

Mikel P. Ansa

Proiektu berri bat sortu du BERRIA egunkariak: Ikasgela. 12 urtetik aurrerako ikasleekin eskola orduetan lantzeko gaiak proposatuko ditu webgune batean, Berria.eus/ikasgela helbidean. Material osagarria eskainiko dio hezkuntza komunitateari.

Berria Ikasgelaren Tutoriala
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«'Kontrol' hitzak adiera ezberdinak ditu armen merkatuaz hitz egitean»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Urteak daramatza Calvok armen salerosketa ikertzen, Delas zentroan. Industria hori kontrolatzea posible den ala ez: galdera hori izango du hizpide Gasteizen bihar emango duen hitzaldian.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendaria Eusko Legebiltzarrean. ©Jaizki Fontaneda, FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.