Musika

Tentsio eraldatzailea

Egunotan 50 urte bete ditu 'Electric Ladyland' lanak, The Jimi Hendrix Experiencek grabatu zuen hirugarren eta azken diskoak. Gitarristaren lanik ausart eta irekiena izan zen.

mikel lizarralde
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gutxik esan dute hainbeste hain denbora laburrean. Lau urte besterik ez zuen behar izan Jimi Hendrixek (Seattle, AEB, 1942-Londres, 1970) bere garaiko musikari estimatuenetakoa bilakatzeko; eta baita gerora nolabaiteko mito bihurtzeko ere. Heriotzak hori baitu. Bizirik irauten dutenei ukatzen zaien esparru batera eramaten du artista. Hor daude Jim Morrison, Janis Joplin eta Brian Jones; Hendrix bezala, 27 urterekin eta garai bertsuan zendu zirenak guztiak. Hil zenerako, baina, ondo irabazia zuen ospea gitarrista eta abeslari estatubatuarrak, bluesaren eta rock-and-rollaren irakurketa berritzaile eta nortasun handikoa egitegatik.

The Jimi Hendrix Experiencerekin —Noel Redding baxu jotzailearekin eta Mitch Mitchell bateria jotzailearekin osatutako hirukotea— grabatutako hiru lanen artean azkena izan zen Electric Ladyland (1968), denborarekin gitarristaren lan estimatuena bilakatu dena. Egunotan bete ditu 50 urte, eta urtemuga baliatuta, Legacy zigiluak hori ospatzeko box-set bat argitaratuko du azaroan. Jatorrizko grabazio remasterizatuaz gainera, bilduma horrek Live at The Hollywood Bowl 9/14/68 zuzenekoa, At Last... The Beginning: The Making of 'Electric Ladyland' dokumentala eta maketa eta baztertutako grabazioak jasoko dituen disko bat bilduko ditu argitalpenak.

Electric Ladyland Hendrixen lanik heterodoxoena izan zen, eta soinuekin esperimentatzeko baliatu zuen grabazioa gitarristak. Disko luze eta bikoitz gisa pentsatua, gerora klasiko bihurtutako kantuak ziren bertan (Burning of the Midnight Lamp, Crosstown Traffic, Voodoo Chile), baina baita taldearen soinua ordura arte ezezagunak zitzaizkion eremuetara eramateko ahaleginak. Eta, gainera, Bob Dylan miretsiaren kantu bat (All Along the Watchtower) ere jasotzen zuen, askoren ustez jatorrizkoa gainditzen duen moldaketan.

Emaitzak aurreikuspen guztiak gainditu zituen arren, bidea ez zen erraza izan, eta Hendrixek New Yorken eraikitako Electric Lady estudioan egindako grabazioa arazoz betea egon zen. Batetik, gitarristaren perfekzionismoak kantu batzuk 40tik gora aldiz grabatzera eraman zuelako taldea, eta, bestetik, Hendrixen eta Reddingen arteko harremana gaiztotzen ari zelako. Tentsio horrek, baina, rockaren historiako lan goraipatueneko bat eragin zuen. Gaur egun ere bere garaiko indarra gordetzen duen klasiko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.