Erronka berriak helmuga

'Gutuberrak' websailaren azkeneko atala zabalduko dute gaur. Lantaldeko profesionalak «pozik» aritu dira proiektuan, baina aitortu dute zaila dela diru gutxirekin fikzioa egitea. Bideoa albistearen amaieran.

Amaia Lizarralde izan da Gutuberrak websaileko aktore protagonistetako bat. GUTUBERRAK.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Gizarte gai asko landu dituzte bost astez Gutuberrak websailean: etxegabetzeak, giza harremanak, langabezia, pobrezia... Prekaritatearen ondorioak umore ukituarekin landu dituzte, Olatz Beobideren zuzendaritzapean, eta gaur jarriko dute websailaren azkeneko atala, bai sare sozialetan, bai EITBren webgunean. Abenduaren 6tik sareratu dituzten atal guztiak edonoiz ikusi ahalko dira. Erronka Berriak ekoizpen etxe berriak —Nomofobikak sortu zuen taldea— egin du websaila, eta erronka berriekin jarraitzeko asmoa dutela nabarmendu du Amaia Lizarralde aktoreak.

Lizarraldek, Beobidek, Pedro Fuentesek eta Joserra Camachok sortu dute Erronka Berriak. «Nomofobikak pozik bukatu genuen, baina oso prozesu luzea izan zen, dirurik gabe egin genuelako», oroitu du Lizarraldek. «Hausnarketa bat egin genuen gero». Beobidek eta Fuentesek aspaldi zuten Gutuberrak egiteko ideia. «Baina dirua behar genuen proiektua aurrera eramateko».

Madrilen saiatu ziren lehenbizi, baina ez zuten ezer lortu. Bilboko Seriesland jaialdian Nomofobikak aurkeztu ostean, Beobidek dei bat jaso zuen EITBtik. Gidoiei buelta batzuk eman ostean, iazko ekainean zehaztu zuten proiektua. EITBren webgunean estreinatu den aurreneko websaila da Gutuberrak, eta Fuentesek uste du «estrategikoa» dela bide hori hartzea: «Gure proiektua transmedia ere bada; garrantzitsua da hori. EITBn argi ikusi dute aurrera begira hau egin behar dela, kontsumoa hemendik gutxira Internet bidezkoa izango dela». Next Station egitasmoko irabazle Puntu Koma websaila ere aurten estreinatuko dute EITBren webgunean. Fuentesek gogoratu du Atresmedia taldeak Flooxer plataforma duela fikioz beteta, eta RTVEk, PlayZ. «Kontsumoa Internetera bideratzen ari dira, eredua Netflix eta horrelakoak baitira. Gu ere bide hori lantzen ari gara: lehen produktua Gutuberrak izan da, eta espero dugu aurrerantzean gehiago egitea».

Gutuberrak websaileko istorioak oso lotuak daude gaur egungo gizarteko herritarren arazoekin. Funtsezkoa iruditzen zaio Fuentesi arazo horiei heltzea: «Fikzioa egiteko orduan, niretzat garrantzitsuena da bizi dugun mundua kontatzea, gure ikuspuntutik».

Aktore gazteen ekarpena

Gutuberrak-eko aktore protagonisten artean Lizarralde eta Beobide aritu dira, eta, haiekin batera, Axen Egañak eta lau aktore gaztek parte hartu dute: Edurne Azkarate, Liah Regalado, Ioritz Tapia eta Nerea Arrriola.

Antzerki munduan bide emankorra egin du Arriolak, eta «oso pozik» mintzatu da websail batean lan egiteko izan duen aukeraren inguruan: «Beobidek deitu ninduen, bildu ginen, eta nire pertsonaiaren inguruko jarraibide batzuk eman zizkidan. Baina pertsonaia ez zegoen erabat eratua oraindik». Lantalde osoa ezagutu zuen gero Arriolak, eta bere pertsonaiak gainontzekoekin izango zuen harremana aztertu zuten. «Erraza egin zait Ixa pertsonaia ulertzea. Gustatu zait interpretatzea nola aldatzen den pertsonaia batekin ala bestearekin solasean egon. Hori errealitatean guri ere gertatzen zaigu. Esango nuke ez dudala inoiz hain pertsonaia konplexua interpretatu; pertsonaiaren arimara joan naiz». Harreman horien guztien konplexutasuna «polita» dela iruditzen zaio aktoreari. «Ikus-entzunezkoen inguruan ere asko ikasi dut websailari esker. Orain, pelikulak ez ditut modu berean ikusten. Antzerkikoa naiz, publikoa entzutea gogoko dut, baina gustura egingo nuke lan ikus-entzunezko proiektu berrietan».

Websaila aurrera ateratzeak «ahalegin handia» eskatu diela nabarmendu du Lizarraldek. «Bide honetatik jarraitzen saiatuko gara». Fuentesek uste du EITB eragile garrantzitsua dela, baina beste mundu batzuetan begiratu behar dutela. «Kontua da guri dena euskaraz egitea gustatzen zaigula; horrek poza ematen digu, baina mugatu egiten gaitu», aitortu du Lizarraldek. «EITB da ezagutzen dugun bidea, baina beste bide batzuk bilatu beharko ditugu diru sarrerak lortzeko». Fuentesen iritziz, orain arte sektoreko bezero bakarra EITB izateak arazoak sortzen ditu. «Gutuberrak-ekin branded content estrategia garatzeko asmoa genuen, markengana iristeko. Ez genuen lortu, baina halako saiakerak egin nahiko genituzke, markekin».

[youtube]https://youtu.be/Q_M7P38vOMQ[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.